ARTEA

Euskal Herriko pintoreak (XVI-XVII m.)

XVI. mendean Gipuzkoara eta Bizkaira Herbeheretatik triptiko eta taula asko ekarri ziren elizatan jartzeko. Araban, ordea, hormatako pinturak egin ziren nekazari-giroko eliza txikietan. Gasteizen baziren beren lantegiak zituzten pintoreak, hala nola Pedro Gamiz, Tomas Oñate eta Pedro Elias de Avena, Hego Euskal Herri osoan eta are Gaztelan ere beren lanak utzi zituztenak. Nafarroako Erribera aldean, aldiz, taulak eta erretaulak pintatzeko eta urreztatzeko ohitura handiagoa zegoen. Honen lekuko dira Cintruenigon eta Erriberrin Pedro de Aponte aragoitarrak XVI. mendearen lehen herenean egin zituenak. Iruñean ere izan ziren pintura-lantegiak XVI. mendean. Aipagarriak dira Juan del Bosque, Joan Bustamante, Ramon Oskariz eta Joan Landarenak.

Bustamante, Joan

Pintore errenazentista (Lizarra, ~1495 - ~1553). Zizur Nagusiko erretaula platereskoa (~1538) eta Uharteko San Joan elizako erretaula nagusia egin zituen (~1535); baita Etxauri, Galar eta Muniaingo elizetako erretaulak ere. Irudi indartsuak eta intentsitate dramatiko handiko eszenak pintatu zituen.

Uharteko erretaula

Uharteko San Joan elizako erretaula

Landa, Joan

Pintorea, Arakilgo Hiriberrin jaioa (XVI. m.). Iruñean finkatu eta Kontrarreformaren garaian pintore garrantzitsua izan zen. Migel Anjel-en eta naturalismoaren eragina nabari da haren lanetan; argi-efektuak zituen gogoko. Nafarroako eliza askotarako erretaulak egin zituen: Tafalla, Añorbe, Muruzabal, Kaseda, Tiebas, etab.

Añorbeko erretaula

Añorbeko erretaula

Tailagile hau Joan Antxieta azpeitiarrarekin Casedako elizan lan egin zuena bera zen. Dirudienez Antxietak egindakoa da Añorbeko erretaula eta Contrerasek muntatua. Erretaula pintatzeko lana Joan Landari enkargatu zioten. Tafallan ere gauza bera egin zuten: Antxietak taila egin eta Landak pintatu.

Mendieta Retes, Frantzisko

Pintore eta historialaria (Mendieta, 1556 - ?). Oso gazterik Bilbon finkatu zen. Jura de los Fueros de Vizcaya por Fernando el Católico margolana egin zuen. Begoñako Amaren irudiak, prozesioak eta erretaulak ere pintatu zituen. Bestalde, balio handiko lan historikoa egin zuen: Los Annales de Vizcaya, 1399-1456 bitarteko gertaerak aztertzen dituena. Lanaren laurdena baino ez da gordetzen, Bizkaiko leinuen eta bando-gerren historia biltzen duena, hain zuzen.

Begoñako ezkontza

Begoñan egindako ezkontza bat irudikatzen du Frantzisko Mendietaren pintura honek. Ikusgarria da egileak hartu zuen arreta, garai hartan ospakizun handietan erabiltzen zituzten janzkerak ziren bezalaxe azaltzeko.

Etxabe Orio, Baltasar (izg. Etxabe Zaharra)

Pintore, idazle eta abokatua (Oikia, 1548 - Mexiko, ~1620). Mexikora joan eta arrakasta handia eta jarraitzaile asko izan zituen pintura-korronte eta -eskola berria sortu zuen. Obretan arkaismorako joerako estilo manierista landu zuen (La Oración del huerto; Adoración de los reyes; Visitación de la Virgen a su prima Isabel eta Porciúncula). Discursos de la antiguedad de la lengua cántabra Bascongada (1607) liburua idatzi zuen. Mexikoko errege-entzutegiko entzulea izan zen (1606).

Oración en el huerto

"Oración en el huerto", Olio-pintura mihise gainean. Pinacoteca Virreinal de San Diego (Mexiko)

Adoración de los Reyes

"Adoración de los Reyes", Olio-pintura zur gainean. Pinacoteca Virreinal de San Diego (Mexiko)

Iriarte Zabala, Inazio

Pintorea (Azkoitia, ~1621 - Sevilla, 1685). Sevillara joan, bertako Herreraren tailerrean sartu eta Murillo eta beste pintore ospetsuenekin harremanetan jarri zen (1643). Sevillako akademiaren sortzaileetakoa eta bertako idazkaria izan zen. Garaiko pintoreek ez bezala, paisaiak pintatu zituen batik bat; bere margolanak bilduma partikularretan eta Parisko Louvre eta Madrilgo Pradoko museoetan daude (Paisaje con pastores; Paisaje con ruinas; Paisaje con un torrente).

Paisaia

Paisaia (1665). Inazio Iriarte. Museo del Prado

Berdusan, Bizente

Pintore nafarra, jatorriz ustez aragoiarra (? - Tutera, 1697). Madrilgo XVII. m.ko eskolan ikasi eta Tuteran egokitu zen (1655). Sevillako eskolako Murillo eta Valdés Leal pintoreen obra ezagutzen zuen eta haien eragina nabaria da Berdusanen apostoluen eta santuen irudi eta margolanetan. Pintura asko egin zituen, erlijiosoak ia denak, eta Nafarroa eta Aragoiko eliza eta museoetan daude.

Triptikoa

Bizente Berdusanen triptiko bat. Huescako Elizbarrutiaren museoan erakusketa batean jartzeko zaharberritu zutenean ohartu ziren berea zela. Itxuraz erdiko atalean sinadura azaldu zen.

Ama Birjina Guztiz Garbia Haurra

Berdusanen Ama Birjina Guztiz Garbia Haurra (1663). Kolore aldetik Madrilgo eskolaren ukitua du.

Baltasar Etxabe, mexikarrek miretsia

Gaur egungo arte-espezialista mexikarrek Baltasar Etxabe herrialde hartan XVII. mendearen hasieran izan zen pintorerik helduentzat dute. Bere garaian ospe izugarria izan zuen han, beste pintore on batzuen lana ezkutuan uzterainokoa batzuetan. Semea, Baltasar Etxabe Ibia, eta biloba, Baltasar Etxabe Rioja, ere pintoreak izan ziren. Mexikora joan aurretik Sevillara joan zen 1573tik 1582ra. Hiri hartan Espainian eragina zuten pintura-eskola flamendarraren eta italiarraren arteko batze moduko bat gertatu zen. Mexikon, berriz, XVII. mendearen hasieran, XVI. mendeko ebanjelizazioaren eta baketzearen ondoren, hiriak osatuz joan ziren eta hauetan parrokiak sortzen. Bestalde, Trentoko Kontzilioak elizetan irudiak jartzea bultzatu zuen, Testamentu Zahar eta Berriko gertaerak eta santu eta martirien bizitzak goraipatzeko. Baltasar Etxabe Oriok Sevillan ikasitakoa Mexikoko girora egokitu zuen.

 

Sevillako Arte Ederren Akademia, mendez mende jardun duen erakundea

Bartolomé de Esteban Murillo, Francisco de Herrera Gazteak, Juan de Valdés Leal, Sebastián de Llanos y Valdés eta beste pintore eta artista batzuk sortu zuten 1660an, Arte Ederrak irakasteko. Eskola hura XVII. mendearen bukaera arte egon zen zabalik. Ez zen, ordea, horrekin agortu Sevillako iturria. 1759an artista-talde batek heldu zion berriro pintura, eskultura eta arkitektura irakasteari Sevillako Hiru Arte Nobleen Akademia izenarekin. Karlos III.ak Errege-Akademia izendatu zuen. 1827an indarrean jarri ziren legezko eskakizunak zirela eta, egitura eta izena aldatu egin zizkioten: Santa Isabelen Arte Nobleen Errege-Akademia izenaz bataiatu zuten. Harrezkero ez zen irakaskuntzaz soilik arduratuko, baita kultur ekitaldiak eta erakusketak antolatzeaz, arte- eta hirigintza-gaietan aholku emateaz ere eta bereziki Sevillako Arte Ederren Museoa sortzeaz. 1849ko beste lege batek, berriz ere, Akademia hauen xedea eta egitura asko aldatu zituen. 1892an Sevillako Unibertsitatearen menpean geratu zen. Gaur egun Pinelotarren Jauregian du bere egoitza