Haurdunaldian hartu behar diren beste neurri batzuk
- LINK: Kanpo loturak (1)
Haurdunaldian ahoa asko zaindu behar da. Izan ere, haurdun dauden emakumeek karieak eta infekzioak edukitzeko arrisku handiagoa dute. Barizeak eta ildaskak azaltzeko arriskua ere badago, baina garbitasun- eta makillaje-produktu naturalak eta ez oso bortitzak erabiliz asko murrizten da. Era berean, dutxak hartzean ez da ur oso beroa erabili behar. Arrazoi beragatik, ez da komeni eguzkia denbora luzez hartzea, nahiz eta oinez ibiltzerakoan eta gehiegi hartzen ez bada mesedegarria izan.
Arropa erosoa erabili behar da, odolaren zirkulazioa zailtzen ez duena. Oinetakoei dagokienez, takoi gutxiko oinetakoak dira erosoenak. Horrelako oinetakoek bizkarra erlaxatuta eramateko erabiltzen dira.
Haurdun dagoen emakumeak eguneroko ekintzak egiten jarrai dezake, ariketa fisiko edo estres gehiegi sorrarazten ez badio. Deskantsatzeari dagokionez, gutxienez zortzi ordu lo egin behar du. Hobe da ezkerreko alderantz etzatea, postura horretan oxigenazioa hobetzen delako.
Berebilan segurtasun-uhala honela jarri behar da: uhal zeiharra bularretik eta umetoki gainetik pasa behar da, eta beheko uhala umetokiaren azpitik pasa behar da, mokorreko hezurren kontra.Drogei eta botikei dagokienez, haurdunaldian ezin da tabakorik kontsumitu, eta ezta alkoholik ere. Era berean, kafea eta tea bezalako bizigarri gutxi hartu behar dira. Jakina, drogak guztiz kontraindikatuta daude fetuarengan duten eraginagatik. Gainera, botiken erabilera medikuak gainbegiratu behar du.
Gerriko mina
Haurdun dauden emakumeak ondoezik egoten dira batzuetan, eta bosgarren eta zazpigarren hilabeteen artean gerrialdeko mina izaten dute. Min hori gutxitu egin daiteke. Horretarako, gimnasia egiteaz gain, karga pisutsuak jasotzea eta eramatea saihestu behar da eta lurreko desnibelak eta irregulartasunak ere saihestu behar dira. Lurretik gauzak altxatzeko, belaunak tolestu eta hankako muskuluek lagunduta altxatu behar dugu, bizkarra ahalik eta zuzenen mantenduz. Oro har, gerribueltako muskuluak gehiegi ez kargatzen saiatu behar dugu. Edonola ere, beharrezkoa ez denean zutik ez egotea da onena. Bestalde, deskantsatzen ari garenean bizkarralde zuzena duten eserlekuetan, hots, muskuluei eusten dieten bizkarraldea duten eserlekuetan deskantsatu behar dugu.
