ARTEA

Arte gotikoa (II)

Britainiar uharteetako arkitektura gotikoa

Estilo gotikoa indarrez finkatu zen Britainiar uharteetan. Horren adierazgarriak XVII. mendean barrena sartu arte aurki daitezke eta estilo gotiko horrek Ingalaterrako neogotikoa izeneko estiloaren oinarria osatu zuen XIX. mendean.

Bere ezaugarri berezienen artean:

  • Pantailaren moduko aurrealdea, elizaren gorputzari ez zegokiona.
  • «Palmairekoak» izeneko ganga konplexuak, apainketa eta egiturazko konponbide berriak ekartzen zituztenak.
  • Apainketa eskulturikoa urria zen, moldura, nerbio eta gableteek, hau da, mutur zorrotzek osatutako apainketa arkitektonikoa nagusi zela.

Eraikuntza gotiko garrantzitsuenen artean, honako hauek azpimarratuko ditugu: Canterbury, Worcester eta Salisburyko katedralak eta Frantziako eskemen antz handiagoa duen Westminsterreko abadia.

Salisburyko katedralaren kanpoaldea (1220-1265).

Erdialdeko Europako arkitektura gotikoa

Germaniar espirituaren estilo definitzaile gisa aldarrikatutako Alemaniako eta Erdialdeko Europako gotikoak ezaugarri zehatzak ditu, hala nola, dorre bakarreko eraikuntzen ugaritasuna edo areto-oinplanoa duten elizen edo Hallenkirchen sorrera. Eliza horiek altuera bereko nabeak zituzten, predikatzeko elizen ereduaren arabera.

Alemaniako gotikoaren lehenengo adierazgarri nagusia Koloniako katedrala izan zen, Frantziako eredu klasikoetan oinarrituta zegoena. Era berean, Pragako San Vito eta Vienako San Esteban katedralak ere aipagarriak dira

Halaber, aipatu behar da Flandesko eta Herbehereetako arkitektura gotiko berezia. Eraikuntza erlijiosoak ez ezik, Ganteko San Bavon eliza, kasu, arkitektura zibileko hainbat adierazgarri ere badaude, hala nola Bruselako Udaletxea edo Ypresko Lonja.

San Vito katedralaren barrualdea, Praga (XIV. mendea).

Espainiako arkitektura gotikoa

Espainian arte gotikoa garai ezberdinetan garatu zen:

Lehenengo belaunaldia izenekoa:

  • Zati batean erromanikoak ziren elizak eraiki eta horiei elementu gotikoak gehitzen zitzaizkien, hala nola, arku zorrotza edo galloizko gangak, hau da galloi izeneko motibo oboideekin apainduta zeuden gangak. Garai horretakoak dira Zamora eta Salamancako katedralak eta Toroko kolegiata. Korronte horretako aldaera bat eragin borgoinarrekoa da: gotiko osorantz urrats bat gehiago ematea ekarri zuen eta Avila eta Cuencako katedralak bezalako eraikinak ditu.

Gotiko klasikoa:

  • Espainiak adierazgarri paregabeak ditu, hala nola Toledo, Burgos eta Leongo katedralak. Azken hori Alfontso X.a Jakitunak sustatu zuen, 1302an amaitu zen eta denbora laburrean eraiki zen. Hori dela eta, unitate estilistiko nabaria du eta Frantziako gotikoaren ezaugarri nagusiei eusten die.

Aragoiko Koroa:

  • Estilo propioa garatu zen, Proventzako gotikoaren eragin handiagoa izan zuena. Estilo horren ezaugarriak bertikaltasuna, kontrahormen artean kaperak eraikitzea eta nabeak altueran berdintzeko joera izan ziren. Estilo horren adierazgarriak dira Girona eta Palmako katedralak eta Bartzelonako Santa María del Marreko katedrala eta eliza.

Leongo katedralaren hegoaldeko aurrealdea; katedrala XIII. mendearen erdian hasi zen eraikitzen eta 1302an amaitu zen.

Iraganbidezko gotikoa

Errege Katolikoen erregealdia (1474- 1516) eta iragaiteko estilo baten bilakaera batera gertatu ziren. Estilo horren bidez, premisa gotikoei Italiako Errenazimentutik etorritako elementuak gehitzen zitzaizkion. Garai horretan forma oso apainduak zituzten elizak eraiki ziren, horien eraginak edozein motatakoak zirela; esate baterako, Frantziako gotiko flamigeroa edo estilo mudejarra.

Korronte horretako obra adierazgarrienen artean, Toledoko San Juan de los Reyes eliza, Guadalajarako Infantadoko Jauregia edo Valladolideko San Pablo eliza daude.

Juan Guas; San Juan de los Reyes komentuko elizaren barrualdea, Toledo.

Apainketa-estiloa eta perpendikularra

Ingalaterrako gotikoan gehiegi apaindutako formetarako bilakaera azkarra gertatu zen, ornamentazio-estiloa edo apaindua ekarri zuena. XIV. mendearen bigarren erditik aurrera, gehiegikeria horren aurkako erantzuna gauzatu zen, gotiko perpendikularra izenekoa ezarri zuena. Horren adierazgarria da Cambridgeko King's Collegeko kapera. Beraz, britainiar arkitektura gotikoaren bilakaera eta Europako gainerako herrialdeena ezberdina izan zen.

 

Gotikoaren maisuak Espainian

Espainian arte gotikoa zabaldu zuten arkitektoen artean, Hannequin de Bruselas, (XV. mendea) Juan Guas, (1496 inguruan hila), Enrique Egas (g.g.b. 1455 -g.g.b. 1534) eta Juan (1410 inguruan - 1481) eta Simon de Colonia (g.g.b. 1450-g.g.b. 1511) aipatu behar dira. Gehienak frantziarrak edo flandestarrak ziren jaiotzez edo Europako gotikoaren obra handien egileekin harreman estuak izan zituzten.

 

Gotiko flamigeroa

XIV. mendearen aurretik, arkuak gero eta zorrotzagoak ziren, gangek gero eta nerbio gehiago zituzten eta ondorioz, gangei eusten zieten zutabe edo baketoi txikiak ugaritu ziren. Horrez gain, beirateetako trazeriak gehiegi apaindu ziren, parpaila ziruditelarik. Apainketazko oparotasun hori gotiko flamigero edo flamboyant izenaz ezagututako estiloaren ezaugarri nabarmenena da.