Gabonetako zozketan sarituak diren dezimoen % 8 eta % 10 bitartean ez dira kobratzera heltzen, galdu egiten direlako, kobratzeko epea amaitzen delako eta askotan, sari txikien kasuan batez ere, saria jasotzera joatea ahaztu egiten zaigulako, www.ventura24.es Internet atariak egindako azterketa baten arabera.
Izan ere, zozketa egiten denetik hiru hilabete pasatzen direnean dezimoa kobratzeko epea bukatu eta saria lortzeko eskubidea galtzen da. Sarituak kobratzera joaten direnean ohartzen dira datu honetaz, dagoeneko berandu denean.
Konponbiderik ez duen beste arazo bat dezimoa galtzea da. Hau gertatzen denean eta dezimoa saritua denean, saria kobratzeko aukera desagertu egiten da, horretarako dezimoa aurkeztea ezinbestekoa baita.
Bestalde, zenbaitetan saria kobratu egiten da, baina ez du dezimoak erosi duenak kobratzen, lapurreta gertatzen den kasuetan esaterako. Egoera horrek ere konponbide zaila du, izan ere, "salatzeko eta frogatzeko egoera oso zaila" da. Dezimoak eramailearen agiriak dira eta kobratzeko aurkezten duen pertsona da haren jabea legearen aurrean.
Alternatiba gisa Internet bidez dezimoa erostea proposatzen du Ventura24 atariak. Sistema hori dezimoak saltzeko erabiltzen duten enpresek automatikoki saria erabiltzaileak agindutako kontu korrontean sartzen dute edo zozketa izan baino lehen dezimoa kutxa gotor batean gordetzen dute.


Erantzun