Mesopotamiako eta Pertsiako artea
- TEST: Egia edo gezurra?
Mesopotamiako arkitektura
Eraikuntza motak:
- Tenplua: zibilizazio sumertar, akadiar eta asiriarraren eraikuntza nagusia izan zen. Angelu zuzeneko oinplanokoa, egitura sinpleetatik -Eridu, Tepe eta Gaurako tenplu sumertarrenak, kasu- kanpoko apaindura ikusgarriko formetaraino bilakatu zen. Adibidez, Nimah jainkosaren tenplua, Babilonian, Mesopotamiako zibilizazioaren amaierako atarian, Nabucodonosorrek eraikia, K.a.ko VI. mendean.
- Zigurata: Mesopotamiako zibilizazioen berezko eraikuntza. Adreiluzko dorrea, mailakatutako terrazaz eta horma makurtu samartuz osatua. Jainkotasunei sakrifizioak eskaintzea zen bere eginkizuna, uzta onak, gudak garaitzea edo erregearen bizitza-luzera sustatzeko.
- Jauregiak: agerpen bikainak dituen arkitektura zibila, bereziki Asiriako zibilizazioan. Handienetariko bat, hiru tenplu eta zigurat bat biltzen zituena, Sargon II.aren (K. a.ko 705ean hila) jauregia izan zen, Durr Sharrukinen, gaur egun Khorsabad.
Babiloniako goren uneko aldiak, pertsiarrek inbaditu baino lehen, hirigintzaren garapen handia ekarri zuen. K. a.ko VI. mendean, Babiloniak bere baitan biltzen zituen 43 tenplu, Etemenaki zigurata -Babelgo dorre biblikoa-, 350 dorreko harresi bikoitza, eta Nabucodonosor II.aren (K.a.ko 605-562) jauregi arranditsua, fatxada oso-osorik adreilu beiraztatuz apainduta zeukana.
Istharreko Atearen berreraikipena, Babiloniako harresikoa, K. a.ko VI. mendea.
Hegodun jenio baten erliebea, Sargon II.aren jauregitikoa, Dur Sharrukinen, gaur egun, Khorsabad, K. a.ko VIII. mendea (Louvre Museoa, Paris)
Mesopotamiako eskultura
Sakon-erliebez egindako zigilu zilindrikoekin batera -animaliak, erlijio eszenak edo erregearen irudiak irudikatzen zituzten erliebedun buztinezko banda txikiak lortzeko zuzenduak-, Sumer eta Akadiako beste berezko forma eskultorikoetariko bat, konkor biribileko eskulturak izan ziren, apaizen eta otoitzean ari direlako itxurako erregeen estatuatxoak. Horren izendapena irudian jasotako jarreratik dator.
Asiriako eta Babiloniako kulturetan, estatuagintza zokoratua geratu zen. Erliebeak nagusi ziren, izan ere, guda- eta ehiza-eszenak irudikatzen zituzten eta jauregi eta tenpluetako hormak apaintzen zituzten: Assurbanipalen jauregiko ehiza-erliebeek lortu zuten beren goreneko maila. Bertan, erregea lehoiak ehizatzen agertzen zen.
Gudeako estatua, Lagashko patesi edo gobernadorea, K. a.ko 2141-2122 urteen inguruan (Metropolitan Museum, New York).
Pertsiako artea
Pertsiako artearen asimilazioak eta sormenak bere goreneko maila Persepolisko eta Susako jauregi handiekin erdietsi zuten. Lehenengoa, inperioko udako hiriburua zen eta, bigarrena negukoa. Persepoliskoan bere konplexutasun arkitektonikoa gailentzen da, eta Susakoan, ostera, bere murruak estaltzen zituen adreilu beiraztatuz egindako erliebeak. «Hilezkorren frisoa», izan zen erliebeon ospetsuena, izan ere, tamaina ia naturaleko mila arkulariren armada irudikatzen zuen
Pertsiako erliebeek irudikatutako irudien estatismoa eta zurruntasuna izan zituzten ezaugarri nagusi. Kontraste handia egiten zuten Asiriako erliebeen aldean, zeren bertan ehiza eta borroka eszena dinamikoak gogokoago baitzituzten.
Bestalde, Pertsian Mesopotamian baino garrantzi handiagoa bereganatu zuen hilobi arkitekturak, adibidez, Ciro II.aren (K. a.ko 558-528 urteak) hilobia gisako agerpena, Pasagardan; Pertsiako artearen oparotasunaren aldean, soiltasun handikoa da.
Pasagardako Ciro II.aren hilobia, K. a.ko 529. urtearen inguruan.
K.a. (Kristo aurreko)
Historiaurrean eta historiaren zati batean, gertaerei Kristo aurreko datak jartzen dira (K.a. idatziz adierazita) eta alderantziz zenbatzen dira. K.a. 2500. urtea, esaterako, K.a. 3000. urtea baino 500 urte geroagokoa da.
Adreilua, eraikitzeko oinarrizko osagaia
Mesopotamiako lurraldeetan harri eta egur askorik ez zeukatenez gero, Akadia, Asiria eta Babiloniako eraikuntza gehienak buztinezko blokeez egiten zituzten, eguzkitan lehortuak edo egosiak. Adreiluek blokeak osatzen zituzten eta beraien artean kanabera bilbadurak tartekatzen ziren behea jotze eta arraildurak ez izatekotan.
Babiloniako lorategi jasoak
Antzinako munduko zazpi mirarietariko bat. Historiagile klasikoen lekukotasunaren arabera, ziguraten itxurako egitura mailakatua zeukan mendi artifizial baten gainean kokatzen omen ziren lorategi jasoak. Mendia, landarez erabat estalita omen zegoen eta ureztatzeko sistema konplexu batek hornitzen omen zuen.
Asiriako tetramorfosa
Niniveko Assurbanipalen jauregiko lehoi hegoduna, K. a. ko VII. mendea (Londreseko Museo Britainiarra).
«Hilezkorren friso» ko adreilu beiraztatuaren gaineko erliebea, Susako Dario I.aren (K. a.ko 500 urtearen inguruan) jauregikoa. (Parisko Louvre Museoa).
Mesopotamiako ikonologiaren irudirik ohikoena tetramorfosa da, giza buruko zezena, erregeen berezko bizar kizkurrekoa, arrano hegokoak eta lehoi hatzaparrekoak. Alboz eta aurrez so egin ahal izateko, hibridoa, tenplu edo hiriko ateen zaindaria, bost hankarekin irudikatzen zen.
