Euskal Herriko arkitektoak (XVI-XVIII)
- TEST: Egia edo gezurra?
- GURUTZEGRAMA
- EXTRA: Euskal Herriko arkitektoak Loiolako Basilikan
- LINK: Kanpo loturak (1)
Ugarte de Velsua, Joan
Arkitektoa (Bermeo, 1505 - Velsu dorrean, 1580). "Arkitekto hidraulikoa" esaten zioten; Getariako San Anton uhartea eta kosta lotzen dituen pasabidea eta Bermeoko kaia egin zituen (1563-80).
Getariako San Anton uhartea
Bermeoko portua
Aranburu, Frai Migel
Arkitektoa, Zerainen jaioa. Frantziskotarra zen. Zenbait eraikuntza barroko egin zuen: Tolosako frantziskotarren komentua (1597), Irungo parrokiako dorrea (1600), bere proiektuen arabera eraikitako Errenteriako Trinitateko komentua eta udaletxea (1604-05) eta Eibarko frantziskotarren komentua (1606).
Errenteriako udaletxea
Lizargarate, Pedro
Arkitektoa (Lazkao, ? 1629). Madrilgo Alcázar, El Prado eta Aranjuezko eraikuntzak, El Escorialgo harri-lana eta Toledo, Segovia eta Sevillako zenbait obra egin zituen.
Ibero, Inazio
(Azpeitia, 1684-1766). Seme Frantziskorekin lan egin zuen eta bere lanak Gipuzkoa osoan barreiaturik daude: Elgoibar, Ibarra, Usurbil, Hondarribia eta Andoaingo kanpandorreak, Loiolako jesuiten eskola, Bilboko San Nikolas Barikoaren eliza eta Donostiako Santa Maria elizaren fatxada.
Donostiako Santa Maria elizaren fatxada
Ibero, Frantzisko
(Azpeitia, 1724-95), aurrekoaren semea. Aitarekin batera burututako eraikuntzez gain, Asteasuko elizako gurutzadura, Azpeitiko San Sebastian elizako fatxada, Elgoibarko hilerria eta Bergarako bost zubi eraiki zituen.
Azpeitiko San Sebastian parrokia
Sagarbinaga, Joan
Arkitektoa (Busturia, 1710 - Salamanca, 1797). Madrilgo Jauregi Berria eta Aranjuezko jauregiaren eraikuntzan parte hartu zuen (1733). Burgosko katedralaren fatxada gotikoa berritu, Burgosko Santa Tekla kapera eraiki eta beste obra asko egin zituen: zubiak, hobiak, galtzadak eta eraikuntza zibil, militar eta erlijiosoak. San Fernando Akademiako kide izendatu zuten 1776an.
Burgo de Osmako katedrala. Dorrearen errematea Joan Sagarbinagak egin zuen.
Karrera, Pedro
(Beasain, 1679-1731). Gipuzkoako udaletxe eta eliz dorre barrokoak eraiki zituen: Legazpiko kanpandorrea eta Oņatiko elizaren portada adibidez.
Legazpiko elizaren kanpandorrea
Karrera, Martin
Pedroren semea. Ibarrako eliza barrokoko dorrea egin zuen (1704). Ondoren Aretxabaleta eta Eskoriatzako eliza eta dorreak eraiki zituen (~1740). Arrasateko udaletxeko planoak eta Tolosako Santa Maria elizaren dorrea eta fatxada egin zituen.
Ibarrako San Bartolome parrokia
Karrera, Manuel Martin
Martinen semea. Bere obra ezagunenak Oņatiko kanpandorre neoklasikoa, Pasai San Pedroko eliza eta Urduņako aduana dira.
Pasai San Pedroko parrokia
Olagibel, Justo Antonio
Arkitektoa (Gasteiz, 1752-1818), neoklasizismoaren arkitekto nagusietakoa Euskal Herrian. Madrilgo San Fernando Akademian ikasi zuen. Herreraren jarraitzailea eta azken arkitekto barrokoen ikaslea izan zen. Arabako Lautadan barreiaturik ditu obra gehienak. Obrarik garrantzitsuena Gasteizko Plaza Berria da (1781); Erdi Aroko hiriaren mugetatik atera eta hiriaren hedapena bultzatuko zuen moduan egin zuen. Hiri historikoaren eta berriaren arteko desnibela gainditzeko "Arquillos" izeneko arkupea eraiki zuen (1790-1804).
