ARTEA

«« Itzuli

Pintura erromantikoa

Francisco de Goya

Goya (1746-1828) artista sailkaezinaren prototipoa izango genuke. Bere bilakaera pertsonalak eta artistikoak, baita bizitzea egokitu zitzaion epealdi historiko korapilatsuak ere, etengabeko bilakaera ekarriko dion ibilbidean barrena abiaraziko dute.

Fuendetodos herrian jaio zen (Zaragozan). Hamalau urterekin Luzán margolariaren tailerrean sartu zen, eta bertan grabatuen kopian aritu zen. 1763 urtearen amaieran, Goyak lehen aldiz Madrilera bidaiatu zuen San Fernandoko Arte Ederren Akademia Errealaren lehiaketa batean parte hartzeko. Bere entsegu desberdinek ez zuten autorea arrakastara eraman. Margolari aragoiar gazteak, gorteko baliabideetan bere karrera finkatzea lortu zuen tapizetarako kartoiak eginez, hau da, Santa Barbarako Tapizen Lantegi Errealeko tapizgile gortesauek kopiatu behar zituzten margotutako ereduak.

Italiara egindako bidaia baten ondoren, Gortean sartzea lortuko du Bayeu suhiaren eskutik. 1793. urtean gor geratu zen gaixotasun baten ondorioz. Bere egoera hobetu egingo da nobleziako sektore baten bitartekaritzari esker (Alba, Chinchon...), eta horrela, Ganberako Lehen Pintorearen kargua erdietsiko du. Independentzia Gerrak eta, bereziki, Fernando VII. erregearen izaera absolutistak zalantzan jarriko dute Goya ilustratu eta liberalaren abertzaletasuna. Gorraren Landetxera (Quinta del Sordo) erretiratuko da eta bertan egingo ditu bere Pintura Beltzak, eta azkenik, Bordelera joateko erregearen baimena lortuko du, eta bertan hilko da.

Velazquezekin gertatzen den modura, Goyak ere oso interes eskasa agertu zuen erlijiozko pinturaren alde. Genero horretatik Aula Dei izeneko fresko klasizistak eta Calasanzeko San Joseren Azken Jaunartzea izeneko mihise kezkagarria aipatuko genituzke. Tapizetarako kartoiak eginez lortu zuen Gortean sartzea. Gai herrikoiak dira (Ezkontza, Urtaroak), erregeek jauregiko gelak apaintzeko enkarguz emanak. Goyaren kartoien berritasuna pintura-gairik ez jorratzea litzateke, genero horretan oso ohikoa baitzen hori.

Erretratuari eskaini zion bere pintura-lanaren parte handi bat. Goyak leialtasun zorrotzez agertzen zituen pertsonak, eta hori nabarmen geratu zen Karlos IV.aren Familia eta Fernando erregearen beraren erretratuetan. Osunako Dukeak bezalako nobleziako pertsonaiek ikuspegi familiartekoagoa eta hurbilagoa eskaintzen dute, gorteko erretratu tradizional eta handientsu hartatik urrunduz. Maja jantzia eta Maja biluzia Godoyren enkarguz eginak dira, haren kabinete pribatua apaintzeko.

Gerraren amaieran eta bere zalantzazko abertzaletasuna justifikatu nahirik, bi koadro ospetsuenetakoak egin zituen: Maiatzaren bia edo Mamelukoen aurkako borroka eta Maiatzaren hirua edo Monkloako fusilamenduak. Inbaditzailearen aurkako erreakzioan protagonismoa herriari emateko joera erromantiko hori ez zitzaion oso atsegin izan Fernando erregeari, eta gorde egin zituen koadroak.

Bere izaera kritiko hori Grabatuen zenbait serieren inspirazio-iturri izango zen: Apetak, Gerrako desastreak eta Disparateak.