UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Lau eta sei hilabete bitarteko elikadura

Lau-sei hilabete betetzen dituenean, bere elikadura naturala nahiz artifiziala izanik ere, bularreko umeari burdina eta bitaminak ematen hasi behar zaizkio, ama esneak urri baitu hor.

Horretarako jarraipenerako esneak edo formulak daude, haurrak bi edo hiru urte dituen arte esne-ekarpen gisa mantendu daitezkeenak, esne osoarekin ordezkatzen diren arte. Amaren esnetik jarraipen-esneetarako aldaketa hori apurka-apurka egin behar da, amak pixkanaka utz diezaion bularretik esnea jariatzeari, minik izan gabe.

Era berean, 4. hilabetetik aurrera, esneaz gain, beste janari batzuk ere ematen has daiteke. Dibertsitate hori pediatrak kontrolatu behar du, gabeziarik egon ez dadin, baina ez dago inolako arrazoirik janari batekin edo beste batekin hasteko. Dena den, banaka hasi behar da balizko alergiak antzematearren.

Ohizkoena, biberoi hartualdi bati glutenik gabeko irina (arroz-irina edo arto-irina) gehitzea da, normalean goizean, eta gero gauean. Irin horrek ahiaren loditasuna ematen dio hartualdiari, eta, haurra horretara ohitu ahala, beste zenbait osagai gehitu ahal izango zaizkio ahiari, esate baterako frutak eta barazkiak, betiere kantitate txikiekin hasita. Koilaratxoaz ere jaten ematen has gaitezke. Glutena, gari-irinean aurki daiteke gehienbat, eta seigarren edo zazpigarren hilabetetik aurrera ematen hasi daiteke.

Haurrak dieta-aldaketa horiei uko egin diezaieke, zenbait zaporetara ez baitago ohituta. Hori saihesteko, janari berriak erabat urtuta eman ahal zaizkio, horien kontzentrazioa pixkanaka gehituz, haurra ohitzen den arte.

Umearen dieta

Haurrak sei-zortzi hilabete betetzen dituenerako bere elikadura era askotarikoa izan behar du. Orientazio gisa, bere menua honen antzekoa izan daiteke:

  • Bi jarraipeneko esne-hartualdi, glutenik gabeko irinarekin.
  • Fruta-ahi bat, esne-biberoi batekin.
  • Barazki-purea, egosi eta birrinduriko oilasko edo haragi 20-30 gramorekin.
  • Aukerazko esne-hartualdia (5.a izango litzateke) gauean, haurrak hala eskatzen badu.
 

Gluten

 

Glutena osagai proteinikoa da eta zereal guztietan aurkitu daiteke, arrozean eta artoan izan ezik. Bi proteinaz osaturik dago: horietako bat gliadina da, eta zenbait pertsonari alergia eragin diezaieke, zeliakia izeneko gaixotasuna sortuz. Gaixotasun hori gaztetan garatuz gero, oso larria izan daiteke, beraz glutena ematea saihestu behar da haurrak sei-zazpi hilabete dituen arte.