«« Itzuli
Euskal Herriko arkitektoak (XVI-XVIII)
Euskal Herriko arkitektoak Loiolako Basilikan

Loiolako Basilika
Loiolako Basilikaren lehen proiektua Bernini arkitekto italiarraren jarraitzailea zen Carlo Fontana (1634-1714) arkitektoak egin zuen. Gero Loiolako lanetako maisu izan zen Martin Zalduak, 1696tik 1700era bitartean, elizaren diseinua birmoldatu egin zuen. Fontanaren jatorrizko proiektuan kupularen azpian espazio biribil handi bat, inguruan kaperak zituena zegoen pentsatua. Kaperatik kaperarako tartean pilare sendo batzuk eraikitzekoak ziren kupulari eusteko. Alabaina, Zalduak kaperen arteko tarte horiek ireki egin zituen, eraztun jarraitu bat osatzeko. Eraztun formako nabetik erdiko espazio biribilera zortzi arku txaranbeldu daude. Hauetako lau beste lauak baino handiagoak.
Loiolako Basilikaren barnealdea. Argiztatuta ikusten dena aldare nagusia da. Jarlekuak erdiko espazio biribilean daude. Aldare nagusia baino eskuinerago kapera bat ikusten da, aurrean eraztun-formako nabearen zati bat duela. Aldarearen parean arku txaranbeldu handi bat dago eta kaperaren aurrean, berriz, arku txikiagotako bat.
Badirudi, basilikari edertasuna eman zion aldaketa hau izan zitekeela gero kupulak erakutsi zuen egonkortasun faltaren erruduna, eta XX. mendearen bukaeran kable bidez kupula indartzera behartu zuena.

Loiolako Basilikaren kupula barrutik
Espainian Ondorengotza-Gerra izan zenean 1701-1714), basilika eraikitzeko lanak etenda geratu ziren eta ez ziren berriro abian jarri 1717 arte. 1719tik aurrera, lanetako maisu Sebastian Lekuna izan zen eta honi egokitu zitzaion, hain zuzen, erdiko espazio biribilaren eta eraztun formako nabearen arteko arku txaranbelduen eraikuntza soluzionatzea. Kupula astuna eta ia bi metro eta erdiko lodiera duen danborra arku txaranbelduen gainean irozo behar zituen. Benetan konplikatua zen Zalduaren aldaketa ausartak sortzen zuen arazoa. Hau konpontzen laguntzeko, Joaquín de Churriguera arkitekto ospetsuari deitu zioten.
1733an, kupula amaitzear zela, hil egin zen Sebastian Lekuna. Orduan lanetako maisu Inazio Ibero izan zen eta berak errematatu zituen kupula eta gaineko linterna. Honen gainean dagoen kobrezko esfera eta gaineko gurutzea ipini ondoren, Inazio Iberok beste arazo bat izan zuen, kupula mugitu egin baitzitzaion eta indartu egin behar izan zuen behealdean burdinazko bi uztairen bitartez.
Aldare nagusia 1750 eta 1757 bitartean egin zen, Inazio Iberoren diseinuaren arabera. Oso aldare dotorea da, marmolezko lan ederrak dituena. Koloma salomoniko bikainak ditu.
