Ziber-espazioan erosketak egiten
- EXTRA: SSL sistema
Herritar gehienentzat, erosketak egitea denbora pasa gogokoenetakoa da. Ildo horretan, Internetek shopping ('erosketak') egiteko aukera berriak eta eraginkorrak eskaintzen ditu. Zer erosi nahi dugun edota egunez nahiz gauez erosi nahi dugun ez du axola. Klik bakar bat eginda merkataritza elektronikoak bere agerpena egiten du. Hona hemen abantaila nagusiak:
- Erosotasuna: ez dago mugitu beharrik, etxetik edo bulegotik edozein ordutan eros baitaiteke.
- Lastertasuna: minutu batean, Galiziako mariskoa saltzen duen orri batetik argitaratutako azken liburua eskaintzen dizun beste orri batera joan zaitezke.
- Prezioa: zenbait artikulutan (bidaietan batez ere), salerosketa zuzenean egiten da ekoizlearen eta bezeroaren artean. Horri esker, produktuaren azken prezioa asko murrizten da.
- Konfidentzialtasuna: inork ez daki nork zer erosten duen, ezta noiz erosten duen ere.
Alde txarrei dagokienez, merkataritza elektronikoaren behaztopa-harria segurtasuna eta mesfidantza dira. Kreditu-txartelekin iruzurrak egin izan dira, eta erosi eta gero inoiz ere iritsi ez diren produktuak ere izan dira, bai eta arrastorik utzi gabe desagertu diren enpresak ere. Oso merkatu berria delako eta arautzen oso zaila den merkatua delako gertatu da hori, bai eta oraindik herrialde bakoitzeko arauen menpe dagoelako ere.
Hona hemen sarean erosketak egiteko zenbait gomendio: saltzaileari buruzko informazio zehatza edukitzea, SSL sistemarekin babestutako zerbitzari seguruetan erostea, produktuak bermerik duen eta zenbat denborako bermea duen berrikustea, eta produktua nola bidaliko dizuten egiaztatzea (batez ere jatorrizko herrialdetik kanpo erosten bada).
Interneten erostean, ezin duzu bidalketa-gastuak eta zergak ahaztu, eta gaizki dagoen produktua itzultzeari buruzko informazioa eduki behar duzu.
Merkataritza elektronikoa
Gaur egun, merkataritza elektronikoak ia 28.250 milioi euro mugitzen ditu Espainian, Erosketen eta Zerbitzuen Zentralen Espainiako Erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera. Hala ere, hori ez da guztia, datozen bi urteetan %100 igotzea aurreikusi baita.
Gehien erosten diren produktuak
Nielsen y CommerceNETen arabera, mundu osoan sarean gehien erosten diren produktuak honakoak dira, hurrenkera honetan: diskoak eta liburuak, turismo paketeen erreserbak, elikagaiak, botikak eta edari alkoholdunak. Ikerketa horren arabera, zibernauten %20 baino gehiagok ez du ezer ere erosten sarearen bidez.
