ARTEA

«« Itzuli

Euskal Herriko eskultoreak (XVI-XVII)

Erromanismoa Joan Antxietak sartu zuen Euskal Herrian

Europako XVI. mendeko joera artistiko bati ematen zaio izen hau, garai horretan Erroman egiten zen artea eredutzat hartzen zuelako.

Joera hau Aragoin, Euskal Herrian eta Burgos aldeko herri batzuetan sartu zuen eskultorea Joan Antxieta izan zen.

Migel Anjelen lanak ezagutu zituen nonbait eta haiek hartzen ditu eredutzat.

Tafallako Santa Maria elizako erretaula da Antxietaren lanik ederrenetako bat. Honen historia 1581ean hasi zen, sagrarioa enkargatu ziotenean. Bi urte eman zituen lan hori burutzen. Egin zuen lanarekin pozik geratu ziren nonbait enkargua egin ziotenak, zeren berehala erretaula enkargatu baitzioten.

Lan hartantxe jardun zen Antxieta hil arte. Horregatik lana bukatu gabe utzi zuen eta jarraipena laguntzailea zuen Pedro Gonzalez de San Pedrok eman zion 1588tik aurrera.

Irudi erromanistak arranditsuak dira, gorputz indartsuak agertzen dituzte, tolestura handiak dituzten arropak, oinazerik gabeko aurpegiak. Pertsonaiek heroi itxura dute.

Irudiok margotzen dira, baina ez dira asko urreztatzen eta koloreak ere ez dira oso biziak.

Estetika hau Eliza Katolikoa garai hartan egiten ari zen Kontrarreformari dagokio. Izan ere, irudiei balio didaktiko eta morala eman nahi zaie, Trentoko Kontzilioak markaturiko jarraibideen arabera.

Eskultura erlijioso ugari egiten da garai horretan, kalitate on samarrekoa eta estilo ongi definitukoa.

Irudiak erretaulatan konbinatzen dira, Kristoren Nekaldia bezalako misterio handiak agertzeko, eta baita protestantismoak zalantzan jartzen zituen ideiak, Ama Birjinarekiko jaiera, edo sakramentuen balioa, esate baterako, goraipatzeko.

Ikustaldia

Tafallako Santa Maria elizako erretaularen zati bat. Ama Birjinak bere lehengusina Isabeli egin zion Ikustaldia erakusten du