ARTEA

«« Itzuli

Errenazimentuko artea (III)

Michelangelo Buonarroti

Michelangelo Buonarroti-ren figuran Errenazimentuko gizonaren ideala ageri zaigu hezurmamiturik. Hiru arteetan jardun zuen, nahiz eta berak bere burua eskulturagiletzat zuen beste ezeren aurretik. Artearen esparru horretan oso gazterik nabarmendu zen Vatikanoko Pietatea bezalako obrekin. Julio II.aren Mausoleo izugarria egiteko agindua jasoko du, eta proiektu horren barruan berrogei figura baino gehiago sartzen ziren.

Aita santuaren heriotzak lan itzel horren handitasuna murriztu zuen, eta horrela, Michelangelok Moises ospetsua eta zenbait esklabo besterik ez zuen egin. Moisesen figura hori terribilitá edo indar eutsiaren adibide dugu. Esklaboek, berriz, egileak eskulturaz zuen kontzepzioa erakusten digute, esaten baitzuen figurek harriaren barrualdean taupaka egiten zutela eta eskultoreek haiek handik irtenarazi egin behar zituztela.

Urte batzuk lehenago, Florentziako hirian Dabid itzela egin zuen (lau metro baino handiagoa), eta bertan, indarra baino gehiago, Bibliako heroi horren kontzentrazioa nabarmendu nahi izan zuen, argi eta garbi definitutako anatomia duela.

Arkitekturaren alorrean, nabarmentzekoa da Vatikanoko San Petri basilikan izan zuen parte-hartzea, bertako kupularen eta Bramanteren proiektuaren gainean egindako zenbait aldaketen arduradun izan baitzen. Gainera Kapitolioaren plaza birmoldatu zuen, espazio estu batean zabaltasunaren ideia nola sortu litekeen erakusten duela. Antzeko helburua lortu nahi izan zuen Florentziako Liburutegi Laurentziarreko eskaileran.

Sixtotar Kapera izan zen bere obra nagusia eta, aldi berean, bere amets gaiztorik handiena. Julio II.ak agindutako proiektu horrek erabateko dedikazioa eskatu zion lau urtetan (1508-1512), eta denbora hori guztia gangari eskaini zion. Michelangelok berak antolatu zuen konposizio guztia, eszenak proiektatu zituen eta laurehun eta gehiago metro koadro horietan banaturik dauden irudiak (hirurehunetik gora) margotu zituen. Testamentu Zaharreko eszena horiekin (azpimarratzekoak dira Jainkoak Adan sortu zuenekoa, haren aurpegia Julio II.arena berarena delarik), profeta eta sibila paganoenekin batera, mundu grekolatindarraren eta kristautasunaren arteko jarraitasuna azpimarratu nahi zuen. 1541. urtean Azken Judizioa margotzeko agindua jaso zuen Sixtotar Kapera horretarako, eta horrela, arte piktorikoaren lanik dramatikoenetako bat eskaini zuen.