«« Itzuli
Errenazimentuko artea (III)
Leonardo da Vinci
Leonardo da Vincik jakituria unibertsala eta adimen egonezina islatzen ditu. Bere jarduera artistikoekin batera, Leonardok zientziaren eta teknikaren hainbat arlo ere ikertu eta jorratu zituen (ingeniaritza militarra eta aeronautikoa, anatomia, biologia...), eta hainbat marrazkitan utzi zizkigun horren adibideak, bere jatorrizko idatziekin batera (alderantziz idatziak daudenez, beharrezkoa da ispilu baten laguntzaz irakurtzea).
Verrochioko estudioan, jada pintore eta eskulturagile gisa, bere lehen pintura-lana egingo du: Ama Birjinaren Deikundea (Uffizzi, Florentzia). Nolanahi ere, bere lehen obra handia Azken Afaria izango da, Milango Santa Maria delle Grazie komentuan dagoena. Eszena horretan, traizioaren iragarpena egin ondoren, apostolu bakoitzak bere errugabetasuna frogatzen saiatzen direnekoa ageri zaigu. Leonardok keinu eta erreakzioen sorta zabal bat eskaintzen digu, piramidearen egitura baten azpian, pertsonaiak eta lehen planoko mahaia oinarrian ditugula, eta Kristoren burua, berriz, erpinean.
Milanen egindako denboran, Ludovico Moro bere babeslearentzat, ingeniaritza zibil eta militarreko era guztietako lanak egingo ditu, esate batearko, Francesco Sforza haren aitaren zaldi gaineko estatua, eta Arroketako Ama Birjinaren zenbait bertsio piktoriko. Florentziara itzultzen denean bere obrarik adierazgarrienari ekingo dio: Gioconda izenekoari. Francesco del Giocondo izeneko merkatari aberatsaren emazte Monna Lisaren erretratua izango da. Pintoreak berak amaitutzat jotzen ez zuenez, berarekin eramango zuen bere joan-etorri guztietan, are Frantziara joan zenean ere, eta horrek bultzaturik, interpretazio gehien jaso dituzten obretako bat dugu, mendebaldeko pinturaren ikono ukaezina. Deigarria gertatzen da emakume gaztea nolako naturaltasunez paratuta dagoen, ertzen eta hazpegien lausotze leuna eta, jakina, irribarrearen keinua, interpretazio horietako askoren iturri.
Leonardoren marrazkiek ere ospe handia dute. Autore honek bere apunteen osagai gisa erabili zituen, artea beste zientzia batzuekin erlazionatzeko, medikuntzarekin eta ingeniaritzarekin esaterako. Horrek guztiak bere izaera humanista agertzen digu.
Leonardoren baitan, jarduera artistikoek eta zientifikoek bat egiten dute. Bigarrena, bere garaikideek gutxietsia izan zen, baina lehenbizikoan, edertasuna, eredu errenazentistatzat modu ezin hobean islatzen jakin zuen maisu gisa aintzat hartu zuten. Bere teknikarik nabarmenena sfumatoa izan zen. Ertzen difuminazioan datzan teknika da eta bere "airearen lodiera gardena" teoria zientifikoan oinarrituta dago. Leonardok pentsatzen zuen atmosfera ez zela gardena, koloreak eta argiaren eraginpean aldakorrak diren berezko formak zituela.
