Arte zistertarra
- TEST: Egia edo gezurra?
Erreforma zistertarra
Roberto de Molesmesek, monakotzari sakontasun espirituala itzultzeko zuen grinak eraginda, munduarekin hartu-emana izateari utzi zion eta zorroztasuna helburu zuten oso arau zehatzak ezarri zituen. Fraideek arau haiek bete behar zituzten derrigor eta erabateko txirotasunean oinarrituta zeuden. Eskulanak eginarazi zizkien fraideei; batik bat nekazaritza lanak.
Cîteauxeko abadia 1098an sortu bazuten ere, ordena zistertarrak 1113 eta 1115 artean izan zuen bere lehen zabalkuntza. Beste lau monasterio fundatu zituzten garai hartan Frantzian: Claraval, La Ferté, Pontigny eta Morimond.
Roberto de Molesmes izan zen erlijio-erreformaren sustatzaile nagusia, horrenbestez. Bestalde, Bernardo de Claraval (1090-1153) izan zen estetikaren erreforma bultzatu zuena eta batik bat arte zistertarraren gorakada berari zor diogu. Ordenaren buru izan zen hogei urtez eta bere agindupean hirurogeita hamabi monasterio sortu ziren, guztiak bizitzeko nahiko desegokiak ziren lekuetan: batere emankorrak ez ziren haranetan, baina betiere inguru zoragarriak zituzten eremuetan. Cîteauxeko jatorrizko egoitzaren menpe zeuden monasterio horiek, eta hartu-emana eta lotura zuten berarekin uneoro.
San Bernardok monasterio barnean bizitza xumea ezarri zuen. Soiltasuna zen nagusi monasterioko arlo guztietan: abitu zuriak, margotutako egurrezko gurutzeak, landu gabeko kalizak, burdinezko argimutilak eta liturgiaren xumetasuna.
Arkitektura
Arkitekturak ere monasterioko bizitza zorrotz horren arauak agertzen zituen. San Bernardok eliza otoiztegi soila bihurtu zuen; kriptarik, tribunarik edo dorrerik gabea. Fatxadak ere bertan behera utzi zituzten. Hormak harrizkoak ziren, edo zuriz luzituak, pinturarik eta beiraterik gabeak. Hori guztia, noski, eliza klunitarren oso bestelakoa zen, oso ugariak baitziren eliza horietan apaingarriak. San Bernardok sekulako arreta jarri zuen eskulturetan premiazkoak ez ziren erliebeetan. Elizetan baimenduta zeuden irudi bakarrak Ama Birjinarenak ziren, margotutako gurutze apalez gain. Hala eta guztiz ere, luxua eta apaingarri gehiegi erabiltzea gaitzesten zuen arren, ez zuen sekula artearenganako zuen interesa bertan behera utzi, baina betiere funtsezko hiru printzipioetan oinarrituta: argitasuna, garbitasuna eta iraupena. Estilo honetako eraikinen artean, ondorengo ezaugarri hauek nabarmendu behar dira: kalitate oneko harriz egin zituzten, proportzioetan harmonia nabari zitekeen, geletan gangak eraiki zituzten, eta geroago, gurutzeria gotikoa.
Santes Creuseko monasterioko klaustroa, Tarragona (g.g.b. 1150).
Monasterio zistertarra
Monasterio barneko bizitzaren gune nagusia garai hartan ere klaustroa zen, baina bi aldaketekin: jantokia eta kristautuentzat egokitutako eremua. Jantokiari dagokionez, bi mailatakoa eta oso argitsua izan ohi zen eta zutabeak zituen; klaustroaren zeharkako albo batean eraiki ohi zuten eta horrek, kasu batzuetan, kanpoaldeko simetria arkitektonikoa apurtzen zuen. Kristautuentzako eremua klaustroaren barnean eraiki zuten, monasterio klunitarretan ez bezala (hauetan klaustrotik aldenduta egoten baitzen). Jantokiak perpendikularki jarrita egoten zirenez, horrek eraikinaren kanpoaldeko simetria apurtzen zuen maiz, neurri ezberdinetan ateratzen ziren bolumenak ezarriz; horrek guztiak, ordea, ez zien enbarazurik egiten fraide zuriei, beraientzat harmonia klaustrotik bertatik baloratu behar baitzen.
Eliza zabala eta arkitektura soilekoa baina sendoa zen eta bere ondoan gelak zeuden goiko solairuan, klaustroaren inguruan. Elizaren inguruan ostatua, erizaindegia eta komunitatearen bizimodurako beharrezkoak ziren eraikin guztiak egon ohi ziren.
Pobleteko monasterioaren klaustroa, Tarragona (g.g.b. 1150).
Zistertar ordena Espainian
Monje zuriak edo zistertarrak Espainian zabaltzea San Bernardoren jarduerekin oso lotua egon zen, eta sekulako eragina izan zuen herrialdean Zistertar ordenak. Alfonso VII.ak ordena Espainian ezartzen lagundu zuen eta herrialdean 56 etxe izatera iritsi zen. Dirudienez, lehenengo monasterioa 1140an eraiki zuten Fiteron (Nafarroa), baina zistertar ordenaren ezaugarri nagusiak betetzen dituzten eraikuntzak honako hauek dira: Poblet (Tarragona), Santa Maria de la Huerta (Soria) eta Santes Creus (Tarragona). Horrez gain, aipatu beharrekoak dira ondorengo lekuetako monasterioak: Moreruela (Zamora), Veruela (Zaragoza), La Espina (Valladolid), Oya (Pontevedra) eta Las Huelgas (Burgos). Oso ugariak dira abadia zistertarrak Galizian, seguruenik klunitarren adierazpena eta eragina txikiagoa izan zelako lurralde hartan.
Oserako (Ourense) monasterioan dagoen elizako burualdea. XII. mendeko eraikuntza zistertarra.
Soiltasunarengainbehera
San Bernardo 1153an hil zen eta urte hartan bertan hasi zela uste da zistertar zorroztasunaren lasaitzea. Garai batean zuzenak ziren elizen burualdeei azken ukitua emateko girolak jartzen hasi zitzaizkien, aldare ugarirekin. Pixkanaka-pixkanaka, areto guztiak dotoreagoak eta lirainagoak egiten hasi ziren.
