ARTEA

Arte gotikoa (I)

Aldi gotikoa XII. mendearen erditik Frantzian eta Europako gainerako herrialdetan XIII. mendetik XV. mendearen amaieraraino hedatzen da. XVI. mendean Italiako Giorgio Vasari errenazentistak gotiko hitza sortu zuen jada, kutsu peioratiboarekin -"godoen artea"-, Frantzian sortu eta gero beste herrialde batzuetatik zabaldu zen estiloa definitzeko. Gotikoa eraikitzeko tekniken bilakaeraren, hala nola, arku zorrotza agertzea, eta hiriko kultura baten garapenaren emaitza izan zen. Hiriko kultura horren irudikapen nagusia katedrala zen, aldi berean izaera erlijiosoko eraikina eta hiriaren oparotasunaren ikurra zena.

Arkitektura gotikoa

Eraikuntza gotikoek Frantziako monarkiaren eredu politikoa dute erreferentetzat: erregearen handitasuna, bere jainkozko zuzenbidea eta Jainkoa argia delako printzipiorako lotura. Printzipio hori I. mendeko filosofo batek azaldu zuen, Dionisio Sasi-Areopagita izenekoak. Plotinoren ideiek eraginda, aipatutako teoria garatu zuen. Bere izena bat dator Frantziako zaindariaren izenarekin, zaindaria San Dionisio baita. Santu horri Saint-Denis abadia eskaini zitzaion, lehenengo eraikuntza gotikotzat jotzen dena.

Arkitektura gotikoaren ezaugarri nagusien artean, honako hau nabarmenduko dugu: hormaren desmaterializazioa, eraikuntzaren ia barrualde osoan argia sartzea ahalbidetzen zuena. Jasotze hori arku zorrotzaren eta gurutze-gangaren erabileraren bidez lortzen zen. Bultzadak arku eta nerbioen bidez banatu eta horiek eraikuntzaren kanpoko kontrahorma eta ostiko-arkuetara transmititzen zirenez, ez zen beharrezkoa horma lodiak eraikitzea.

Katedral gotikoa hurrengo ezaugarriengatik ere ezberdintzen da:

  • Espazioaren zabalera burualdean.
  • Alboko kaperak ugaritzea.
  • Hormak hiru mailatan antolatzea, hirugarrena argia sartzen uzten zuten hainbat beirate jartzeko erreserbatuta zegoelarik.
  • Beiratezko arrosa-leihoak, oro har ipar eta hego muturretan.

Viollet-le-Duc, nabe gotikoaern egitura, Amiensko Katedrala.

Frantziako arkitektura gotikoa

Guztiek jotzen dute Paristik hurbil dagoen Saint-Denis abadiaren eliza lehenengo eraikuntza gotikotzat. Lehenengo burualdea (1140-1142) 1231n suntsitu zuten eta Pierre de Montreuilek egindakoak ordeztu zuen, gaur egunera arte iraun duenak, alegia.

XII. mendearen bigarren erditik aurrera, Frantziako hainbat hiritan lerro altuetako katedralak ugaritu ziren, hala nola, Sens, Chartres -gotiko klasikoaren prototipotzat jotzen dena- Amiens, Parisko Notre Dame de edo Beauvaisekoak.

Gero, garrantzi handiagoa eman zitzaien arintasunari eta argitasunari, Parisko Sainte-Chapelle eliza bezalako eraikuntzetan. Horretan, ia horma osoa beirate multzo batek ordeztuta geratu zen.

Sainte-Chapelle elizaren barrualdea (1243-1248), Paris.

Italiako arkitektura gotikoa

Gotikoa ez zen guztiz finkatu Italian bere forma hutsetan. Izan ere, herrialde horrek landutako basilika handien tradizioari jarraitzen zion artean. Aipagarrienak Siena, Orvieto eta Florentziako katedralak dira. Milangoa erabat gotikoa bada ere, ez dator bat aurretik aipatutako katedralen ereduarekin, bere estiloa franko-germaniarretik hurbilago dagoelarik.

Italiako arkitektura gotikoaren ezaugarri berezienak honako hauek dira:

  • Kanpoaldea koloretako marmolekin apaintzea; marmol horiek Italiako erromanikoan ikusiak ziren jada, esaterako Pisako katedralean.
  • Leihate eta beirate kopuruaren murrizketa, Frantzia, Espainia eta Erdialdeko Europako katedral gotikoekin alderatuta.
  • Marmol polikromatuaren banda horizontalak, gotikoaren berezkoa den bertikaltasun efektua indargabetzen omen dutenak

Italian eraikuntza zibil gotikoak ere aipagarriak dira, Europako gainerako herrialdeetan baino ugariagoak direnak. Garrantzitsuenen artean Veneziako Ducal Jauregia eta Urrezko Etxea eta Florentziako Jauregi Zaharra daude.

Siena eta bere katedralaren irudia. Katedrala XII. mendearen bigarren erdian hasi zen eraikitzen.

Saint Trophime, Arles

Saint Trophimeko beiratea, Arles. XV. mendea.

 

Aurrealdea

Frantziako Laon, Senlis edo Parisko Notre-Dame bezalako katedraletan, aurrealde gotikoaren berezko ezaugarriak zehaztu ziren. Oro har, aurrealdea apainketa eskulturiko ugari duen portada hirukoitzak, ia beti orratzez edo terrazaz amaitutako alboko bi dorrek eta erdiko arrosa-leihoak osatuta dago.