ARTEA

Bizantziar artea

Teodosio Handia (345-395) hil ondoren, Erroma kristauaren boterea Mendebaldeko inperioan eta Ekialdeko inperioan banatu egin zen. Ekialdeko inperioan ezarrita, kristautasunak forma paleokristauetatik eratorritako forma artistikoak (hala ere, berezko espiritualtasunarekin eta adierazkortasunarekin) sortu zituen. Europako Ekialdearen ebanjelizazioa Konstantinoplan (bizantziar artearen iturria) hasi zen, Grezia, Bulgaria, Mazedonia eta Errusian berezko forma artistikoak sorrarazi zituena. Halaber, kultura bizantziarrak beste adar batzuk sortu zituen Italian, hala nola Veneziako San Marcos basilika edo Ravenako eliza bizantziarrak.

Arkitektura

Bizantziar estiloko eraikuntzak Balkanetara eta Italiara zabaldu ziren Konstantinoplatik, Justinianok inperioa zabaldu zuenean.

Gehien batean, eliz bizantziarrek ez zuten mendebaldeko basiliken solairua, baizik eta gangek eta kupulek estalitako zentralizatutako solairua. Konstantinoplako Santa Sofia elizak, Justinianoren garaiko obra nagusiak, egitura hori zeukan; erdi kupula biren gainean kokatutako petxinen gaineko kupula handi batek osatuta.

Ravenan, bizantziar inperioko hiribururik mendebaldekoenean, arkitektura eklesiastikoaren lagin batzuk zeuden, San Vital, San Apolinar Berria eta San Apolinar in Classe bezala

Italiako arte bizantziarraren beste gailur bat Veneziako San Marcos basilika izan zen. XI. mendean eraikia, apaindu egin zen 1204an Konstantinopla hartu zuten gurutzatuek lapurtutako artelanekin (horien artean, fatxadaren brontzezko zaldiak).

XI. mendetik, bigarren eta hirugarren urrezko aroetan, aldaera arkitektoniko bereziak garatu ziren. Balkanetan eta Bulgarian monasterio asko (Athos mendiko Lavra Handia bezala) eraiki ziren, baita gurutze grekoko eta dimentsio txikiko elizak ere (Greziako Hosios Lukas eta Dafni bezala).

Sikulo-normandarra izeneko estilo berezia garatu zen Sicilian, zeinen barruko apaindura guztiz bizantziarra zen. Estilo horri jarraitzen zioten batzuk hauek dira: Palermoko Palatinar Kapera eta Monrealeko katedrala.

Santa Sofia eliza (532-537), Istanbul.

Mosaikoa eta pintura

Bizantziar arte plastikoen bi lagin nagusiak elizetako horma-irudiak (askotan mosaikoek osatuak) eta ikonoen pintura (bereziki garatua Errusian) dira.

Mosaiko bizantziarrak (erromatarretatik eratorritako paleokristauetan oinarriturik) kontraste handiko kolore anitzekoak ziren. Elizen barruko osoa estaltzen zuten askotan, berri oneko eszenak ageriz ia beti.

Bigarren urrezko arotik (IX. mendean), mosaikoen urrezko atzealdeak oso arruntak izan ziren. Bereizgarria zen ere Kristo Pantokrator (Salbatzailea) irudia: jezarrita, onespena emanez eta Legearen taulak ezkerreko eskuan.

Bizantziar artearen laginik garrantzitsuenetariko batzuk honako elizetan zeuden: Ravenako aipatutako elizetan, Veneziako San Marcos elizan, Greziako Hosios Lukas eta Nea Moni elizetan eta, hirugarren urrezko aroko estilo narratibo eta estilizatuago batean, San Demetrio eta Santa Sofia elizetan eta Peribleptos eta Pantanassa monasterioetan, Greziako Mistra hirian.

Teodoraren mosaikoa, Ravenako San Vitaleko absidean (VI. mendea).

Errusiako bizantziar artea

Bizantziar artea 989. urtean sartu zen Errusian, Kieveko Vladimiro I (956-1015) printzea Konstantinoplako Basilio II (958-1025) enperadorearen arrebarekin ezkontzeko kristautu zenean. Horrela, Errusia, Greziarekin batera, bederatzi mende baino gehiagotan, kristautasun ortodoxoaren adierazle nagusia izan zen.

Arkitektura bizantziarrak kupula erraboildunak (elementu gotikoekin eta erromanikoekin nahasitako egitura bizantziarrak) eta mosaikoen eta kolore anitzeko pinturen aniztasuna bezalako ezaugarri bereziak zituen.

Errusiako arkitektura bizantziarraren lagin nagusien artean, honako hauek ditugu: Kieveko Santa Sofia eta Novgorod elizak, Moskuko Zeruratze eta San Miguel katedralak eta Basilio Dohatsua eliza (Moskuko Plaza Gorriko eraikuntza nagusia).

Oso garrantzitsuak izan ziren ikonoak Errusiako pinturan. Taulen gainean egindako irudi sakratuak ziren, Grezian eta Balkanetan lehenengo urrezko aroan garatuak (Errusian, aitzitik, XVI. mendera arte iraun zutenak).

Bizantziar artearen kronologia

Vladimirren Amabirjina , 1125 (Tretiakov Galeria, Mosku).

330 . Constantino Iak (280-337) Bizanzio (berak Konstantinopla deitua) inperioaren hiriburu izendatu zuen.

395 . Teodosiok semeen artean (Ekialdea Arkadiorentzat, eta Mendebaldea Honoriorentzat) banatu zuen inperioa

527 . Justiniano Iaren (482-565) garaian bizantziar artearen lehenengo urrezko aroa hasi zen.

843 . Garai ikonoklastaren ondoren (726-843), imajinen gurtza berreskuratuta, bizantziar artearen bigarren urrezko aroa hasi zen, 1204 urte arte. Urte horretan, laugarren gurutzadako gudariek Konstantinopla hartu eta inperio Latindarra osatu zuten.

1261 . Miguel VIII Paleologok (1224-1282) Konstantinopla berriro konkistatu eta bizantziar inperioa berreskuratu zuen. Horrela, hirugarren urrezko aroa hasi zen, 1453 urtera arte iraun zuena, turkoek Konstantinopla azkenez konkistatu zutenean.

 

Errusiako ikonoak

Errusian egin zen ikonografia bizantziarraren abiapuntua Vladimirren Amabirjina izan zen, 1125ean gutxi gora behera Konstantinoplan margotuta eta Errusiara bidalita. Ikonoak egiten zituztenen artean, honako hauek ziren garrantzitsuak: Maximo (XIV. mendekoa), Novgorodeko Antzaldaketaren katedraleko ikonoak eta freskoak egin zituena, eta Andrei Rublev (1360-1430), argiztapena eta ontasuna ematen zituzten idealizatutako ikonoak egin zituena. Obrarik ospetsuenen artean, aipatzekoa da Hirutasuneko ikonoa.