Estas en:

Tolosa

Hirupedia

Tolosa

FITXA

Nombre: Tolosa

Localidad: Tolosa

Comarca: Tolosaldea

Provincia: Gipuzkoa

Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Tolosako hiribilduak garrantzi berezia eduki du Gipuzkoaren historian. Alfontso X.a Jakintsuak sortu zuen, 1256an. Gipuzkoa Gaztelak bereganatu zuenetik (1200. urtean izan zen hori), herrialdea antolatzeko proiektua jarri zuten abian, eta testuinguru horretan sortu zen Tolosa. San Adriango eta Leintz Gatzagako pasabideak erabiltzen zituzten Gaztelatik zetozenek, eta bide horien jarduera bermatzeko, Tolosa sortzea erabaki zuten; horretarako, eta Nafarroara zihoazen bideak zaintzeko.

Hiribildu gotortua izan zen Tolosa, eta gune militar garrantzitsua. Araxes, Berastegi eta Oria ibaiek bat egiten duten inguruan dago hirigunea, zabaldi handi batean. Sei kale ditu, eta zeharkaleak batetik bestera. Almendra baten itxura du egun, eta horrek pentsarazten digu jatorrian eremu txikiagoa hartuko zuela. Badirudi, Erdi Aroan bertan handitu zutela, eta, itxuraz, egun hirigunea den eremu guztia egon zen harresiz inguratua. Suteek eta uholdeek kalte handia egin izan diote mendeetan, eta, batik bat, XIX. mendeko gatazkek. Hala ere, kaleen ibilbidea eta hiri antolamendua Erdi Aroko berak dira gaur ere.

Badirudi, jatorrizko hiriguneak hiru kale izan zituela; ardatza erdian (Kale Nagusia) eta kale bat albo bakoitzean. Bi kale horietako bat desagertu egin zen hiribildua handitu zutenean (Korreo, Errementari eta Arostegieta kaleak sortu ziren orduan), eta egun kale bakarra dago jatorrizko bi haietatik, Agintari kalea. Kale horren eta Oria ibaiaren artean, Andre Mari kalea dago (Agintari kalearekin paraleloa da).

Hiriguneko plazarik zaharrenak Andre Maria eta Plaza Zaharra dira (azken hori handitu egin zuten XVII. mendearen bigarren erdian). Berdura Plaza izenekoa ere, XVII. mendekoa da. Hiriguneak badu beste plaza bat ere, Gorriti plaza, Kale Nagusiak, Enperadore kaleak eta Korreo kaleak bat egiten duten lekuan, hain zuzen.

Tolosako hiriguneko eraikin gehienak XX. mendekoak dira, eta arkitektura modernistaren adibide aipagarriak ere badaude. Etxe multzoetan, lau eta bost solairukoak dira etxeak, XIX. eta XX. mendekoak gehienak. Erdi Aroko zenbait eraikinez gain, Pizkunde garaiko batzuk ere badaude, baita eraikin barroko eta neoklasikoak ere. Historia eta arkitektura ikuspegitik, honako eraikin hauek nabarmendu behar dira: Santa Maria eliz parrokia (gotikoa da, eta hirigunearen bazter batean dago), Andia, Atodo, Idiakez jauregiak, bi udaletxeak eta Gaztelako Atea.

Korrejidorea, beste zenbait lekuren artean, Tolosan ere bizi izaten zen. XIX. mendean, 1844 eta 1854 artean, Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zen.