ARTEA

Arte neoklasikoa (I)

Greziako eta Erromako Antzinatearekiko interesa berpiztu zuten Ilustrazioko ideiak eta arkeologia aurkikuntzak Neoklasizismoko estetikaren oinarri izan ziren. Ordena eta arrazoia berreskuratzea zuen helburutzat Neoklasizismoak, forma klasikoak hartuz, Barroko berantiarreko oparotasunaren aurka ez ezik Rococoaren aurka ere azaltzeko.

Arkitektura neoklasikoa

Arkitekturaren ikuspuntutik, Neoklasizismoa trantsizio garaia da, XIX. mendeko arkitektura sortu arte. Azken garai honetan Iraultza Industrialaren hasiera garatuko da, eta honen ondorioz, ingeniaritzaren goieneko unea.

Neoklasikoko arkitektorik bikainenak honako hauek izan ziren:

  • William Kent (1685-1748), ingelesa, Londresko Chiswick Housen egilea.
  • Lord Burlington (1649-1753), mezenas aberatsa.
  • Robert Adam (1728-1792), eskoziarra, Londresen ere Arteen Erret Elkartea eraikuntza egiteko asmoa izan zuen. Berezko estiloaren sortzailea izan zen, «Adam estiloa».
  • K. G. Langhans (1732-1808), alemaniarra, Berlingo Brandenburgeko atea da bere sortze lanik esanguratsuena
  • Jacque Germain Soufflot (1713-1780), frantsesa, Santa Genoveva elizaren egilea da. Eliza hau Iraultza Frantsesaren garaian sekularizatua izan zen eta Panteoi bihurtu zuten.

Espainian arkitektura neoklasikoan honako hauek dira garrantzitsuak:

  • Francesco Sabatinik (1722-1797), egindako lanen artean aipagarriak dira Alcalako atea eta Madrilgo Errege jauregiaren lorategiak.
  • Juan de Villanueva (1739-1811), Madrilgo Prado Museoaren edota Caballero de Graciaren Oratorioaren proiektuen egilea.
  • Ventura Rodriguezen (1717-1785) lanen artean garrantzitsuenak honako hauek dira: Iruniako katedraleko aurrealdea eta Madrileko Liriako jauregia.

Jacques Germain Soufflot, Santa Genovevaren eliza, gaur egun Panteoia, 1757-1790, (Paris).

Neoklasizismo eskultorikoa

Eskultura neoklasikoa izan zen ziur asko Antzinate klasikoko ereduetara gehien hurbildu zen alor artistikoa. Gotthold Ephraim Lessing (1729-1781) idazle eta Alemaniako artearen teorikoaren arabera, eskulturaren helburua "gorputzen antolamendua zen eta ez denborarena", Antzinate klasikoak mailarik gorenera eraman zuen arte ez tenporala zen eta ondorioz, imitatu beharreko eredua zen. Eredu hau "soiltasun apalenean eta handitasun lasaian, jarreran ez ezik adierazpenean ere jarraitzen zuten", arte historialari, arkeologo eta neoklasikoko inspiratzailea zen Johann Joachim Winckelmannen (1717-1768) definizioaren arabera.

Joera imitatzaile honek eragin zuen garai honetan eskultore garrantzitsu gutxi izatea:

  • Antonio Canova (1757- 1822) da aipagarriena, bere lana bat dator oso espiritu neoklasikoarekin eta Antzinateko Jainkoak irudikatu zituen, baita bere garaiko heroien irudiak ere, hala nola, erregeak, Aita Sainduak, militarrak edota goi mailako emakumeak.

Antonio Canova, Paulina Bonaparte, 1808 (Borghese arte aretoa, Erroma).

  • Bertel Thordvaldsen (1770-1844), Italian, kanon klasikoekin ikasi zuen daniarra.
  • Jean Antoine Houdon (1741-1828), eskultore frantsesa, naturaltasun handia duten bustoen egilea da. Estiloari dagokionean, Jacques Louis David margolariarekin aldera daiteke.
  • John Flaxman (1755-1826), britainiarra, linealtasun zorrotza duten lanen egilea, mausoleoen eskulturan aditua. Literatura lanen ilustratzaile eta grabatzaile gisa ere aipagarria da.

Bertel Thordvaldsen, Lord Byronen estatua (Villa Borghese, Roma).

Antzinatearen berraurkitzea

Neoklasikoek Erromako hondamen arkitektonikoetan zuten interesa, batez ere Bretainiatik eraginda; horrek Antzinateari buruzko ezagueren zabaltzea ekarri zuen eta hau ikasteko zaletuak agertu ziren, "antikuarioak" zirelakoak. Hauen kopurua gehitu egin zen, batez ere Ponpeia eta Herkulano hirietako aztarnen aurkikuntzaren ondoren.

 

Lorategietako arkitektura

Britainiako neoklasizismoaren ekarpenetako bat lorategietako arkitektura eredu berri bat sortzea izan zen. Hau erabat kontrajarria zen lorategi klasiko frantsesari eta helburu nagusia naturaren goraipatzea zuen, paisaia naturalen itxura emateko eremuekin, aintzirak eta errekak, baita hondamen klasikoak imitatuz ere.

 

Canovaren sentsualitatea

Eskultura neoklasiko gehienaren hoztasuna Canovak indargabetu zuen izugarri ondo menderatzen zuelako teknika. Egiten zituen irudiei xarma berezia ematen zien eta biluzik zeuden irudiei erotismo berezia. Honek guztiak eragin zuen Canova bere garaiko beste eskulturagileak baino ospetsuagoa izatea.

 

Estatuagintza klasikoaren amaiera

Grezia eta Erromako eredu klasikoaren perfekzio eskultorikoa indarrean egon zen azken aldiz XVIII. mendeko azken hamarkadetan eta XIX. mendeko hasieran. Garai honetan jazo baitzen ideia klasikoaren ospe iragankorra.