Estas en:
Hirupedia

Elorrio

FITXA

Nombre: Elorrio

Localidad: Elorrio

Comarca: Durangaldea

Provincia: Bizkaia

Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Tello kondeak, Bizkaiko jaunak, Logroñoko Forua eman zion Elorriori, eta halaxe sortu zuen hiribildua, 1356an. Defentsa beharrei erantzuteko sortu zuen, San Agustin Etxebarriako lurretan (Zumelegi haranean) sortu ziren arazoak zirela medio (hantxe zegoen Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko muga). Hiribildua eraikitzeko, Zumelegi ibaiaren ingurua baliatu zuten, eta, hala, ibaia bera babes erreten modura erabili ahal izan zuten.

Jatorrian, hirurogei eraikinek osatzen zuten hirigunea, eta bi kale paraleloren inguruan zeuden antolatuta (zeharkale txiki batek lotzen ditu bi kaleak). Etxe multzoak bi ilaratan jarriak daude barruko aldean, eta ilarra bakarrean lau muturretan.

XV. mende bukaeratik aurrera, biztanle kopurua handitu egin zen, eta hiribilduan elkartzen ziren bideen bazterretan errebalak sortu zituen jendeak. Hirigunea erdian, eta errebalak bazterretan, izarraren itxura hartu zuen Elorriok. Harresitik kanpo eraiki zuten lehen eraikina eliza izan zen, hiribilduko eliza (1459an hasi ziren eraikitzen).

Errebaletan, Erdi Aroko etxeak eta jauregiak ikus daitezke (XVIII. mendean hartu zuten indar gehien era horretako eraikinek). Mende horren bukaera iristerako, Elorrioko gune historikoa bukatua zegoen: jatorrizko gunea eta bazter auzoak biltzen zituen.

Harresi batek inguratzen zuen Elorrio, eta sei sarbide edo ate zituen. Harresi hori XIX. mendean bota zuten, eta egun arrasto gutxi batzuk besterik ez dira geratzen: Erreka kaleko zenbait etxeren atzeko aldea harresi haren zatia da.

Industrializazioak gauza asko aldatu ditu, baina Elorrioko gune historikoaren hiri egitura ez da aldatu. Jatorrizko gune izan zen hark bi kale ditu egun ere, Erreka eta On Tello, eta zeharkale bat, bi kaleak lotuz (Iñurrieta kalea). Erdi Aroko etxe multzoak ere orduko egitura dute (aurrealde estua eta hondo sakona), baina, nagusiki, XIX. mendeko eraikinak ageri dira: bi eta hiru solairutako etxeak, lehen solairuan balkoiak dituztela, eta bigarrenean ere bai batzuek.

Elorrioko gune historikoaren berezitasuna, ordea, jauregietan dago. Asko eta ederrak ditu. Horietako gehienak estiloz klasizistak eta barrokoak dira, eta harresiz kanpoko errebaletan eraiki zituzten. Hona horietako batzuen izenak: Urkizu jauregia (Tola etxea deitzen diote), Zearsolo-Untzeta (edo Jara etxea), Arespakotxaga-Mendibil, Aldapabeitia, Esteibar-Arauna, Arabio-Etxebarria...

Jauregiez gain, Andre Maria Sortzez Garbiaren eliz parrokia ere nabarmentzeko modukoa da, eta beste hauek ere bai: Santa Ana komentua, udaletxe barrokoa, Kurutziagako gurutze ederra, hiribildura sartzeko ateak, iturri rokokoak...