ARTEA

Kreta eta Mizenasko artea

Egeo itsasoaren aldeko Kreta uhartean, nekazaritza- eta merkataritza- zibilizazio bat garatu zen K. a.ko 3000 eta 1000 urteen artean. Zibilizazio horri minoikoa zeritzon, Minosen ohorez, uharteko errege mitologikoa. Bertan, ordura arte ezagutu gabeko arteen loraldia gertatu zen. Artearekiko kezkak jarraituko zuen Mizenasko kulturan XV. mendeaz geroztik, Mizenas, Tirinto eta Pilos Greziako hirien inguruan, eta Kretakoarekin harreman estu-estuetan egongo zen.

Jauregi minoikoa

Kretako jauregia bizi izateko lekutzat hartzen zen, eta ez irudikapen sinbolikotzat. Bertan kultu-jarduerak ospatzen ziren eta bere baitan biltzen zuen labrisa edo aizkora bikoitza, errege-ikurra eta gurtzeko objektua. Arte horren goreneko ordezkaritza Cnososko jauregia dugu.

Cnososko hondarren egungo itxura, Kreta.

Logela ugariak angelu zuzeneko erdiguneko patio baten inguruan ezartzen ziren. Egitura korapilatsu samarra osatzen zuten arren, itxuraz nahasia, ura bideratzeko sistema konplexua zeukan. Izan ere, ziur aski, etxebizitza guztietara eramango zuen beharrezko ura. Jauregiko gune politiko eta erlijiosoa megarona zen. Berau patiora begira zegoen angelu zuzeneko gunea zen eta bere baitan tronua eta aldarea biltzen zituen.

Erreginaren megarongo freskoak, Cnososko jauregia, Kreta (K. a. ko 1500. urtearen inguruan)

Mizenasko artea

Kretako zibilizazioaren goreneko unearen ostean, akeoei egokitu zitzaien alternatiba historikoa. Grezian, Mizenas hiriaren inguruan, K. a.ko XV. mendeaz geroztik kokatu zen herri indoeuropar hau.

Harresi sendoek kokaleku mizenastar nagusiak inguratzen zituzten. Beraien artean ondoen kontserbatuta dagoena Mizenasko akropolia da, lau metrotik gorako lodiera daukana.

Lehoien ateak Mizenas hiriko sarrera markoztatzen zuen. Horretan, bi arrapala-lehoiren irudi, burugabeak direnak, zutabe baten albo banatan daude. Zutabeak mizenastar eta kretarrentzat objektu sakratuak ziren, izan ere, beraien jatorria zuhaitz sakratu eta tumulu edo iruinarriekin erlazionatzen zen.

Mizenasko akropoliko Lehoien atea, K. a.ko 1300 urtearen inguruan.

Mizenasko hilobi- arkitektura

Gotorleku harresidunekin batera, Mizenasko arkitekturaren beste berezko eraikuntza tholosa zen, gangaz estalitako ganbera batera zeraman pasabide batez osaturik zegoena. Muino artifiziala eratzen zuen menditxo batez estalita zegoen kanpo aldetik. Akaberaren perfekzioa eta apaindura-xehetasun ugari egotea ezaugarri nagusi ditu tholosik garrantzitsuenak, Atreoren altxorra delakoak, batzuen ustez Agamenonen hilobia zena.

Urrezko hilobi- maskara, Agamenonen Maskara gisa ezagutua, K. a.-ko XVI. mendea (Atenasko Arkeologia Museo Nazionala).

Cnososko freskoak

Cnososko bigarren jauregian aurkitutako murruen dekorazioa, benetako fresko erara egindako lehenengo erakustaldia da. Iztuku hezearen gaineko pigmentuen aplikazioaren bidez gauzatu zen.

 

Mizenasko urregintza

Mizenasko hilobi- monumentuetan terrakotazko irudi txikiak eta urregintzaren teknikaz egindako urrezko pieza ugari aurkitu ziren. Jainkoak gurtzearekin eta hildakoei egindako omenaldiarekin erlazionaturik zeuden. Pieza eta irudi horiek Kretarren erlijioa eta lehenengo greziarrena, mizenastarrena, estu-estu lotzen dituzte.