ARTEA

Arte barrokoa (I)

XVII. mendean zehar Berpizkundeak emandako lasaitasunaren aurkako erantzuna eman zen, bai Europan nola Iberoamerikan. Erantzun horretatik premisa estilistiko berriak eratu ziren, Barrokoarenak hain zuzen ere; honek irudien tentsioa eta dinamismoa eta konposizioaren konplexutasuna bultzatu zuen adierazpen artistiko guztietan.

Italiar arkitektura barrokoa

Erroma, mundu katolikoaren hiriburua, Mendebaldeko gune politiko eta kulturala bihurtu zen 1600.urtetik aurrera, «arranditsua» ezizena ezarri zitzaiolarik. Bertan egin ziren Gregorio XIII.aren (1502-1585) hirigintza berrikuntzak, baita Sixto V.aren aitasandutzan egindako eraikuntza lan izugarriak, Clemente VIII (1536-1605) eta Pablo V.aren garaian (1552-1621) amaitu zirenak. Orduan San Pedroko basilika bukatutzat eman zuten, Carlo Madernok (1556-1629) premisa barrokoetan oinarrituz basilikaren gorputza eta aurrealdea egin zituenean.

Sorkuntza artistiko berria Kontrarreformaren hastapenetan oinarritu zen, hauek aita santuen hirian finkatu zirelarik. Hiru maisu bereiztu ziren:

  • Gian Lorenzo Bernini (1598-1680) arkitektoak Vatikanoko San Pedro Plazaren ordenazioa, Quirinalen kokatutako San Andres elizaren modukoak eta Navona Plazan aurkituko dugun Lau ibaien iturria bezalako dekorazio osagarriak eraiki zituen.
  • Francesco Borrominik (1599-1667), Sant Ivo della Sapienzaren aurrealdea, San Carlo alle Quattro Fontaneko eliza txikia egin zuen. Bertan antzematen ditugu Barrokoaren berezko argi eta estruktura ezaugarriak, tarte eta bolumenak azpimarratuz, elementu arkitektoniko ororen monotonia eta bekokitasuna hausteko eginak.
  • Pietro da Cortona (1596-1569), Berniniren hedakortasuna eta Borrominiren lanen kontzentrazioa orekatu zuen. Bere lanen artean nabarmena da Santa Maria della Paceren eliza.

Gian Lorenzo Bernini, San Pedro plaza (1656-1667), Erroma.

Arkitektura barrokoa Espainian eta Iberoamerikan

  • Espainia: arkitektura barrokoaren adierazpenetan bereizgarria da dekorazio osagarrien oparotasuna: Fernando de Casas y Novoa (1670-1749) arkitektoaren Santiago de Compostelako katedralaren Obradoiroaren aurrealdea; Pedro de Ribera (1683-1742) artistaren Madrilgo babes etxearen erretaula portada, gaur egungo udal museoa; edo Jose Benito (1665-1725) eta Alberto (1676-1750) Churriguera anaien lanak, Madrilgo Baztan Berriaren eliza eta Salamankako plaza Nagusiaren egileak, hurrenez hurren. Arkitekto hauek dekorazio ezaugarrien aberastasunaz osatutako estiloari izena eman zioten: estilo txurrigereskoa delakoa.
  • Iberoamerika: barrokoaren hastapenen interpretazioak ezaugarri autoktonoak ekarri zituen, XVII.mendean zabaldu ziren arma plazak adibidez, Iberoamerikar hiri gehienetan aurki ditzakegunak, baita lauki sare itxurako hirigintza diseinua ere. Katedraletan berezko ezaugarriak antzematen ziren ere, aurrealdeak bi dorreren artean markoztatuz, Mexikoko Oaxacan edo Peruko Cuzcon adibidez. Beste ezaugarrietako bat dugu hainbat osagarriz hornitutako dekorazioaren oparitasuna era aske eta bitxian erabiltzea, adibidez arku eta harresiak hornitzen dituzten urre koloreko marrazki konplexuak, edo erretauletan erabilitako zutabe salomonikoak.

Santo Domingoren tenpluko nabea (Oxaca, Mexiko).

Arkitektura barrokoa Frantzian, Bretainia Handian eta Erdialdeko Europan

Frantziar barrokoa hainbat hiriren hirigintza berrikuntza lanekin batera eman zen, Parisen batez ere. Bertan klasizista estiloko hainbat plaza egin zituzten, forma erregularrekoak guztiak. Klasizismo barrokoaren paradigma Versalles Jauregia izan zen, Louis Le Vau (1612-1670) eta Jules Hardouin-Mansart (1646-1708) arkitektoek egina. Estilo honen barruan sartzen ziren ere burgesiaren eraikinak, halaber mendiko jauregi eta gazteluak, eta hotel izeneko aldaera txikiagoak. Arkitektura zibil mota honetan Jacques Lemercier (1585 inguruan -1654) eta François Mansart (1598-1666) nabarmendu ziren.

Herri interpretazioek hainbat ildo sortu zituen, adibidez Chistopher Wren (1632-1723) arkitektoaren San Pablo katedralaren handitasun klasizista eta Habsburgotar Inperioaren eraikinen apaindura aberastasun liluragarria. Esparru honetan azpimarragarriak dira Johann Fischer von Erlach (1656-1723), Vienako San Karlos Borromeoren eliza egin zuena; eta Jakob Prandtauer (1660-1726), Austrian kokatutako Melk Monastegi bikainaren egilea.

Fischer von Erlach, San Karlos Borromeoren eliza, (Viena).

Pietro da Cortona, Santa Maria della Paceren eliza (1656), Erroma.

Francesco Borromini, San Carlo alle Quattro Fontaneko eliza (1634-1667), Erroma.

San Pedro, Kristautasunaren ezaugarria

Berniniren San Pedro plazaren antolamenduak, haren beso erraldoietan oinarritua, kristautasunaren bateratzearen ezaugarria adierazten du. Besoek basilikaren aurrealdearen zabalera azpimarratzen dute, eta haren adar eliptikoek dinamismo izugarriaz hornitzen dute plazaren egitura arkitektonikoa.

 

Estilo Txurrigereskoa

Pedro de Ribera, San Fernando Babes etxearen erretaula portada, (Madril).

Churriguera anaiek izena eman zioten espainiar jatorriko arkitektura barrokoaren forma berri bati; haren uhin forma zamatuak ezaugarri nagusiak izanik, kiribilez edo hostoez hornitutako zutabe salomonikoak erretaula eta aurrealdeetako ohizko osagaiak ziren.