Antzinako Egiptoko artea (II)
- ANIMAZIOA: Piramide mailakatu baten eraikuntza-prozesua
- TEST: Egia edo gezurra?
Eskultura
Egiptoko eskultura bereziki errealismotik aldentzen da. Idealizatutako mundua ematen du aditzera eta beti estereotipoen araberakoa izaten da. Beraietatik nabarmena irudien frontaltasuna da. Tenpluetan eraikitako faraoien eskulturak kenduta, Egiptoko estatuagintza batez ere hilobietan garatu zen. Izan ere, heriotza etorri ondoren, ka, hau da, zendutakoaren bizi indarra, bere hilobian irudikatzen zuen eskulturara iragaten zen.
Estatuagintzaren bilakaera
- Antzinako inperioan (K. a.ko 2850-2615 urteen arteko III-XI. dinastiak) batik bat, ka jasotzeko asmoa duten estatuak zizelkatu ziren. Zenduaren hazpegiak kopiatzeko nolabaiteko joera zegoen.
- Inperio ertainean (K. a.ko 1991-1570 urteen arteko XII-XVII. dinastiak) irudikatutako konbentzionalismoak handiagotu eta areagotu egin ziren. Faraoiek molde ofizialeko eskultura-eraikuntza erraldoiak tailarazi zituzten beren eraikin kolosaletarako. XII. dinastiaren amaieran, soilik, zahartze fisikoa agertzen zuten hazpegiak adierazten hasi ziren. Estatuagintza pribatuan bloke-estatuak ziren nagusi. Mantu batean bildu eta belaunei eutsirik zegoela, jesarritako gizon baten irudia irudikatzen zuten estatuok. Botozko estatuak dira, batez ere tenpluetan aurkitu izan direnak, adibidez, Osirisena, Abidosen.
- Bigarren aldi ertainak eta inperio berriaren hasierak (K. a.ko 1570-1065 urteen artean, XVIII-XX. dinastiak) faraoien politika espantsionista eta gerrazalea izan zuten ezaugarri. Berau Tutmosis III. (K. a.ko 1490-1436) eta Ramses II. (g.g.b. K. a.ko 1301-1325) faraoien garaietan punturik gorenera iritsi zen. Aldi hartan, proportzioak handiagotu ziren eta gauzatutako lanek fintasun eta sentsualtasunarekiko gustu orokorra iradokitzen zuten.
- Tell El-Amarnaren estiloa Amanofis IV.aren garaian (K. a.ko XIV. mendea) garatu zen arte joera bat zen. Akenaton izena hartuko zuen geroago faraoi horrek. Aldi hartan gai berriei heldu zieten. Gaiok originaltasun eta errealismo berriztatzaile batez tratatu zituzten. Era berean, perspektibara hurbiltzen ziren irudikatzeko erak egiten saiatu ziren.
Nefertiti erregina, Amenofis IV. faraoiaren emaztea (K. a.ko XIV. mendea) (Charlottenburgeko Museo Egiptoarra, Berlin).
V. dinastiari (K. a.ko 2300 urtearen inguruan) dagokion karea polikromatuzko eskultura (Metropolitan Museum, New York).
Antzinako Egiptoko pintura eta erliebeak
Forma guztiak bi dimentsioko irudikapen batera laburbiltzea da Egiptoko pintura-artearen bereizgarri nagusia. Oro har, soina aurrez irudikatzen zuten, burua soslaiz, begia aurrez eta zangoak ere soslaiz. Irudiek ikuslearengandik urrunen dagoen zango edo besoa aurreratzen dute eta gehientsuenetan beren gorputzaren eskuinaldea erakusten dute.
Inperio ertainean, erliebeak ez ziren hain ugariak eta pinturek ordezkatzeko joera izan zen. Horiek lekeda disolbagarriz aglutinatutako pigmentu naturalez gauzatzen ziren. Hilobien azal bertikalez osatutakoa zen euskarria, estukoz prestatuak. Ez zen jotzen, ez ñabarduretara, ez itzaletara, animalien ilajeek edo lumajeek baizik ez zuten lausotzeko nolabaiteko aukerarik ematen.
Tebasko Nebamumen hilobiko pinturen zatia (K. a. ko 1400 urtearen inguruan) (Museo Britainiarra, Londres).
Motibo ikonografikoak
- Lehendabizi agertu zen gaia hileta-oturuntza da, non hildakoak beharrezko eskaintzak jasotzen baititu. Apurka apurka, irudikapena aberastuz joan zen pertsonaia berri, elikagai berri eta berezko oturuntzatik kanpoko eszenekin, hala nola, eskaintza gisa aurkezten ziren animaliak eta landareak hazteari buruzko aspektuekin. Hilobiaren jabearen bizimodu lasai eta oparoaren irudiak ere eszenaratzen ziren. Sarri askotan, hilobien erliebeetan, artistak berak ere irudikatuta agertzen dira, naturaz gaindiko bizitzan hildakoak gozatuko dituen eskulturak, altzariak eta bitxiak prestatzen.
- Bigarren gairik irudikatuena hileta jarduera eta hilobiaz haraindiko bidaiekin zerikusia duena da. Hileta segizioa, hilobiko karen estatuaren sartzea eta bidaia txalupan eszenaratzen ziren. Inperio ertainean, gai berek irauten zuten, guda eszenaz eta hileta jarduera berriekiko aipamenez aberastuak.
Isis jainkosa, Fileko tenpluko pilonoen sakonerliebea. Tolomeo II.aren (K. a.ko II. mendea) erregealdian hasi ziren eraikitzen.
Hilobiak eta tenpluak
Hilobiak eta tenpluak dira Egiptoko eraikuntza garrantzitsuenak. Mastaba da hilobi mota antzinakoena, oinarrian errektangelu bat duen piramide moztua. Mastabak gainezarriz, mailakatutako piramide bat sortzen da. Egiptoar arkitekturaren maisulana Keops piramidea da (IV. dinastia) eta ondoren Kefren eta Mikerinoskoak.
Egiptoko estatuagintzaren teknika
Irudiaren bizkarra ez erakusteko joera zegoen. Gainera, goiz franko hartu zen zutikako harlauza, bizkarralde altuko jesarleku edo zutabe bati atxikitzeko ohitura. Besoak gorputzari erantsita, luzatuta edo bularraren gainean uztartuta egoten ziren.
Idazketa hieroglifikoa
Hieroglifikoak erliebe eta pinturetan, baita estatuetan ere, egotea iraunkorra da. Irudikatutako pertsonaiak identifikatu, eszenak deskribatu edo otoitzak irudikatu egiten dituzte.
Artista anonimoak
Egiptoko hilobiak apaintzeak hainbat artistak parte hartzea zekarren. Hala eta guztiz ere, berauek guztizko anonimatuan egon dira beti.
