Informazioaren super-autobidea
Internetek aisialdirako eskaintzen duen lehenengo aukera munduan gertatzen denari buruzko informazioa lortu ahal izatea da. Sareen sare den honen bidez, distantzia edo denbora bezalako kontzeptuak desagertuz doaz.
Interneti esker, lehen gutxi batzuen esku zeuden ezagutzak eskura ditzakete milioika pertsonek. Beste berritasun handi bat informazioaren aniztasuna da. Inork ez du sarea kontrolatzen, onerako edo txarrerako. Mota guztietako eta ideologia guztietako notiziak eta berriak aurkituko dituzu.
Bestalde, ikus-entzunezko informazioak ere badu tokia ziber-espazioan. Munduko irrati eta telebista garrantzitsuenak Interneten daude, eta zure ordenagailutik sartu eta, gainera, zure programa gustukoenetan parte har dezakezu, on-line dauden txaten bidez.Bestalde, atal berezia merezi dute iritzi-foroek; aldez aurretik ezarritako gai baten inguruan eztabaidatzeko guneak dira. Edozein ataritan daude, hasierako orrian, eta normalean beharrezkoa da izena ematea foro horien edukian sartu aurretik.
Super-autobidearen arriskua desinformazioa da. Sarean argitaratzen den guztia ez da egia, baina badirudi informazio hori sareak berak bermatzen duela. Horrela, zurrumurru, gezur eta guztiz faltsuak diren informazioak benetan bizkor transmititzen dira.
Interneteko idazkera
Sarean, idatzitako orrien pareko liratekeen pantailatan agertzen da informazioa. Hizkuntza zuzenagoa eta zehatzagoa erabiltzeko joera dago, jendeak, oro har, mezu motzagoak eta laburtuagoak irakurtzea nahiago duelako.
Hizkuntza propio bezala, Internetek emotikonoak ditu. Ortografia-ikurrak dira, eta sentimenduak adierazteko balio dute. Arlo honetan Internetek egin duen beste ekarpen bat link-ak edo estekak dira. Klik bat besterik egin gabe orri batetik bestera joan zaitezke informazio osagarrietara iritsi ahal izateko.
Erabiltzaile kopurua
Global Reach-en arabera, mundu osoko 513 milioi pertsona baino gehiagok dute sarerako sarbidea. Hortik, 180 milioi estatubatuarrak dira, 154 milioi, europarrak eta 143 milioi, asiarrak. Rankingaren beste muturrean Afrika dago, lau milioi zibernauta besterik ez baititu.
