UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Jaio berriaren zaintza

Elikadura

  • Amaren esnea da egokiena zalantzarik gabe. Haurraren behar bezala haztea lortzeko beharrezko substantzia guztiak dauzka (proteinak, burdina eta asegabeko gantzak) eta bizitzako lehen hilabetetan infekzioen aurka babesten du. Gainera, edoskitze naturala amaren osasunerako ere ona da, bularreko minbizia izateko arriskua murrizten baitu, eta umetokia eta emakumearen pisu normala berreskuratzeko mesedegarria da.
  • Edoskitze artifizialak amari askatasun handiagoa ematen dio, haurtxoari biberoia edonork eman baitiezaioke. Gainera, bularreko haurrak hartutako esnea zehazki neur daiteke.
  • Beste aukera edoskitze mistoa da, bularra eta biberoia konbinatuz; gomendagarria da amak lanera itzuli behar duenean edo behar adina esne ez daukanean.

Azala

Haurtxoaren azala etengabe zaindu behar da, oso delikatua da eta gainera sarritan narritadurak izaten ditu. Horregatik, hainbat aholku kontuan izatea garrantzitsua da: pixoihala gutxienez egunean sei aldiz aldatu behar zaio, xaboiak neutroa izan behar du eta urak epela, krema hidratatzaileak erabili behar dira eta ez koloniak; bestetik, zuntz naturala duen arropa jarri behar zaio.

Edoskitze guztiek dituzte eragozpenak

  • Amaren edoskitzea. Amarekiko erabateko dependentzia, bularreko haurrak harturiko esne kopurua ezin da jakin eta bularretan arazo txikiak sor daitezke, erroitzak edo mastitisa bezalakoak.
  • Edoskitze artifiziala. Esne hau digeritzen zailagoa da, garestia da, prestatu egin behar da, berotu eta esterilizatu, eta gehiegi elikatzeko eta gaizki prestatzeko arriskua dago. Behi-esnearekiko alergia erreakzioaren arriskua amaren esnekikoarena baino handiagoa da.
  • Edoskitze mistoa. Edoskitze artifizialaren eragozpenei, haurtxoak bularrari uko egitearen aukera erantsi behar zaio, beretzako errazagoa baita biberoi-muturra xurgatzea. Horrekin batera, amak esne gutxiago ekoizten du, bularraren xurgatze-eragina murriztu egiten delako.