ARTEA

Arte barrokoa (II)

Barrokoaren irudiak argi efektuen intentsitatean oinarritu ziren batez ere, sakontasuna eta dinamismoa adieraztearren. Beraz, argia oinarrizko osagaia izanik, kolorea beharreko tresna bihurtu zen, obren nabarmenkeria eta konplexutasuna areagotuz. Gaiari dagokionez, erlijioaren nabarmentasunari mitologia-argudioak batu zitzaizkion, naturari buruzkoak batez ere. XVII. mendean zehar erretratua jenero bezala onartu egin zen, giro nagusia gortearena zelarik.

Margolaritza Barrokoa Italian

Margolaritzari dagokionez, Erroma luzaroan izan zen arte barrokoaren hastapenen gune. 1600. urte inguruan bertan aritu ziren Barroko italiarraren bi artista ospetsu:

  • Michelangelo Merisi, Caravaggio ezizenaz ezaguna (1571-1610): XVII. mendeko berritzailerik handiena izan zen, naturalismoa gogor defendatu zuelarik; adibidez, Ama Birjina Hila obrarako Tiber ibaian hildako gazte baten gorpua erabili izana entzute handikoa izan zen. Tonu argi luna abileziaz erabiltzen zuelarik, Tenebrismo izenaz ezagutzen dugun estiloaren oinarriak finkatu zituen.
  • Annibale Carracci (1560-1609): erromatar klasizismoaren maisuak caravaggiar naturalismotik urruntzen zen estiloa landu zuen, eta manierismoaren itxurakeria alde batera utzita, bere helburu nagusia edertasunaren berezko goraipamena zen. Bere lanen artean azpimarragarrienak dira: Farnese Galeriako freskoaren bidezko dekorazioa, Erroman finkatua, eta Egiptorako ihesaren Paisaia. Azkenak paisaiazko estiloa garaiko beste hainbat margolarien artean zabaldu zuen, Domenichino (1581-1641) eta Guido Reni (1575-164) margolarien artean esaterako.

Caravaggio, San Mateoren Bokazioa (Frantsesetako San Luisen Eliza, Erroma)

 

Annibale Carracci, Ama Birjinaren koroatzea (Metropolitan Museum, New York)

Margolaritza barrokoa Espainian

Espainiar margolaritza barrokoa kritika eta bibliografia artistikotik at egon zen XIX. mendeko erromantikoek aldarrikatu zuten arte, hala ere XVII. mendeko beste estiloetatik bereizten zuten hainbat ezaugarri berezkoak adierazten zituen; errealismoa eta naturalismoa, adibidez, Kontrarreformak aldarrikatutako limurtzeko eta iradokitzeko gaitasunarekin bat etortzen ziren, baita herri erlijiotasunak adierazten zuen intentsitatea, irudi erlijiosoen kontzentrazioa eta sinbolismoarekin ere.

Margolaritza barrokoak emandako pertsonaiak hain ziren handiak (Zurbaran, Velazquez), garaiko artearen historian ezagutzera eman direla. Hala ere, bada zenbait artista Barrokoaren hasieran garrantzi handiagoa izan zutenak.

  • Bartolome Esteban Murillo (1617-1682). Bere obraren aberastasun kromatikoa eta argi zolitasuna arte espainiarraren ohizko zorroztasunetik urrundutako erlijiotasunaren adierazle bitxiak dira. Ama Birjinak eta santuen bizitzari buruzko eszenak haren estilo fina eta xehearen adibide dira.
  • Juan de Valdes Leal (1622-1690), bere ezohizko margoetan azpimarratzekoak dira nabarmenkeria handiko eszena makabroak.
  • Alonso Cano (1601-1667).
  • Francisco Carreño de Miranda (1614-1685).
  • Claudio Coello (1642-1693).

XVII. mendeko maisu handiak

XVII. mendean arte espainiarraren artista nabarmenetako hiruk bere obra sortu zuten:

  • Jose de Ribera (1591-1652): bere lan gehienak Napolesen margotu zituen, bertan Spagnoletto ezizenaz ezaguna zelarik. Tenebrismotik kolore klasizistara emandako aldaketan, lan garrantzitsuenen artean Sortzez Garbia, Patizambo eta Jacoben ametsa obrak aipatzen ditugu.
  • Francisco de Zurbaran (1598-1664): erlijiotasunaren inguruan gehienbat garatutako bere obran azpimarragarriak dira formen espresibitatea eta bolumenen malgutasun izugarria. Hainbat kritikoren ustez, honek kubismoaren antzeko abangoardiazko mugimenduen aurrekari bihurtu zuen. Bere obra garrantzitsuenak komentuko multzoak, Inmaculadak, eta Ama Birjina eta Kristoren haurtzaroko eszenak dira. Baita bodegoiak ere, hauei xumetasun eta laztasun nahiko pertsonala eman zielarik.
  • Diego Velazquez (1599-1660): Munduko artearen historiako margolari handienetakoa izanik, Velazquez Barrokoaren esparruan zehaztutakoa gainditzen du, bai modernitateari nola azalpenen irekitasunari begira. Sevillan landutako hastapenetan nabaria da tenebrismoaren eragina, Atsoa arrautzak frijitzen eta Sevillako urketaria margoetan adibidez. Madrilera joan eta bizitza osoa Felipe Laugarrenaren gortean eman zuen, 1660.urtean hil egin zen arte. Tarte luze horretan etengabeko maisulan sorta izugarria sortu zuen, adibidez Mozkorrak, Vulcanoren sutegia, San Placidoko Kristoa, Ispiluko Venusa, Meninak, Iruleak... Horrekin batera, aipatzekoak dira ere errege-senide eta jarraigoen erretratu anitzak.
 

Diego Velazquez, Meninak, 1656 (Prado Museoa, Madril).

Tenebrismoaren hastapenak

Jose de Ribera, Patizambo , 1642 (Louvre Museoa, Paris).

Caravaggiok sortutako estilo tenebrista argia eta itzalaren arteko alde azpimarratuaren erabileran oinarritzen da, batzutan zentzu sinbolista bat emateko helburuz egina; baita eszenan agertzen diren pertsonaien kokapenan ere, irudiaren sakontasuna eskortzo eta izurren bidez zeharo azpimarratuz.

 

Velazquezen gizarte maila igoera

Garaian kasu bakarra izanik, sorleku xeheko artista honen talentu artistikoak noblezia titulu bat eskuratu zion, Santiagoko Ordenaren Zalduna, alegia. Felipe IV. aren babesak, errege egiaztagiriekin batera, etekin handiena ateratzeko baliagarriak izan zitzaizkion Espainiako klasizismo barrokoaren unerik gorenean.