ARTEA

Arte gotikoa (IV)

Eskulturarekin gertatu zen bezala, pintura gotikoak esparru arkitektonikotik aldentzeko joera izan zuen, elizen hormen azalera murrizteko ahalegina zela eta. Izan ere, aurreko garaietan apainketa piktorikoa horma horietan agertzen zen. Horrela, astoko pinturaren garapenerako urratsa eman zen, pintura mota hori gehienbat errege-erreginen familia eta ahaide, aristokrazia, elizaren goi-mailako hierarki eta gizartean gora egin nahi zuen goi-mailako burgesiaren eskariz egin ohi zela.

Duecentoa eta Trecentoa Italian

Eremu arkitektonikoan bezala, Italiako pintura gotikoan ere ezaugarri berezi batzuk agertu ziren.

  • XIII. mendean edo Duecentoan, Bizantzioko eragin handia jaso zuen joera garatu zen. Horren ondorioz, maniera greca, Greziako era, izeneko estiloa sortu zen, pintura laua, ezaugarri okerrekoa eta nolabaiteko itxurakeriakoa zehazten zuena. Korronte horren barnean, Pietro Cavallini (1240 - 1330), Giunta Pisano (1241etik 1254ra bitartean lan egin zuena) eta batez ere, Cimabue (1240 inguruan - 1302) maisua azpimarratu behar ditugu.
  • XIV. mendean Italian nagusi izan ziren Sienako eskola, Duecentoko maniera grecaren bilakaera, eta Florentziako eskola. Lehenengo eskolaren barnean aipagarria da Duccio di Buoninsegnaren (1255 - 1319) obra, Bizantzioko inspirazioko hieratismoari nolabaiteko gizatiartzea gehitu ziona, baita Simone Martinirena (1284 - 1344) ere.
  • Trecentoko Florentziako eskolaren barnean, Giotto di Bondone (1270 inguruan - 1337) beste egile guztien gainetik nabarmentzen da. Izan ere, Bizantzioko tradizioaren plano bakarretik aldendu zen, bolumenak aztertu eta hirudimentsiokotasuna garatzeko. Italia osotik sakabanatuta dagoen obra zabalaren barnean, aipatu beharrekoak dira Asisko eliz altuaren freskoak eta Paduako Scrovegni eta Florentziako Santa Croceren elizako Bardi eta Peruzzitarren kaperak.

Cimabue, Birjina eta Umea aingeruekin, XIII . mendearen bigarren erdia (Louvreko Museoa, Paris).

Nazioarteko estiloko pintura gotikoa

XIV. eta XV. mendeetan bizitza sozialean nagusi izan zen gorteko eta zalduntzako kultura irudikapen piktorikoaren gai nagusienetako bat izan zen, erlijioarekin batera. Hala ere, Nazioarteko Estilo izenekoaren ezaugarriak zehaztasun errealista eta figura eta fondoen irudikapenaren zuzenketa izan ziren, funtsean.

Premisa horiek bere une gorenera XV. mendeko Flandesko pinturara heldu ziren arren, berantiar gotikoan ere era zabalean garatu ziren hurrengo artisten obretan: Frantzian bizi zen Flandesko Jean Malouel (1370 inguruan - 1419), Alemaniako Stephan Lochner (1410 inguruan - 1451), Italiako Gentile da Fabriano (1370 - 1427) edo Kataluniako Lluis Borrassa (1360 - 1426) eta Bernat Martorell (1452an hila).

Berantiar gotikoa

XV. mendean zehar, gotikoaren berrikuntza piktorikoa bere une gorenera heldu zen, ikuspegiko irtenbide berriak, figura asko zituzten konposizio aztertuak eta fondoan paisaia eta arkitektura harmoniatsua agertu zirela. Denboraldi horretako protagonistak Flandesko Robert Campin (1444an hila), Jan van Eyck (1390 - 1441) eta Roger van der Weyden (1400 - 1464) izan ziren.

Korronte beraren barnean egon ziren Jean Fouquet (1420 inguruan - 1481 inguruan) Frantzian; Jaume Huguet (1415 - 1492), Luis Dalmau (1450 inguruan hila) eta Bartolome Bermejo (XV. mendearen amaieran lan egin zuena) Espainian; eta Nuno Gonçalves (XV. mendearen bigarren erdia) Portugalen.

Roger van der Weyden, Gurutzetik Eraistea, (Pradoko Museoa, Madril).

Simone Martini, Maestá

Simone Martini, Maesta , 1315 inguruan (Jauregi Publikoaren Mapamundi Aretoa, Siena).

 

Pintoreen gremioak

San Luisen Salterio aren orrialdea, Parisko Liburutegi Nazionala.

XII. mendearen amaieratik XV. mendera arte (arte gotikoaren une goreneko denboraldia), pintoreak artisau bihurtu ziren eta gremiotan taldekatuta, nobleek edo kleroak kontratatzen zituzten. Ondorioz, gizartean ospe handia bazuten ere, ez zeukaten sortzeko askatasun handirik, oro har kontratatzen zituzten pertsonen irizpideari jarraitu behar baitzioten.

 

Salterioak eta otoitzorduen liburuak

XII. mendetik aurrera, salterio eta otoitzorduen liburuen gainean egindako miniaturak asko zabaldu ziren. Salterioak salmo ez liturgikoen bildumak ziren; otoitzorduen liburuetan, berriz, eguneko ordu bakoitzari esleitutako otoitzak agertzen ziren eta irudi asko zituzten. Aipagarrienen artean, honako hauek nabarmenduko ditugu: Ingalaterrako Robert de Lisle eta Mary erreginaren salterioak; Frantziako Jean Pucelleren (XIV. mendearen lehenengo herenean lan egin zuena) Juana de Evreuxen otoitzorduen liburua; Limbourg anaien Berryko dukearen otoitzordu oparoak; edo Alfontso X.a Jakitunaren (1221 - 1284) babesean Espainian egindako Lapidario, Libro de los Juegos eta Cantigas de Santa Maria obrak.