Errenazimentuko artea (III)
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Angelo di Bondone, Giotto
- EXTRA: Michelangelo Buonarroti
- EXTRA: Rafael Sanzio
- EXTRA: Leonardo da Vinci
- EXTRA: Leonardo da Vinciren bizitza
- LINK: Kanpo loturak (2)
Errenazimentu piktorikoaren abiarazleak
- Masaccio (1401-1428): aho batez printzipio errenazentisten egiletzat hartua, utzi zuen produkzio murritzean, Giottoren espiritu errealista berreskuratu zuen; gotikoaren apainketa edergarria ezabatu zuen erritmo lerromakur eta urre koloreko hondoen bidez eta espazioa eraiki zuen perspektibaren legeen ezarpenaren bidez, hondo eta paisaien zentzu naturalista aldarrikatuz. Alderdi honetan bere lan nagusiak honako hauek izan ziren: Brancacci kaperako freskoak, Carmineko elizan, eta Hirutasun Txit Santua, Santa Maria Novellaren elizan, biak Florentzian.
- Fra Angelico (1400 inguruan - 1455): pintura errenazentista hasiberriaren beste erreferente nagusia, bere obran Masacciorenean baino hobeto ikus daiteke gotikoak Errenazimendurako izan zuen bilakaera, denboran gehiago luzatzeagatik. Perspektibaren erabilera eskasak eta apainketak Deikundea bezalako lanetan, guztiz errenazentista den naturalismoa sortzen dute Nicolas V.a Aita Santuaren kapera pribatuan, Vatikanoan.
Quattrocentoko maisu handiak
Aipatutakoekin batera, pinturan honako maisu hauek nabarmendu behar ditugu:
- Filippo Lippi (1406-1469): gotikotik Fra Angelicoren antzeko bilakaera erakutsi zuen, bere heldutasun aldian marrazkiaren dotoretasuna eta paisaiaren originaltasuna nabarmenduz.
- Paolo Uccello (1397-1475): bere obrak figuren aire geometrizatzailea du ezaugarri. Bere produkzioaren artean San Romanoko bataila nabarmentzen da.
- Piero della Francesca (1429-1492): berritzaile garrantzitsua izan zen, eta arreta handiena xehetasunean jarri zuen eta baita adierazitako errealitate historikoa birsortzean ere. Bere lanen artean San Francisco de Arezzoko koruko freskoak nabarmentzen dira, Vera Cruzaren legenda buruzkoak.
- Andrea Mantegna (1431-1506): aurrekoek bezala honek ere giropen historikoaren xehetasuna azpimarratzen zuen eta baita planteamendu eszenografikoa ere, bere konposizioei aztertutako unitate dramatikoa ematen zielarik.
- Andrea del Castagno (1419-1457): bere figurei indar errealista handia eman zien.
- Antonio Pollaiuolo (h.1432-1498): figuren perfekzio anatomikoa garatu zuen, honen adibide on bat bere lan nagusia den San Sebastianen martirioa izanik.
- Sandro Botticelli (1445-1510): quattrocentoko dotoretasunaren eta fintasunaren adierazpen handiena lortu zuen Udaberria edo Venusen jaiotza bezalako lanekin.
XVI. mendeko pintura
XVI. mendeko pintura errenazentistak jenio unibertsal handiak ditu, Italian eta gainerako Europan. Bai maisu handiek eta bai ospe gutxiagoko pintoreek ere manierismoa hartu zuten jarraibide nagusitzat, hau da, adierazpen indibiduala, beren estiloaren berezko manieraren eta ardura artistikoaren araberakoa.
Maisu italiar handiak
Garaiak eta estiloak gaindituz, Italiako XVI. mendeko pinturak garai guztietako arte piktorikoaren adierazlerik handienetariko hiru ditu: Leonardo da Vinci (1452-1519), Miguel Angel Buonarroti (1475-1574) eta Rafael Sanzio (1483-1520).
- Leonardoren nortasun misteriotsua Milaneko jauna zen Ludovico Sforzari bere zerbitzuak eskaintzen zizkion gutunean ezagutarazi zen. Gutun honetan ingeniari militar legez aurkezten zuen bere burua eta, azkenean bakarrik, berak arkitekto, eskultore eta pintore legez zituen ahalmenei buruzko aipamen labur bat egiten zuen. Bere produkzio piktorikoaren artean Magoen adorazioa, Afari Santua, Ama Birjina eta Haurtxoa Santa Anarekin, eta Mona Lisaren erretratua nabarmendu behar dira.
- Miguel Angelen artearen adierazpen izugarria bere goren une piktorikoa aurkitu zuen Kapera Sixtinako gangako freskoetan eta Azken Judizioako aldarearen horman, kapera berean egina hogei urte beranduago.
- Rafael klasizismoaren oreka idealaren eredu bihurtu zen Vatikanoko Stanza de la Signaturako freskoak bezalako obretan, Atenaseko Eskola, Parnasoa edo Sakramentuaren eztabaida bezalako eszena ospetsuekin.
Miguel Angel, Jatorrizko bekatua eta paraisotik kanporatzea, Kapera Sixtinako freskoen xehetasuna, Vatikanoan.
Cinquecento piktorikoko beste izen garrantzitsu batzuk honako hauek izan ziren: Tiziano Vecellio (1485 inguruan-1576), genero mitologikoaren, erretratuaren eta gai erlijioso eta historikoen egile fin eta sentsuala; Giorgione (1477-1510), Jacopo Robusti, Tintoretto (1518-1594), Paolo Caliari, Verones (1528-1588), Antonio Allegri, Correggio (1494-1534) eta Agnolo di Cosimo, Bronzino (1518-1572).
Pintura errenazentista Europan
Pintura errenazentistaren hasierak berehala zabaldu ziren Europan zehar, zenbait nazio-eskola loratu zirelarik.
Alemanian Alberto Dureroren (1471-1553) figura nabarmendu behar da, marrazketa oso ondo menderatzen zuena eta teknika piktorikoari buruzko hainbat trataturen egilea, azken hauek ondorengo zenbait belaunalditako artistek erabili zituztelarik. Halaber, aipagarria da honako hauen lana: Hans Holbein Zaharra (1460/70-1520), Lucas Cranach (1472-1553), Albrecht Altdorfer (1480-1538), Matthias Grünewald (1470/80-1528 inguruan) edo Hans Holbein Gaztea (1497-1543).
Postulatu errenazentisten interpretazio pertsonala egin zuten flandestar hauek ere: Joachim Patinir (1480 inguruan), genero paisajistikoaren aitzindaria, eta Pieter Brueghel Zaharra (1525-1569), estetika errenazentistari buruz hausnartu zuena «modernotasun» handiko printzipio naturalistetatik.
Espainian Errenazimentu piktorikoan Domenikos Teotocopoulosen, El Grekoren, figura izan zen nagusi. Toledon biziz, El Grecok sorkuntza manieristak garatu zituen, figuren estilizazio nabarmen batekin, Orgazeko kondearen ehorzketa edo San Mauricio eta legio tebastarra bezalako obretan.
Sixtoren Kaperako freskoak
Julio II. aita santuaren aginduz margotu zituen Michelangelok Sixtoren Kaperako freskoak. Laguntza guztiei uko egin zien, eta lan horretarako bereziki diseinatu zuten aldamio batean aritu zen lanean. Freskoetarako gaiak Bibliatik hartuta daude (Itun Zaharra sabaian eta Apokalipsia aurrealdean), sibila (igarle) klasikoak ere jarri zituen Michelangelok, Kristoren jaiotza iragarri zutela esaten baitzen.
Medicitarren mezenasgoa
Sandro Botticelli, Udaberria (Uffizitarren Galeria, Florentzia).
Leonardo da Vinci, Mona Lisa (1503-1506). (Louvreko Museoa, Paris).
El Greco, Orgazeko kondearen hilobiratzea (Santo Tomeko eliza, Toledo).
XV. mendean zehar Medicitarren Gortea, Florentziako jaunak zirenak, jakintzaren eta arteen adar guztien babeserako eta sustapenerako gune bihurtu zen. Medicitarren gortearen babespean bere obra garatu zuten egileen artean Fra Angelico nabarmendu behar da, Cosme de Medicisen garaian (1389-1464), eta Botticelli, Lorenzo Magnifikoaren denboretan (1449-1492), bere lagun pertsonala izan zelarik.
