Antzinako Egiptoko artea (I)
- TEST: Egia edo gezurra?
Gizartea
Oso gizarte hierarkizatua garatu zen Egipton. Piramidearen erpina faraoiak hartzen zuen, guztien arabera ahalguztidun eta sakratua. Apaizek eta eskribek osatzen zuten gizarte piramideko hurrengo maila; beheragoko maila bat gerrariek, nekazariek eta eskulangileek osatzen zuten, eta, azkenik, beherengo maila, esklaboek, biztanleetan ugari. Berauek, hain zuzen ere, Egiptoko lan erraldoi arkitektoniko eta eskultorikoak eraman ohi zituzten aurrera. Bestalde, kulturaren garapena, arte ekoizpena baldintzatuko zuena, oparoa zen. Egiptoarrek idazteko sistema oso eta betea zeukaten, hieroglifikoa, eta nekazaritza teknika aurreratuak eta nabigatzeko arteak ezagutu zituzten.
Erlijio sinesmenak
Zalantzarik gabe, erlijioa da Egiptoko artearen oinarrizko ildoak ulertzeko funtsezko faktorea. Gurtzen ziren jainko ugariak animaliak ziren. Mendeak joan, mendeak etorri, jainkoak giza irudi edo hibridoak hartzen hasiko ziren, baina animalien izaera bertan behera utzi gabe. Erlijio mota hori funtsean tokikoa zen: herrixka bakoitzak bere jainkoa eta zegokion lurraldeko jainkotasuna gurtzen zituen. Herrialdea bat egitearekin batera, antzeko jainkoak izen eta sinbologia bere azpian multzokatzeko joera hartu zen. Horrela, adibidez, belatz itxura zeukaten guztiak Horus bihurtu ziren.
Jainko kosmikoak gurtzeko ohitura ere sartu zen, adibidez, Ra (Eguzkia). Eguzki jainkotasun honek Akenatonekin (K. a.ko 1367tik 1350ra bitartean) garrantzi berezia bereganatu zuen. Faraoi izan zen bitartean, Akenatonek Aton jainkoan, eguzki-diskoan, ardazturiko monoteismoa ezarri zuen.
Hala eta guztiz ere, arte ekoizpenaren ikuspegitik, Egiptoko artearen zati handi bateko iradokitzaile nagusia Osiris izan zen, hildakoen jainkoa. Harantzagoko bizitza batean sinesteak erlijio- edo hilobi-eginkizunetarako eta faraoiaren figura goresteko artelanak baldintzatu zituen.
Behin betiko iraunarazteko eta haraindiko bidaia egiteko baltsamatu eta momifikatu ohi zituzten faraoiak eta goi agintariak. Bere estatua eta erretratu propioekin batera ehorzten zuten, izan ere, bizitzari eusteko eratzat hartzen ziren. Kutun eta objektu pertsonalekin ere lurperatzen zituzten, naturaz gaindikoan erabilgarriak zirenak.
Emakume apaiz baten momia eta sarkofagoa, XXI. dinastiari zegokiona eta Tebastik zetorrena.
Arkitektura
Antzinako Egiptoko arkitekturaren bereizgarri nagusiak lerro soilak, handitasuna eta nonahiko erlijiotasuna dira. Eraikinak ateburudun edo arkitrabatuak dira, arkurik edo gangarik gabekoak. Zutabeak ugari erabiltzea gailentzen zen, fuste liso edo faszikulatukoak, askotariko kapitelekin, hain zuzen ere. Beste osagai iraunkorra ilunantza da, zeinek giroei sakratutasun eta misterio handiagoak ematen baitzizkien.
Abul Simbelgo Hatorren tenplua, K. a. ko XIII. mendea.
Tenplua
Jainkoaren "eguneroko bizitzarekin" zerikusia duten erritoak ospatzeko tokia da. Hala ere, bertan zeremonia publiko eta politiko handiak ere ospatzen ziren.
Egiptoko tenpluak harresitutako esparrua agertzen du, ezponda altu samarrean igotako pilono edo murruekin. Berauen aurretik erregeen obelisko edo estatua handiak eraiki ohi ziren, eta beraien hormetan faraoiaren hainbat balentria irudikatzen zituzten erliebeak tailatzen ziren. Murruen barrualdean, patio handi bat zabaltzen zen, eskuarki arkupez inguratutakoa. Sala hipostiloa tenpluko alderik sakratuenera sartzeko aurreko espazioa da, eta sabai lau bati eusten dioten landare eiteko zutabe oihan batez osatuta dago. Azkenik, iluntasuna nagusia zen areto itxi bat zegoen: santutegia edo sancta sanctorum zen, non jainkoaren estatua zaintzen baitzen.
Hilobi monumentuak
Egiptoko hileta arkitektura oparoaren oinarrizko motak honako hauek dira: mastaba, piramidea eta hileta tenplua.
- Mastaba angelu zuzeneko egitura bat da, sei bat metro luzeko horma mailakatuak dituena. Barruko aldean lurpeko ganbera batzuk dauzka. Bertan, sarkofagoa hildakoaren gorpu momifikatuarekin uzten zen. Lurraren mailaren gaineko beste ganbera batzuetan karen estatua ipintzen zen, hau da, hildakoaren arima hilezkor edo bizi-indarra.
- Mastabaren bilakaera gisa, III. dinastian, Zoserreko piramidea, Saqqaran, eraiki zen. Imhotepek, bere arkitektoak, mastabaren lehenengo proiektu bati sei mailako piramide bat gainjarri zion. Mastabak, ohikoa zenez, lau puntu kardinaletara orientaturik zeuden. Labur samartzat jo daitekeen epe batean, piramide honen eredua garatu eta IV. dinastiako berebiziko piramideak sortu ziren: Keops, Kefren eta Mikerinos, Gizehn.
- Faraoiaren hilobia haraneko tenpluaz, igotzeko galtzadaz, hilobi- edo eskaintza-tenpluaz eta hilobiez osatutako multzo baten zati zen. Bertan, haraneko tenpluan, baltsamatzeko erritoak gauzatzen ziren. Hilobiak profanatzeko beldurrez, Tutmosis I.aren geroztik, faraoiek basamortuko labar harritsuak aukeratu zituzten beren azken egoitza ezkutatzeko. Erregeen Harana deritzon parajean kokaturik, hilobi tenpluaren ikaragarritasun arkitektonikoa bazter geratu zen.
Piramide baten barrualdeko eskema.
Animaliak gurtzea
Horus jainkoaren irudikapena, Edfun.
Hauexek izan ziren animalia gurtuenak: Khunm, aharia, eta Apis, zezena.
Apaizak eta arteak
Apaizen leinuaren botereak Egiptoko historia osoan zehar iraun zuen. Arte arloan izan zuen eragina erabakigarria izan zen, izan ere, lanen ugazaba, intendente eta ikuskatzaile jardun ohi zuten.
Abu-Simbelgo tenpluak
Ramses II.ak luzaro faraoi izan zen bitartean, lan arkitektoniko ugari eta kolosalak zaharberritu eta eraikiarazi zituen. Abu-Simbelen (Nubia) bi labar-tenplu handi hondearazi zituen, estatua erraldoiekin.
Tutankamonen hilobia
Tutankamon (K. a.ko 1339 urtearen inguruan hila), bere hilobia arpilatu gabe gorde denez gero, Egiptoko faraoirik ospetsuenetariko bat da. 1922an Lord Carnavon (1866-1923) eta Howard Carter (1873-1939) arkeologo britainiarrek Erregeen Haranan ehortz-tokia eta ganbera ugari aurkitu zituzten ukitu gabe. Bertan, faraoiaren sarkofagoaz eta momiaz gain, bitxi altxor bat eta artelanak zeuden.
