«« Itzuli
Arte barrokoa (I)
Gian Lorenzo Bernini
Gian Lorenzo Bernini (1598-1680) barroko italiarraren joera bare eta klasizistaren eredu dugu, Borromini haren lehiakide arkitektonikoaren ondoan. Aita Santuaren babesa edukitzeari esker, bere ekarpenik garrantzitsuenak Vatikanoko San Petrin egin zituen. Bereak dira, esaterako, Columnata, erromesei ostatu emateko zabaltzen dena; Baldaquino izenekoa, koloma salomondar bihurgunetsuak nabarmentzen direla; Petri Katedra eta Scala Regia izenekoak. Berninik bezala ez du beste inork hain garbi azalduko barrokoaren izaera eszenografikoa; San Petriren barrualdea Eliza katolikoaren handitasunaren eta bere titularren boterearen eszenategi bilakatuko da.
Eskulturaren alorrean egindako ekarpenak ere oso garrantzitsuak izango dira. Perfekzio teknikoa, akabera-mota desberdinak eta eredu klasikoen iraupena bere gaztetako obretan nabarmen daitezkeen alderdiak dira, lanik gehienak Borghese kardinalaren enkarguz eginak, eta horien artetik azpimarratzekoa da Apolo eta Dafne harrigarria. Espazioaren eta mugimenduaren gaineko trebetasun hori arte bihurtzen da Lau Ibaien Iturrian, urak funtsezko protagonismoa betetzen duela. Teatraltasuna eta arte guztiak bateratzea (arkitektura, eskultura eta pintura) bere heldutasun artistikoaren seinale izango da, eta horren adibide dugu Cornaro kaperan aurkitzen den Santa Teresaren Estasia.
