ARTEA

Euskal Herriko eskultoreak (XVI-XVII)

Beaugrant, Guiot

Bere lehen lana (Bruselako Epaimahaien Saloiko tximinia) Flandesen egin zuen. Bilbon finkatu zen 1533an eta bertan lan asko egin zituen: Portugaleteko Santa Mariako erretaula nagusiaren erdialdea (1533), Bilboko Santiago elizako erretaula nagusia (egun desagertua, 1533-46) eta Balmasedan, Ziortzan, eta beste hainbat lekutan egindako eskulturak. Bilboko Arkeologia Museoan daude haren obrak. Pizkundea Bizkaian sartu zuen artista izan zen; estilo klasikoa eta flandestarra bat egiten jakin zuen. Haren eskulturetako ezaugarri nagusia, oinazerik gabeko aurpegiak dira. Guiot-ekin batera lan egin zuen bere anaia Joanek eta Guiot hil zenean bukatu gabe utzitako obrak burutu zituen.

Aiala, Joan

(Gasteiz, XVI. m.). Erromanismoaurreko eta platereskoan integratutako Pizkunde garaiko eskolan eragina izan zuen. Xemeingo Jasokundearen elizako erretaula pintatu eta dekoratu (1527); Oņatiko San Migel elizako erretaula (1535); Ziortzako kolegiatako sakristiako santutegia (1543); Joan Beaugrantekin batera Portugaleteko Santa Mariako erretaula (1549) eta Zuņigako erretaula (1563) egin zituen.

Araoz, Andres

Eskultorea (Oati, 1518-63). Euskal Herriko eta atzerriko hainbat erretaula egin zituen (Itziar, Eibar, Deba, El Busto, Lapoblacion), guztien artean Genevillako San Esteban parrokiako erretaula da garrantzitsuena. Berrugueteren eragina nabaria da haren obran. Halaber, eragin handia izan zuen Euskal Herriko hainbat eskultorerengan. Erretaula asko amaitu gabe utzita hil zen.

Antxieta edo Antxeta, Joan

Eskultorea (Azpeitia, ~1540 - Iruņea, 1588). Florentzian egin zituen arte-ikasketak eta handik ekarri zuen Jacopo della Quercia, Donatello eta Migel Anjelen eragin nabaria. Valladoliden finkatu eta garaiko eskultoreak ezagutu eta lagun izan zituen (Berruguete, Becerra, Beltran eta Juan de Juni). Iruņean finkatu zen (1576). Erretaula nagusi ugari egin zuen: Tafallan, Kasedako Santa Mariarena, Zumaiako San Pedrorena, Baionan, Briviescako Santa Klararena, Zaragozako Seoko San Migel elizakoa eta Burgosko katedralekoaren zati bat (1576 -78). Euskal Herriko eskola erromanistaren sortzailea izan zen eta eragin handia izan zuen ondorengo artistengan.

Zumaiako erretaula

Zumaiako elizan aurkitzen da Gipuzkoan dagoen Joan Antxietaren lan seguru bakarra. 1574 eta 1577 bitartean egina edo geroxeago polikromatua da.

Belasko, Esteban

Eskultore arabarra (XVI. m.). Antxietaren jarraitzailea izan zen. Estilo erromanistako hainbat erretaula egin zuen, gehienak Arabako elizetan.

Bidarte, Domingo

Eskultorea (1561 - ~1632). Joan Flandeskoaren eta Inberto anaien Lizarrako tailerretan ikasi eta Iruņeko katedraleko erretaula nagusia egin zuen. Zapata Iruņeko apezpikuak (1596-1600) babestu zuen. Nafarroako herrietan barreiaturik dauden zenbait erretaula egin zituen, besteak beste Cascanteko elizako erretaula nagusia.

Aiala, Pedro

Joan Aialaren biloba. E. Belaskoren eraginez erromanismoaren jarraitzaile izan zen (1630); ondoren, errealismoari jarraiki azala gogor tratatu eta argiluna tolestaketa metalikoen bidez lortzen zuen. Biloda, Gereņu, Doroņo, Letona, Zalduondo, Uribarri Ganboa eta Arrasateko elizetako erretaulak egin zituen.

Inberto, Joan I.a

(Frantzia, ? - 1589). Zangoza eta Iruņeko beste eskultoreekin lan egin zuen eta Lizarran ezarri zuen tailerra. Bere seme Pedroren laguntzaz jite platereskoa duen Abartzuzako erretaula nagusia egin zuen.

Espinal, Migel

Eskultore nafarra, Iruņean finkatua (XVI. m.). Haren obrak, 1553-90 bitartekoak gehienak, Nafarroan barrena barreiaturik daude: Otsagabiako erretaula nagusia eta Iruņeko Santiago Monastegiko Andre Maria Errosariokoa dira aipagarrienak.

Iriarte, Joan

Eskultorea (Altsasua, ? - Hondarribia, 1595). Bizkaian bizi eta gero, Donostian finkatu zen (1590). Donostiako San Bizente elizako erretaulan lan egin zuen Bengoetxearekin (1583-86). Hondarribia eta Oiartzungo elizetako erretaulak (1590-94) eta Gipuzkoako jauntxoen etxeetako armarriak eta zenbait busto ere egin zituen.

Inberto, Joan II.a

(Lizarra, ? - 1600), aurrekoaren semea. Estilo erromanista landu zuen; Lizarrako San Pedro elizako zurezko erretaula nagusia egin zuen eta Portugaleteko Santa Mariako erretaula bukatu.

Gonzalez de San Pedro, Pedro

Eskultore nafarra, Cabredon jaioa (XVI-XVII. m.). Antxietaren ikasle eta Bernabe Inbertoren irakaslea izan zen. Italiako manierismoaren kutsuko obra erromanistak egin zituen; Antxietak hasitako Tafallako Santa Mariako erretaula nagusia eta Cascanteko Jasokundekoaren elizako erretaula egin zituen. Ondoren, Joan Bazkardorekin Iruņeko katedraleko erretaula nagusia eta Kalagorrikoa egin zituen. Gustukoak zituen azalera txikitan egindako xehetasun handiko erliebe finak.

Basabe, Martin

Eskultore bizkaitarra, Aulestian jaioa (XVI-XVII. m.). Joan Antxietaren jarraitzailea izan zen. Uribarrirekin batera aritu zen gerran erretako hainbat aldare eta erretaulatan lanean. Getariako parrokiako erretaula nagusia eta Mungiako San Pedro elizako aldare nagusia dira haren obra ezagunenak.

Ganboa, Joan

Eskultore bizkaitarra (XVI-XVII. m.). Felipe II.ak deiturik, bere aita eta irakasle Martinekin El Escorialera jo zuen koruko aulkiteriako tailak eta liburutegiko apalak egitera. Aita hildakoan bakarrik jarraitu zuen lana amaitu arte. Gaixotu eta lana amaitu aurretik itzuli zen.

Inberto, Bernabe

(Lizarra, 1562-1631), Joan I.aren semea. Eskultore erromanista, Antxietarenaren antzeko estiloa zuen. Bere anaiekin eta ilobarekin lan ugari egin zuen; ezagunenak Mendigorria, Andosilla eta Garisoaingo erretaula nagusiak dira.

Inberto, Pedro

(Lizarra, ? - 1598), Joan I.aren semea. Alloko koruko aulkiteria eta Ganutzako erretaula nagusia egin zituen. Oso gazte hil zen.

Inberto, Joan III.a

(Lizarra, 1584 - ?), Joan II.aren semea. Gazte zelarik umezurtz gelditu eta Lizarratik kanpo bizi izan zen 1614 arte. Bere osaba Bernaberekin jite erromanistako erretaulak egin zituen, baina ondoren barrokorako joera nagusitu zen haren eskulturetan (Sesma eta Villatuertako erretaula nagusiak esate baterako).

Larrea Erzilla, Lope

Eskultorea (Agurain, 1540-1623). Pierre Picart-ekin lan egin zuen eta Picart-en alabarekin ezkondu zen; aitaginarreba hil zenean bakarrik segitu zuen tailerrean. Joan Antxieta eta Joan Beauvais eskultore erromanisten eragina nabari da haren lanetan. Aguraingo elizako erretaula eta Ama Birjinaren irudia eta Getariako elizako erretaula (1603) ditu lanik aipagarrienak.

Beauvais, Joan

Eskultore eta imajinagina, sortzez frantsesa (XVI. m.). "Fraide" izengoitia zuen, erlijiosoa ez izan arren. Nafarroako pizkundeko eskultore garrantzitsua, Pierres Picart-en eskolakoa zen; Lope Larrea, Nikolas Perez, Pedro Moret eta Migel Marsal tailagileekin aritu zen urtetan. Lizarrako San Joan elizako erretaulan esku hartu zuen italiar kutsuko irudiak eginez (1563). Untzueko elizako erretaula egin zuen estilo manieristan (1565); Arakilgo eta Otsagabiako elizetako erretauletan parte hartu zuen (1590). Abenturazalea zen eta Inkisizioarekin arazoak izan zituen; preso eduki zuten Logroņon (1570).

Bengoetxea, Anbrosio

Eskultorea (Alkiza, 1552-1625), Joan Antxieta eskultorearen ikaslea. Haren obran eskola erromanistaren eragina nabaria da. Zenbaiten ustetan, Bengoetxearen eskulturaren bidez erromanismotik XVII. m.rako pausoa eman zen. Errenteriako Andre Maria Jasokundekoaren elizako (1617) eta Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizako sagrarioak eta Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat elizatako erretaula eta irudiak egin zituen (Tolosako San Frantzisko eta Santa Mariakoak, Donostiako San Bizentekoa, Aezkoako Hiriberrikoa, Berastegikoa eta Lezokoa). Bere lehen obra, Joanes Iriarterekin batera eginiko Donostiako San Bizente elizako erretaula nagusia izan zen (1583); azkenak, berriz, Gipuzkoako herrietan eginikoak (1609-15). Cascanteko Andre Mariaren Jasokundearen elizako erretaula hartzen da haren maisulantzat.