UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Jaio berriaren itxura normala

Haur jaio berria helduarekin alderatzen badugu, proportzio ezberdinak agertzen ditu: burua handia du, sabelalde konkortua eta gorputzaren proportzioan beso eta hanka txikiak. Erditze-kanalean jasandako presioa dela eta, egun gutxi barru desagertzen diren buruko deformazioak eta begietako zurian hemorragia txikiak ere agertzen dira.

Aurpegia handituta dago; batzuetan, hori dela eta, haurtxoak ezin ditu betazalak zabaldu eta ahoak, "xurgatze-kailua" deituriko gogortasun bitxia azaltzen du goiko ezpainean. Gainera, hortzoietan batzuetan kiste txiki zurixkak azaltzen dira.

Azalak berezitasun ugari azaltzen ditu. Lehenengo orduetan kolore gorri bizikoa da; ondoren kolorea galtzen doa eta horixka ere jarri izaten da. Lehenengo egunetan ezkatatu egiten da, batez ere hanka eta eskuetan. Aurpegi eta garondoko erupzio txikiak eta purpura koloreko mantxak ohikoak dira, hauei "Zikoinako markak" deitzen zaie eta lehen urtean pixkanaka pixkanaka desagertzen joaten dira.

Ugal aparatuaren itxura

  • Jaio eta astebete barru, neska askok amaren hormonen eraginagatik gertaturiko "hileko" txikia azaltzen dute. Baginatik muki zuriaren sekrezioa maizago gertatzen da, zelulak izaten duten ohizko ezkatatzea dela eta.
  • Amaren hormonen eraginaren beste ondorioa, mutil zein neskek bularrak handituta azaltzea da eta batzuetan esne tantak bota ditzakete; hau, herrian sorgin-esnea bezala ezagutzen da.
  • Mutilek fimosia izan dezakete, hau da, prepuzioa glandeari itsatsita daukate. Hau normalean bakarrik zuzentzen da, interbentziorik gabe. Barrabilak, progresiboki birxurgatzen joaten den eta bere eskroto-poltsa oso puztua egotea eragiten duen likidoaz inguratuta egoten dira.