ARTEA

Arte islamiarra (II)

Arte islamiarra Espainian

711. urtean Tarik Iberiar penintsularrera heldu zenetik, 1492an Granada erresuma erori arte, Espainia musulmaneko zenbait lurraldetan goraldi politikoko eta ospe artistikoko aldia egon ziren.

Emirrerri askean eta Kordobako kalifatuan sortutako arte-produkzioaren dirdiraren ondoren, arkitekto, kaligrafo eta dekoratzaile ugari agertu ziren Toledo, Zaragoza eta Malaga taifas erresumetan eta Sevillan (erresuma almohadearen hiriburu). Hori guztia gorenera heldu zen XIV. eta XV. mendeetan, Granada erresuma nazarin eta horren adierazpen artistikorik handienean, Alhambra.

Kordobako mezkita

Arte islamiarraren lehenengo goreneko unea 755. urtean hasi zen, Abd-al-Rahman I (731 inguru-788), azken omeia, abasiek jarraikia, heldu zenean. Boterea bateratua eta Kordoba hiriburu izendatua ( 780 eta 785 urteen artean), eliz bisigodo baten aurrien gainean meskita handi bat eraikitzen hasi zen, ostiraleko otoitzak egin ahal izateko.

Jatorrizko oinplanoa karratua (75 m alde) zen, bi zati berdinetan banatua: patioa eta otoitzari zegokiona. Alkibiarko hormak ez zuen Mekaren norabidea seinalatzen, baizik eta hegoaldea -agian akatsa izan zena-, eta horren perpendikularrak ziren nabeek bi isurkiko estalkiak zituzten, berritasun handia izan zena garai hartan.

Abd-al-Rahman lehenaren ondorengoek zenbait handitze egin zituzten; ospetsuenak hauek dira: Abd-al-Rahman IIarena (792-852), beste zortzi gune eraiki zituena; Abd-al-Rahman IIIarena (889-961), eskailera bikoitzeko minaretea (gaur egun, dorre kristauak enparedatua) eraikitzeko agindu zuena; eta horren semearena, Abd al-Hakkam IIarena (976an hila), oso apainduak ziren mihraba eta maqsura eraikitzeko eta meskita arkudurako hamabi ilaretan handitzeko agindu zituena.

Meskita ez zen eraitsia Fernando III Santuak (1201-1252) Kordoba birkonkistatu zuenean, tenplu kristau bihurtu baitzen. Horretarako, Santa Maria katedral gotikoa eraiki zen meskitaren erdian, XVI. mendean amaitu zena.

Kordobako meskitaren barrukoa.

Taifaseko eta almohadeko artea

1301. urtetik aurrera, fitna izeneko errebolta orokortuarekin amaitu egin zen kalifen garaia, eta taifaseko erresumak sortu ziren. Horien agerpenak errekonkista kristauaren aitzinapena erraztu zuen, hiru herri islamiar boteretsu (almorabideak, almohadeak eta benimerineak) heldu arte.

Arteari zegokionez, taifa aldiko sorkuntza garrantzitsuak egin ziren Toledo, Malaga eta Zaragoza bezalako hirietan, eta euren hiriburuan, Sevillan, almohadeek utzitako lanak ere.

  • Toledon: Argiaren Kristo meskita, kalifen aldikoa, eta Tornerietako meskita, taifa aldikoa.
  • Malafan: Alcazaba.
  • Zaragozan: Aljaferia gaztelua.

Almohade aldiko obren artean, aipatzekoak dira Sevillako meskita (horren minareteak oraindik zutik dirau), Giralda eta Alcazar, errege-erregina kristauen jauregia izan zena.

Sevillako Giralda (1184-1195), desagertutako meskitaren minaretea.

Granadako Alhambra

Alhambraren eraikuntza batzuk IX. mendekoak diren arren, XI. mendetik aurrera hartzen hasi zen gaur egungo itxura. Gotorlekua izatetik bizilekua izatera pasatu zen errege nazarien garaian (XIII. eta XIV. mendeetan).

Bi jauregik osatzen zuten: Comares eta Leoien jauregiak. Lehenengoak, Arrayanes ere izenekoak, oso apaindutako errege- eta administrazio-bulegoak zituen. Bertan kokatzen ziren Tronu aretoa, mexuarra (justizia ematen zen lekua), Enbaxadoreen aretoa eta Arrayaneseko patioa (azken horren inguruan, harena eta erregearen logela pribatuak).

Lehoien jauregia aisiarako lekua zen, gortearen formaltasunetik aske, Erromako jaurerriaren modukoa. Bertan zegoen Lehoien patioa, erdiko iturriarekin eta ur-korronteak lau koadrantetan banatuta (zeru islamiarraren errepresentazio sinbolikoaren erara). Patiotik igaro eta gero, zenbait aretotara sartzen zen: Mokarabiarrena, Erregeena,Bi ahizpena eta Abenzerrajeena, oso apainduak eta oturuntzak eta beialdi musikalak ospatzeko erabiliak zirenak. Areto horietatik at sortu ziren beste batzuk, hala nola begiratokia eta Partaleko lorategiak, Carlos Varen jauregia (estilo errenazentistakoa eta enperadoreak XVI. mendean eraikia) eta Generalifearen jauregi-begiratokia, errege nazarien (XIII. mendea) udako bizilekua. Azken hori Alhambratik banaturik zegoen, eta ur-jauziko terrazak zituzten lorategiak zituen, arabiarren erara.

Granadako Alhambraren kanpoaldea.

Kordobako mezkitaren arkuteria

Meskitaren gauzarik orijinalena arkuteriak ziren, bi altueratan eraikita eta bi arku mailekin (goikoa, erdi puntukoa; behekoa, ferra-arkua). Kolore anitzeko dobelak (harrizkoak eta adreiluzkoak) erabiltzea lehenagoko elementu artistikoen bat-egitearen emaitza izan zen, aldi hispano-erromatarreko baliabideetara igortzen baitu: kolorazio bikoitz hori, esate baterako, Meridako akueduktu erromatar batean aurkitu egin zen.

 

Arte mudejarra

Birkonkistatutako lurralde kristauetan lan egiten jarraitzen zuten artista musulmanek arte mudejarra sortu zuten. Horren manifestazioak ez ziren gorputz organiko bat, baizik eta Penintsulako hainbat lekutan agertzen ziren, eta ezaugarri bereziekin kasu bakoitzean. Garrantzitsuenak ondoko hauek ziren:

Toledoko Eguzkiaren Atea eta Transito eta Santa Maria Zuria sinagogak.

Zaragozako Seo eta San Pablo eliza.

Teruelgo Santa Maria eta San Martin elizak.