Zer egin asfixia gertatzean
Asfixia, biriketan airea sartu ezin eta zainetan zehar doan odolak oxigenorik hartzen ez duenean gertatzen da. Ehunetako oxigenazio faltak, garunean konpon ezinezko kaltea eragin lezake, baina arnasketa artifizialera jotzen badugu, ekidin daiteke.
Arnasketa artifiziala hainbat motatakoa izan daiteke. Praktikoena, urgentziazko suspertze batean, ahoz ahoko prozedura litzateke. Prozedura horrela da:
- Hasteko, suspertzaileak arnasbidea oztopatzen duen ezer ez dagoela ziurtatu behar du eta egongo balitz, hura kendu egingo luke.
- Istripua jasan duenaren burua atzeraka jartzen da, mingainak laringea tapatu ez dezan; operazio hau behar bezala egiteko, esku batez kokotsa goraka botatzen da eta bitartean, bestearekin kopeta atzeraka mugitzen da.
- Suspertzaileak, zaurituaren ahoan airea presioz botatzen du, bere birikak betetzeko asmoz. Ondoren, sudur zuloak tapatzen ditu, hatzekin pintza eginez; arnasa sakon hartzen du, bere ahoa biktimarenean aplikatu, eta haizea gogoz botatzen du, toraxa betetzen zaiola egiaztatu arte. Ondoren, bere ahoa kendu, eta zaurituak airea botatzen duela ziurtatzen da.
- Ekintza hauek, aldizka egiten jarraitu behar da, haur batekin 20 aldiz minutuko eta helduekin, 12 aldiz minutuko.
Arnasbideak libre egongo ez balira, suspertzaileak istripua jasan duenaren postura begiratuko du. Horrela lortzen ez badu, gorputza alborantz jartzen da (alborantz etzanda), eta omoplatoen arteko gunean kolpea ematen da, horrela bronkioak libratuz. Hori guztiaren ondoren, berriro egingo da ahoz ahoko arnasketa.
Itolarria sortzen duten egoerak
- Itolarriak, gasek eraginiko pozoitzeak, narkotiko gehiegi hartzeak, elektrokuzioak, gorputz arrotzek arnasbideak ixteak eta itotzeak asfixia eragin dezakete.
- Arnas etenaren ondoren, era artifizialean aireztatzen ez bada, pertsona gehienak lau edo sei minuturen buruan hiltzen dira.
- Itotze-egoera baten aurrean, beti arnasketa artifiziala egiten saiatu behar dugu, baita istripua jasan duenak bizi-aztarnarik gabe minutu batzuk ematen baditu ere. Hogeita hamar minutu baino gehiago ur azpian iraun duten hainbat pertsonen kasuak ezagutzen dira, zianetikoak eta suspertze aukerarik gabe itxuraz, soroslearen lehenengo saiakerei ongi erantzun dietenak.
