ARTEA

Arte barrokoa (III)

Rubens flandestarra eta Rembrant holandarra aldi honetako pertsonaia garrantzitsuak dira, beren obrak barrokoaren premisak gainditu eta margolaritzaren historia handiaren barne sartu zirelarik. Eskultura, berriz, hurrengo ezaugarriek egin zuten azpimagarri: konposizioen dinamismoa eta nabarmenkeria, irudien arropan azaldutako izur ugariak, diagonal eta eskortzo konplexuen bilaketa eta mugimenduaren gorespena.

Margolaritza Flandesen eta Herbeheretan

Flandes eta Herbeheretako margolaritza barrokoan bi pertsonaia nagusitu ziren:

  • Pedro Pablo Rubens (1577-1640): Italian hezitutako artistak Miguel Angel edo Tiziano margolarien energia eta dinamismoa eskuratu zion margolaritza flandestarrari. Azkenak eragin handia izan zuen berarengan. Irudimenaz jositako Ikuspegi bikainetatik, Rubensek Mediciseko Maria Luxemburgoko Jauregian obraren moduko dekorazio ziklo izugarriak egin zituen; helduaroan lan ospetsuagoak garatu zituen, Hiru Graziak, Maitasunaren lorategia eta emazte gaztearen erretratua: Helena Fourment biluzik, azal batek estalita.
  • Rembrandt (1606-1669): bere obraren berezitasunak leku bat oparitu omen zion margolaritzaren historian. Margolariaren oparirik preziatuena argiaren tratamendua izan zen, dentsitate efektuak eta dramatismo izugarria ematen duen urre koloreko atmosfera bihurtu baitzuen. Bere lehengo aldian izen handikoa izan zen, baina ondoren onarpena galduz joan zen eta, administratzaile txarra izateagatik bildumako obrak eta baita berezkoak zituenak ere saldu behar izan zituen. Lan nagusienen artean azpimarragarriak dira Nicolaes Tulp doktorearen anatomia gaia, Gaueko erronda, Ohial sindikoak, Emaztegaia judua eta hainbat pertsonaren erretratuak.
 

Rembrandt, Ohial sindikoak, 1661, (Rijksmuseum, Amsterdam).

Artista flandestar nabarmenak aipatu behar dira: Anton van Dyck (1599-1641) ingeles estiloaren erretratuaren ereduaren sortzaile; Jakob Jordaens (1593-1678) eta David Teniers II (1610- 1690). Herbeheretan, berriz, Frans Hals, talde erretratuaren maisua eta Vermeer von Delft nagusitu ziren. Azkenak errealismoa paisaia eta eguneroko etxeko eszenetan oinarritutako teknika finaren bidez adierazi zuen.

Frantziar eskola

Frantziar margolaritza barrokoan hainbat korronte osagarri bereiztu ziren:

  • Naturalista: George de La Tour (1593- 1658) eta Louis Le Nain (1593-1648), nekazaritza eszena bitxien sortzaile.
  • Jansenitar etorriko Arrazionalismoa: Philippe de Champagne(1602-1674), Frantzian bizi izandako flandestarra.
  • Akademizismo klasizista: Luis XIV.aren gorteak aldeztu eta XVII.mendeko bigarren erdian nabarmendu egin zen. 1648an sortutako Margolaritza eta Eskultura Akademiak irakatsitako ildo estetikoek Charles Le Brun (1619-1690) eta Pierre Mignard (1612-1695) margolarien neurriko beste hainbaten obra bideratu zuten. Frantziar klasizismoaren pertsonaiarik azpimarragarrienak, berriz, Erroman bizi eta bertan landu zuten beren obraren gehiengoa: Nicolas Poussin (1594-1665) eta Claude Gellee, Claudio de Lorena ezizenaz ezaguna (1600-1682).
 

Nicolas Poussin, Daviden Garaipena, 1594-1665, (Museo del Prado, Madril).

Eskultura barrokoaren maisuak

  • Italia: Gian Lorenzo Bernini arkitekto ospetsuak hurrengoak egin zituen: Vatikanoko San Pedro katedrala eta San Pedro basilikaren baldakina; Santa Teresaren Estasia, Erromako Camaro de Santa Maria della Vittoria kaperan gordeta, eta Apolo eta Dafne talde fina, Erromako Borghese Galerian ikus daitekeena.
  • Espainia: hainbat elizetako aldare nagusien luxuzko erretaulek eta batez ere irudigileen obrek berezko garrantzia eman zioten. Irudigileek Aste Santuko urratsak sortu zituzten, hauek Kristoren pasio eszenak irudikatu eta herriaren gogokoak ziren prozesioetan ateratzen zituzten. Mugikorrak izan behar zutenez, irudiak egurra edo eskaiolaren moduko material arin eta merkeaz egiten ziren, horrela, epe motzean zabaltzeaz gainera, artistek xehetasun errealistak ezarri, margotu edo mantu nahiz bitxiekin apaindu ahal zituzten. XVII. mendeko irudigile hoberenen artean, Gregorio Fernandez (1576-1936) gaztelarra, Juan Martinez Montañes (1568-1649) eta Pedro de Mena (1628-1688) andaluziarrak eta XVIII. mendearen barnean, Francisco Salzillo (1707-1783) murtziarra aipatu behar dira.
  • Frantzia: klasizismoak erliebezko eskulturak ekarri zituen baina errege botereak aldeztutako zuzentasun akademizistak mugatzen zituen. François Girardon (1628- 1715), Antoine Coysevox (1640-1720) eta eredu klasizistetatik urruntzen zen , Pierre Puget (1620-1694) artistarik aipagarrienak dira.
 

Juan Martinez Montañes, Kristo bihozberatua(1603 inguruan) Sevillako katedrala.

Rembrandt

Rembrandt bakarrik eta zentimorik gabe hil zen. Bere bizitza pintatzeari eskaini eta historiako artista onenetako bat izan arren, bizkarra eman zion gizarteak. Bere bizitzako zatirik handiena Amsterdamen igaro zuen. Hango burgesia altuko neska gazte batekin ezkondu zen, Saskyarekin, eta seme bat izan zuten, Tito. Harentzat, arazoak 1642an hasi ziren, gaueko Erronda lanean ageri diren figurak modu lausengariz irudikatzeari uko egin zionean. Bere maisu lanetako bat izan zen arren, gizarteak ospea galarazi zion. Emaztea hil eta Hendrike agertu zen bere bizitzan, gizarteko behe mailako emakume bat, eta horrek gauzak okertu baino ez zituen egin. Rembrandt ezin izan zen harekin ezkondu (Tito txikia zaintzeko kontratatu zuten) Saskya-ren testamentuak jartzen zituen trabak zirela eta. Hendrike eta Tito hil zirenean, zeharo bakarrik gelditu zen pintorea eta erabateko txirotasunean hil zen.

 

«Gustu bikaina» edo «frantziar gustua»

Gian Lorenzo Bernini, Apolo eta Dafne , 1622-1624, (Borghese Galeria, Erroma).

Pedro de Mena, Maria Magdalena, 1644, Eskulturako Museo Nazionala, Valladolid).

Izen honekin ezagutzen zuten Frantziar klasizismoaren oinarria, hau da, hastapen multzoaren eredu estetikoa. Luis XIV.aren Colbert ministroak eta Le Brun margolariak, bere ordezkariak, «gustu bikain» hori ezartzea erabaki zuten, eta horretarako estatuko akademiak, irakaskuntza programak, estatu mailan tapiz, portzelana edo beira fabrikak eratu eta margolaritza eta Eskultura Akademia sortu zituzten, azkenean klasizismoaren hastapenak bakarrik onartzen zirelarik.