ARTEA

Errenazimentuko artea (I)

Errenazimentuaren funtsezko printzipioa Antzinate klasikoko idealak berreskuratzea zen, birsortze original batekin, artea jarduera autonomo eta maila gorenekotzat oinarritzat hartzen zuena, jada erlijiotik bereizita, eta, humanismoaren ikuskera filosofikoen arabera, gizakiaren kokapena unibertsoaren gune legez zuena. Ikuspuntu kronologiko batetik, funtsean Italian zabaldu zen, XIV. mendearen bigarren erdialdetik XVI. mendera arte, Leonardo da Vinci (1452-1519), Rafael (1483-1520) eta Miguel Angelen (1475-1564) obra gorenarekin.

Eredu arkitektonikoak

Antzinate klasikoko balioak berreskuratzeko printzipio errenazentista garatzeko lehenengo iturri ulergarriak, hondakin erromatarrak izan ziren. Hauekin batera garrantzi aparta izan zuen Marco Vitruvio (K. a. 1 inguruan jaioa) erromatarraren De architectura tratatua. Lan hau berreskuratu, tratatu eta ilustratu egin zen XV. mendean zehar eta, era berean, Jacopo Barozzi, Vignola deiturikoa (1507-1573) eta Miguel Angelek diseinatutako San Pedroren kupula bukatu zuena, eta Andrea Palladio (1508-1580) bezalako arkitektoen zenbait tratatu vitruviar biltzeko aukera eman zuen.

Errenazimentuko lehen aldiko bi arkitekto nagusiak honako hauek dira:

  • Filippo Brunelleschi (1377-1446): ospe izugarria lortu zuen Florentziako Santa Maria del Fioreren elizaren kupula handiaren arazoa konpondu zuelako, eraikitzen zen neurrian etengabe kanpoko kupulari eusten zioten bi egitura gainjarrirekin. Honen beste lan nagusi batzuk San Lorenzoren basilika, Pazzi kapera eta Inuzenteen ospitalea izan zen, hauek guztiak Toskanako hiriburuan.
  • Leone Battista Alberti (1404-1472): bere lanen artean San Andres de Mantuaren eliza nabarmentzen da, erdiko nabe angeluzuzen batekin, azken hau kupula batez eta alboko sei kaperez estalitako presbiterio batez bukatua. Bere beste eredu arkitektonikoetariko batzuk Santa Maria Novellako fatxada eta Rucellai jauregia dira, biak Florentzian.

Santa Maria Novellaren eliza, Florentzia (1455-60 inguruan).

XVI. mendeko arkitektura

XV. mendean zehar Florentzian Errenazimentua jaio eta garatu ondoren, arkitekturak bere heldutasun-aldia lortu zuen Erroman nagusiki, non Donato Bramante (1444-1514) eta Miguel Angel Buonarrottik (1475-1564) bere lan hoberena ekoiztu baitzuten.

  • XVI. mendearen lehenengo hamarkadetako Erromak ospea lortzen du Errenazimentu klasiko deiturikoarekin. Aldi honetakoa da San Pietro in Montorioren tenplete txikia. Espainiako Errege Katolikoek ordainduta eta San Pedro martirizatu zutela uste zuten tokian eraikita, Bramanteren lan hau oinplano zirkularreko tenplua da, ordena klasikoko zutabez inguratua, danbor batez eta esfera-erdi formako kupula batez koroatuak. Eraikin hau oreka eta fintasun errenazentisten ereduan sortu zen.
  • Errenazimentu klasikoaren goieneko unea San Pedroren basilika berria eraikitzea izan zen. 1506 urtean hasi zen eraikitzen Bramanteren proiektu baten gainean eta ondoren Miguel Angelek jarraitu zuen. Azken hau hil egin zen kupula izugarriaren eraikuntza bukatu gabe eta Vignolak bukatu zuen.

Arkitektura errenazentista Europan

Errenazimentu klasikoaren gorakadaren ondoren bi joera garatu ziren: manierismoa, printzipio estilistikoen interpretazio aske eta subjektiboa duelarik ezaugarri, eta Kontrarreformako artea, uniformeagoa dena eta garaiko elizaren ideal pastoraletan inspiratuta dagoena.

Testuinguru honetan toki- eta nazio-eskola garrantzitsuak garatu ziren:

  • Venezian estilo klasikoa gailendu zen, gehiegi apaindua eta oparoa, Jacopo Sansovinoren (1486-1570) San Marcosen liburutegia edo Andrea Palladioren (1508-1580) Vicenzako antzoki Olinpikoa eta basilika bezalako eraikinena bezalakoa.
  • Frantziako eskolak Blois, Chambord, Azay le Rideau eta, batez ere, Fontainebleu bezalako gazteluen erainkuntza izan zuen ezaugarri. Bertan arte italiarraren eragin-gune garrantzitsua sortu zen Primaticcio (1504 inguru-1570), Niccolo dell' Abbate (1509-1571) edo II Rossoren (1495-1540) bidez.
  • Espainiako eskolak joera manieristako agerpen nabariak izan zituen, La Alhambrako Carlos V.aren jauregia bezala, Pedro de Machucaren (m. 1550ean) lana. Dena den, bere adierazpenik esanguratsuena lortu zuen Kontrarreformako arkitekturaren adibide handia den San Lorenzo de El Escorialeko monasterioan, Juan de Herreraren (1530-597) lana.

Juan de Herrera, El Escorialeko monasterioa (1584 urtean bukatua).

Bramantetik Michelangelora

Bramante izan zen San Pedro basilikan lan egin zuen lehenbiziko eskultorea, Julio II. Aita Santuaren aginduz. Beso berdinak zituzten bi nabe perpendikular, erdian kupula handi bat, lau sarrera eta hainbat dorre eta dorre txiki diseinatu zituen. Bramante hil zenean, Raphaelek hartu zuen bere tokia eta Bramanteren diseinuei jarraitu zien. Baina 1546an Paulo II.ak Michelangelori agindu zion lanekin jarraitzeko, eta horrek Bramanteren hasierako proiektua aldatu egin zuen. Artista handiak sarrera bakarra utzi zuen, dorreak eta dorre txikiak kendu zituen eta kupula ospetsua eraikitzeko prestatu zuen egitura.

 

Santa María del Fiore

Santa Maria del Fioreko elizaren kupula, Florentziako katedrala (1420-1436).

 

Leone Battista Albertiren humanismoa

Donato Bramante, San Pietro in Montoro tenpletea (1502), Erroma.

Alberti Errenazimentuko teoria artistikoaren adierazle nagusitzat hartzen da, bere hiru tratatu artistikoen bidez: De re aedificatoria , De statua eta De pictura . Hauetan, egileak artistak zientzia guztietan, positiboak zein humanistikoak izanda, aditua izan behar zuela defendatzen zuen, eta honek intelektual humanista batek zituen jarrera berak izatera behartzen zuen, asmaketari dagokionez bereziki.

 

El Escorialeko monasterioa

Juan Bautista de Toledok (1515 inguruan -1567) diseinatutako oinplano baten gainean, Juan de Herrerak Felipek II.ak enkargatutako monasterioari estilo purista bat eta soiltasun handia eman zion, Kontrarreformako espiritutik sortua guztiz. 1563 eta 1584 bitartean eraiki zen talde arkitektoniko honek, pieza batean, eta dekorazio-baliabide mugatuekin, komentu bat, basilika bat eta jauregi bat biltzen ditu, masa eta bolumen handien konbinazio berezi batean integratuak.