Wikipediak Jean-Marie Gustave Le Clèzio idazle frantziarraren "heriotzaren" berri eman zuen; saria lortu zuela jakin eta bihotzekoak eman ziola adierazi zuen Interneteko entziklopediak.
Suediar akademiak 13:00etan eman zuen 2008ko Literatur Nobel saridunaren izena. Entziklopediaren gaztelaniazko bertsioak berehala gehitu zuen informazio hori idazlearen biografiara: "2008an, iragarpen guztien kontra, Literatur Nobel Saria lortu zuen".
13:00etan, "wikipediar" batek, entziklopedian artikuluak sortzen dituen ohiko kolaboratzaile batek, honako hau idatzi zuen: "Saria jaso zuela entzutean, bihotzekoak eman zion, eta Parisen ospitaleratu zuten. Bertan zendu zen 13:05ean".
Eskainitako informazioa okerra zenez, bi minutu beranduago zuzendu egin zuten. Dena dela, wikipediarrak berriro sartu zuen Nobel sariduna hil zela zioen berria. Gainera, biografian Frantziako presidenteak idazlearen senideei doluminak helarazi zizkiela aipatu zuen. Hiru minutu beranduago informazio okerra berriro ezabatu zuten.


Erantzun