«« Itzuli
Ziber-espazioan erosketak egiten
SSL sistema
Duela gutxi arte, sareko bezeroen beldur handiena kreditu-txartelaren zenbakia dendara iritsi aurretik besteren batek atzematea izaten zen. Hala ere, arrisku hori gainditu egin da, SSL (Secure Sockets Layer) segurtasun-teknologiari esker. Beraz, erosketak egitera joatekotan, teknologia hori dutela egiaztatu behar duzu. SSL sistemak dendako ordenagailuaren eta eroslearen ordenagailuaren artean konexio segurua sortzen du, datu guztiak kodetu eta enkriptatu egiten baititu, eta horrela ezin baitira irakurri.
Web gunea SSL sistemarekin babestuta dagoenean, nabigatzailearen eskuineko aldean itxita dagoen giltzarrapoaren ikonoa azaltzen da. Gainera, web gune horren helbidea ez da http: adierazpenarekin hasten. Horren ordez, bi puntuen aurrean s letra idazten da eta honela gelditzen da: https:.
Master Card enpresak SSL babeserako sistema ez duten web guneetara kreditu-txartelaren zenbakia ez bidaltzea gomendatzen du. Era berean, posta elektronikoz ez bidaltzea gomendatzen du, posta elektronikoa kodetu gabe baitago.Filadelfian argitaratutako Knigth Rider albiste-sistemaren ikerlan baten arabera, 1997. urteaz geroztik ez da Internet bidez kreditu-txartelari buruzko informazioaren lapurreten salaketarik egon, SSL linearekin informazioa erabiltzen zenean. Era berean, erabiltzaileei ez zaie ezbeharrik gertatu.
