ARTEA

«« Itzuli

Arte barrokoa (II)

Diego Velázquez

Diego Velázquezek (1599-1660) Sevillan, bere jaioterrian, hasi zituen ikasketak, Francisco Pachecoren zirkuluan, eta bertara joaten zen gerora Olivaresko Konde-Dukea izango zena. Horrek Madrilgo ateak zabaldu zizkion. Gorantz egingo du, Gortean, Felipe IV. erregearen gorteko pintore bilakatu arte. Rubensen laguntza duela, erregea konbentzitzea lortuko du bere heziketa amaitzera Italiara joaten utz diezaion. Han Erroma eta Vatikanoa (Inozentzio X.aren erretratua), Venezia eta beste gune artistiko batzuk bisitatuko ditu. Bere bizitzaren amaieran aitormen berezia jasoko du, Santiagoko Ordenan sartzea lortuko baitu, urte batzuk lehenago artista batentzat pentsaezina zena.

Velázquez gorteko margolaria izan zen Felipe IV.aren erregealdian. Horrez gain, gortesaua eta dekorazio eta arte-proiektuen arduraduna ere izan zen. Erregearen eraginei esker, Diego Velázquezek hainbat noblezia-titulu jaso zituen, hil zenean hainbat inbidia eta mendeku sortarazi zituztenak. Erregearekiko erabateko menpekotasun horrek pribilegio-maila eman zion, eta Italiara hainbatetan bidaiatzea ahalbidetu zion, garaiko artea eta klasikoa in situ ezagutzeko.

Bere nortasun orekatuak baretasuna eta harmonia eskainiko dio bere obrari. Bere pintura-lanak oso ugariak dira. Bilakaera bat sumatuko da hasierako tenebrismotik (kolore urriak eta ospelak) kolore-aniztasun handiagora, eta erabateko heldutasuna Iruleak eta Meninak obrekin erdietsiko du.

Bere erlijio-lanetatik, nahiz arreta gutxi eskaini zion genero honi, aipatzekoa da Magoen gurtza; bere ikuspegi mitologiko pertsonal eta etxekotuetatik, Vulcanoren sutegia eta Mozkorrak; bere erretratu ugarietatik, errege-familiako kide desberdinei egindakoak (Felipe IV., Baltasar Karlos printzea), Gortekoei egindakoak (Olivaresko Konde-Dukea) eta itzal handiko gorteko bufoiei egindakoak. Azkenik, gaiaren berezitasuna dela eta, Ispiluko Venusa aipatzea merezi du, garai horretako biluzi bakarra, baita Villas Mediciko paisaia inpresionistak ere.