UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Gorabehera txikiak

Hesteetako gorabeherak

Hauek bereziki amaren edoskitzea uztean gertatzen dira (amaren edoskitzeak hestea babesten du) eta beherakoekin hasten dira. Kasu hauetan garrantzitsua izaten da haurra hidratatuta mantentzea.

Sukarra

Ez dauka garrantzi handiegirik, neurrizko baloretan mantentzen bada. Kasu honetan, haurtxoari likidoak eman behar zaizkio ez deshidratatzeko, eta beharrezkoa da arropa gehiegi ez janztea. Sukarra jaisteko modu eraginkorra haurrari kopetaren gainean eta gorputzean bustitako toailak jartzea da. Zuhurtasunagatik, hobea da pediatrarengana joatea.

Loa

Hiru hilabete izan arte, haurrak ia egun osoa ematen du lotan, goseak soilik esnatzen duelarik. Lau hilabetetik aurrera bakarrik hasten da helduaren antzerako lotarako ohiturak hartzen, nahiz eta ordu gehiagoko atsedena behar izan. Komenigarria da bost eta zortzi hilabeteren bitartean gurasoen logela uztea.

Negarra

Negarra, haurtxoak espresatu eta komunikatzeko duen era bakarra da, bere hizkuntza baita. Haurrak hiru hilabetetatik aurrera soilik ikasten du beste era batzutan komunikatzen (keinuak, irribarreak, hitzak), eta horrela, negarraren maiztasuna gutxituz doa. Hauek izan ohi dira arrazoiak: gosea, ondoezak, nekea edo bakardadea.

Maiztasun gutxiagoko beste arrazoi bat bularreko haurraren kolikoa jasaten egotea izan daiteke, batez ere arratsaldeko azken orduetan baldin bada. Hestearen espasmoek sortutako mina izaten da; bere azken arrazoia ez da ezagutzen, lau aste eta hiru hilabeteko adinaren artean gertatzen dira.