ARTEA

«« Itzuli

Arte barrokoa (III)

Peter Paul Rubens

Holandako barrokoak (beraz, protestantea) erretratuari, paisaiei eta etxeetako giroei ekin zien nagusiki, eta hori oso atsegina zitzaion aberastutako burgesiari. Rembrandtek, halere, ez ditu erlijio-gaiak alboratuko, baina interpretazio berri bat emango dio oso ikuspegi pertsonalarekin eta pertsonaiak oso ohikoa ez zen modu batez azalduz (Simeon denboran, Emauseko erromesak). Obra hauetan hasiko dira nabarmentzen egilearen bi ezaugarri oso berezi: eremu zabal baina definizio gutxikoak, eta pertsonaiak "itzal argitsu" baten barruan biltzen dituen argia.

Nolanahi ere, bere obrarik ezagunenak ez dira gai horren ingurukoak. Tulp medikuaren anatomiako irakasgaia, Gaueko erronda eta Oihal-saltzaileen sindikoak erretratu kolektiboaren sailean sartuko lirateke. Hals-ek sortutako genero honi esker, korporazioak, gremioak eta kolektiboak irudikatu daitezke, kostuak murriztuz eta bazkidegintza-era honen balioak goraipatuz.

Aipatutako bigarren obra horretan, Gaueko erronda, herri-zaindariak beren kuarteletatik nola abiatzen diren agertzen da kaleko erronda egitera. Eszena hori ez da gauez gertatzen, baizik eta Rembrandten argi berezi horrek eragin zuen izenburu akastun hori, une horretako zalaparta, iskanbila eta dinamismoaren ideia jasotzen duen obra horretan.

Bitxia gertatzen da ikustea nola dena bere esku izan zuen pintore baten fama eta handitasuna gutxitzen joan zen premia larriko egoera bateraino iritsi arte, bere garaikide ziren Rubens edo Velázquez bezalako maisuek lortua zuten bizi-kalitate hartatik oso urrun.