Euskal Herriko musikariak (XVII - XVIII)
- TEST: Egia edo gezurra?
- LINK: Kanpo loturak (3)
- BIBLIO: Bibliografia (1)
Errea de Tafalla, Miguel
Musikari nafarra (XVII. m.). Iruñeko katedraleko kapera-maisua izan zen. Elizako musika barrokoa konposatu zuen; San Frantzisko Xabierkoaren ohorez Inclyto Apostol de la Cristiandad moderna y Navarro el más esclarecido izeneko kantata-bilduma egin zuen (1622).
Arriola, Antonio
(1679-1730). Euskal Herriko musikaria. Frantziskotarra zen. Arantzazuko kapera-maisu eta musika-eskolako irakasle izan zen. Iritsi zaizkigun bost konposizioen artean Missus est delakoa da aipagarriena.
Iribarren, Joan Frances de
Musikaria (Zangoza, 1699 - Málaga, 1767). Hamalau-hamabost urte zituela Madrilera joan zen. Hamazortzi urterekin Salamancako katedraleko organista zen. Han bizi izan zen denboran (1717 - 1733) sarri joaten zen Madrilera Jose Torres maisu ospetsuarengana perfekzionatzera. Seguru asko obra gehiago konposatuko zituen arren, gaur egun Salamancako katedraleko musika-artxiboan hark konposaturiko 18 obra daude gordeta. 1733an Malagako katedraleko kapera-maisu izendatu zuten eta hantxe egon zen hil zen arte. Han egin zituen 34 urteetan mila bat obra konposatu zituen, musika-artxiboa sortu zuen eta estilo italiarra sartu zuen elizan. 1766an bertan behera utzi zuen bere kargua zahartuta eta gaixorik zegoelako eta 1767an hil zen.
Pittsburg-eko Unibertsitatean Iribarreni buruz Marta Sanchez-ek egindako tesiaren azala
Iribarrenen jaioterriko, alegia Zangozako Nora abesbatza musikari nafarren ikerketan eta ikaskuntzan espezializatu denak, 1993an CD bat atera zuen besteak beste Iribarrenen obrak zituena.
Peñafloridako kondea (j.i. Frantzisko Xabier Munibe Idiakez)
Zientzialari, idazle, musikari eta politikaria (Azkoitia, 1723 - Bergara, 1785). Frantziako Tolosan eta Espainian egin zituen ikasketak eta entziklopedisten eragina jaso zuen. Azkoitira itzuli eta bertako alkate izan zen; halaber, Gipuzkoako diputatu nagusia (1746, 1750, 1754, 1758, 1761) eta Madrilgo Gorteetako diputatua (1758) izan zen. Gipuzkoaren eskubideak aldarrikatu zituen beti. Letretako zein zientzietako ikerketa ugari egin zituen. Probintziako aitoren seme eta jakituria handiko gizonekin biltzen zen eta solasaldi hauen inguruan sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (1765); Munibe sortzaile nagusietakoa izan zen. Musika eta antzerki-lanak idatzi zituen: El borracho burlado; ópera cómica en castellano y vascuence (1764) opera elebiduna da ezagunena. Euskal Ilustrazioaren pertsonaia nagusia izan zen.
Xabier Maria Munibe, Peñafloridako kondea
Etxeberria, Agustin
Musikari gipuzkoarra (? - Arantzazuko monasterioa, 1792), XVIII. m.ko Euskal Herriko musikari klasiko garrantzitsuenetakoa. Frantziskotarra izan zen eta gai erlijiosoak erabili zituen batez ere. 1756-92 bitartean bi sonata eta Euquiric echean bear dezun arguia gabon-kanta idatzi zituen.
Egiguren Ezkaregi, Fernando
Musikaria (Eibar, 1743 - ?). Arantzazuko frantziskotarretan apaiztu zen. Elizako musika idatzi zuen batez ere: Salve; O gloriosa; Lamentación 3ª del primer día eta Concierto airoso; hiru meza ere konposatu zituen. Estilo arineko konposizioak egin zituen, garai hartako erlijiozko musika ez bezalakoak.
Ibarzabal, Frantzisko
Euskal Herriko musikaria (~1750 - ?). Erlijioso frantziskotarra zen. Arantzazuko eskolaren inguruan bilduriko organista eta musikarietako bat izan zen. Estetika klasikoan murgilduriko elizako musika landu zuen, sonatak gehienbat: In omnibus a 8; Chiribiri gabonkanta; Cantata a San Francisco; Area a San Diego a solo.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Elkarte hau eratzeko asmoa XVIII. mendearen erdialdean Peñafloridako Kondeak bere Azkoitiko Insausti jauregian izaten zituen solasaldietan jaio zen. Han biltzen ziren Munibe bera, Narrosko Markesa, Inazio Manuel Altuna, Joakin Maria Egia, etab. Denak ere jende aberatsa ziren, Europan zehar ibilitakoak eta Euskal Herria atzeratuta ikusten zutenak. Zerbait egin nahi zuten egoera hura aldatzeko. 1763an egina zuten elkartearen egitasmoa, hurrengo urtean eratu zuten Bergaran eta 1765ean egin zuten lehen Batzar Nagusia. Urtero biltzen joan ziren eta bilkura horietan elkartea lau sailen arabera antolatzea erabaki zuten: nekazaritza, zientziak eta arte erabilgarriak, industria eta merkataritza, eta politika eta letra onak. Elkarte honen bazkide izan ziren garai hartako aurrerazalerik handienak: Foronda ekonomialari gasteiztarra, Andaluziako Intendente izan zen Olavide, Samaniego alegialari eta Tolosako alkate izan zena eta beste batzuk. Adiskideen Elkarteak Bergarako Errege-Mintegia sortu zuen gazteak hezteko. Ikastetxe hartan garrantzi berezia izan zuen Kimikaren eta Mineralogiaren irakaskuntzak. Arlo horretako ikertzaileak izan ziren Proust kimikari frantziarra eta wolframioa isolatzeko prozedura asmatu zuten Elhuyar anaiak. Gasteizen, Bilbon eta Bergaran 1779an eta geroxeago Donostian eta Soraluzen Marrazketa-Eskolak jarri zituzten.
Joseph Etxabarria, organogile trebea
Guduko tronpetak
Dirudienez XIII. mendearen hasieran jarri ziren lehenbiziko organoak Euskal Herriko elizetan, arkitekturan estilo gotikoa sartzearekin batera. Gero, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan hainbat organogile-familia izan ziren Euskal Herrian musika-tresna hau goi-mailara eraman zutenak. Hauen artean Joseph Etxabarria frantziskotarra, Eibar-en jaioa, dateke aipagarriena. XVII. mendearen bigarren erdian garai hartako aurrerapen guztiak erabiltzen saiatu zen eta asmakuntzak ere egin zituen. Berak asmatu zituen guduko tronpetak. Hauek organoaren aurraldean egoten diren tronpeta batzuk dira, kanoiak balira bezala horizontalki kokatuta egoten direnak. 1991n, Ziortzako kolegiatako organoa konpontzeko desmuntatu zutenean ikusi zuten inskripzio bat zuela Joseph Etxabarriak 1686an egina zela adierazten zuena.
