XIX. mendeko arkitektura
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Garai honetako lanik esanguratsuenak
Historizismo arkitektonikoa
XIX. mendean historizismoa izeneko mugimenduaren garapena jazo zen. Korronte bitxi honen ezaugarri nagusia beste garaietako hastapen arkitektonikoak berreskuratzeko ahalegina zen. Korronte neoarabiarren, neobarrokoen eta neobizantziarren artean, batez ere nabarmendu zen joera neogotiko britainiarra. Estilo gotikoaren hastapen estetikoen revival edo berpizkundea ekarri zuen. Estilo honetara biltzen diren eraikinetatik ezagunenetakoa Parlamentu britainiarreko multzoa da, Charles Barryk (1795-1860) eta A.W. Puginek (1812-1852) egina. Era berean, aipamen berezia merezi du aldaera arkitektoniko exotiko batek, neogotiko indiarrak; korronte honetakoa da Brightongo Errege pabiloia, John Nash (1752-1835) eraikia.
Charles Barry eta A.W. Pugin, Parlamentu britainiarraren ikuspegia (Londres).
Ingeniaritzaren garapena
XVIII. mendeko azken hamarkadetan garatu zen Iraultza industrialak hainbat erronka arkitektoniko planteatu zituen; izan ere, hiriak oso denbora gutxian izugarri handitu zirenez gero, tren geltokiak, lantegiak, biltegiak eta milaka eta milaka etxebizitza berri eraiki behar izan ziren. Teknologia industrial berri baten erabilpena eta burdina eta kristala eraikuntzarako material gisa eskuarki erabiltzen hastea izan ziren ingeniaritzaren hedapenaren oinarri nagusia.
- Chicagoko Eskola: eskola honetako kideek teknologia konstruktibo berria sustraitzearen gailurra ekarri zuten. 1871. urtean, hiria ia bere osotasunean suntsitu zuen sutearen ondoren, arkitekto talde batek, Henry H. Richardson (1838-1886) eta Louis Henry Sullivan (1856-1924) artean zirela, burdina, hormigoia eta kristala erabiliz, hainbat eraikin diseinatu zituzten; horien artean, estetika arkitektoniko berri baten adierazpen gisa, megapoli industrialen sinbolo diren lehen etxe orratzak aipa daitezke.
Louis Henry Sullivan, Chicagoko Auditorioa
Modernismo arkitektonikoa
Korronte historizistak arbuiatzeko erreakzio moduan, Europako hainbat herritan joera «modernoa», «askea» eta «sortzailea» baloratzea helburu zuen mugimendua sortu zen. Ezaugarri bereizgarri propioak zituen, sofistikazioa, dekorazio arteen eta diseinuaren balorazioa, eta halako gustu berezi bat lerro oker eta forma irregularren alde. Mugimendu horrek izen generikoa hartu zuen, modernismoa, baina herriz herri berez izendapen desberdinak hartu zituen, adibidez, Art Noveau, Frantzian, Jugendstil, herri germaniarretan edo Liberty estiloa Italian. Arkitektura modernistaren ardatz nagusiak hiru izan ziren:
- Charles Rennie Mackintosh (1868-1928) eskoziarra, Glasgowko Arte Eskola bezalako eraikinen egilea. Dekorazio modernista eta Chicagoko Eskolatik gertuago zeuden egitura funtzionalak batu zituen.
- Henri van de Velde (1863-1957) belgikarrak egin zituen lanen artean aipagarria da batez ere Koloniako Werkbundeko Erakusketa Antzokia; arkitekturan ez ezik, van de Veldek beste arte ederretan ere ase zuen sorkuntzarako joera, hala nola, pintura, ilustrazioa eta dekorazio arteak.
- Antonio Gaudi (1852-1926) espainiarrak, berriz, oso planteamendu pertsonalak zituen obra zabala garatu zuen, askea eta intuitiboa, eta haren itzala handia izan zen XX. mendeko abangoardiako arte joera guztietan. Katalanaren lanik ezagunen artean, ia denak Bartzelonan edo inguruetan gauzatuak, Familia Sakratuaren tenpluak aparteko aipamena merezi du; bukatu gabe utzi zuen proiektu honek bere sortzaile bizitzaren zati handi bat hartu zuen. Modu berean, nabarmentzeko modukoak dira Batllo Etxea, Mila Etxea -La Pedrera izenez ezagunagoa- eta Güell jauregi eta parkea.
Antonio Gaudi, Batllo Etxearen aurreko aldea, 1905-1907 (Bartzelona).
Garapen urbanistikoa
XIX. mendeko bigarren erdialdean Hirietako biztanleen kopuruak oso azkar egin zuen gora, eta agintariek hirien egitura bere osotasunean birplanteatzeko beharra izan zuten: Hala sortu zen urbanismoa, arkitekturaren adar osagarri gisa.
Birplanteamendu honek, baldintza nagusi bezala, honako ezaugarri hauek hartu behar zituen kontuan:
- Produkzio ekonomikorako eredu berriak.
- Garraio autopropultsatuaren garapena.
- Komunikazioak errazteko modua.
- Osasun kontrola, estolderia sareen bidez.
- Ordenerako indarren bidez kaleen kontrola edukitzea.
- Hilerriak, parkeak eta lorategiak egiteko nahikoa espazioa edukitzea.
- Testuinguru honetan, urbanismoaren hainbat aitzindari nagusi aipa daitezke:
- Georges Haussman (1809-1891), Parisko prefektua, Parisko Bigarren Inperioa berregituratzeko proiektu erraldoiaren egilea izan zen.
- Ildefonso Cerda (1816-1876), ingeniari espainiarra, Bartzelona Hedatu eta Berritzeko proiektuaren egilea izan zen, 1859. urtean hasitako lana.
Eiffel Dorrea
Gustave Eiffel, Eiffel Dorrea, 1881-1889 (Paris).
Parisko 1889. urteko Erakusketa Unibertsala zela eta, 300 metro altuerako dorre ikusgarria eraiki zuten. Lan horren bidez, burdinaren ingeniaritzaren bultzatzaile nagusia izan zen Gustave Eiffelek (1832-1926), funtzio estetiko hutsak erabiliz eta -funtzionalak alde batera utzita-, garai berrietako arkitektura sinbolizatu nahi izan zuen. Urteak aurrera, dorrea Frantziako hiriburuko ikur bilakatu zen, baina eraiki zutenean eztabaida sutsu ugari piztu zituen.
Nazioarteko modernismoa
Arkitektura modernistaren hiru egile nagusien -Mackintosh, Van de Velde eta Gaudi- lanaz gain, modernismoa beste arkitekto eta dekoradore batzuen lanaz ere elikatu zen: beste arkitekto eta dekoradore batzuen lanaz ere elikatu zen: Victor Horta (1861- 1947), Otto Wagner (1841-1918), Joseph Hoffmann (1870- 1956) eta Joseph Maria Olbrich (1867-1918) austriarrak, eta Peter Behrens (1871-1925) alemana, adibidez.
Adierazkortasuna berreskuratzea
Rodin, Emile-Antoine Bourdelle (1861-1929) eta haren ikasle izan zen Camille Claudel (1864-1943) bezalako beste eskultore batzuen sorkuntza lanak Errenazimenduko tradizioa berreskuratu zuen, batez ere Michelangelorena. Bi mende luzetan klasizistek eta akademizistek baztertu zituzten intentsitate, mugimendu eta energia hastapenak izan ziren ostera ere irizpide gisa erabili zituzten ezaugarriak.
