ARTEA

«« Itzuli

Errenazimentuko artea (III)

Rafael Sanzio

Rafael Sanziok (1483-1520) Quattrocentoko Perugino pintorearen ardurapean hasi zuen bere heziketa. Bien artean Ama Birjinaren ezkontzari buruzko koadro bat margotu zuten, eta bertan, espazioaren errepresentazioari eta perspektibak duen presentziari dagokienez pinturak izan duen bilakaera antzeman daiteke. Gerora, Florentzian, nabarmen ikus daiteke Michelangeloren eta Leonardoren eragina figuren monumentaltasunean eta sfumato izeneko teknikaren erabileran. Rafael bere berezko estiloa definitzen joango da, eta aipatzekoa da Ama Birjinaren ikonografiari egindako ekarpena (Madonna del Prado). Ama Birjinaren eta Haurraren arteko harremana modu atseginagoan agertzen du, baita piramide itxurako konposizioen aldeko joera ere. Bere Eraispenean garbi ikus daiteke klasizismoa dela haren estiloaren ezaugarria: figuren isolamendua.

Bere obraren aitorpen gisa, Julio II. Aita Santuak Vatikanoko San Petriren Signaturaren Gela apaintzeko eskatuko dio. Aretoa ez da handiegia eta bertarako programa ikonografiko konplexua prestatuko du. Errenazimentuan ohikoa zen legez, eszena desberdinek mundu eta kultura grekolatindarraren eta kristautasunaren arteko jarraitasuna bilatzen dute.

Atenasko Eskola dugu, zalantzarik gabe, obrarik herrikoiena. Bertan filosofo eta zientzialari ugari ikus ditzakegu, hara eta hona dabiltzala, beren ikasleei teoriak azaltzen ari direla, Bramanteren joerako barne-espazio monumental batean. Aipatzekoak dira eszenaren erdian ageri diren figurak: Platonek, Leonardoren aurpegiarekin, hatza gorantz duela ideien mundua adierazten ari da, eta Aristoteles, aldiz, errealitatearen mundurantz jotzen du.