Pintura errealista
- TEST: Egia edo gezurra?
Maisu nagusiak
Irizpide estetiko berdintsuak izateagatik, eskola piktoriko errealista XIX. mendeko bigarren erdian sortu ziren eskolen artean hoberen definitu daitekeena da, seguruenik. Izan ere, garai haietan, inpresionismoa bezalako beste joera batzuek hainbat bilakaera desberdin izan zituzten, eta, beraz, sailkatzeko garaian zailtasunak eragin zituzten.
Baina hau ez da pintore errealisten kasuan gertatzen. Korronte honetako egile nagusiak honako hauek izan ziren:
- Gustave Courbet (1819-1877) errealismo piktoriko frantsesaren lehen figura handia. Berak sortu zuen terminoa "Errealismoa" izeneko erakusketa antolatu zuenean, 1855ean, Parisko Nazioarteko Erakusketaren ondoko pabiloi batean, erakusketaren antolatzaileek ukatu egin baitzioten bere lanetako bat erakusgai jartzea.
- Jean-François Millet (1814-1875) bere lanetan nekazarien bizimoduko eszenak lantzeagatik da ezaguna; tratamendua latza eta saiatua da, eta oso urrun dago garai batean nekazaritza giroko mundua erakusteko berezkoa zen inozotasun ukitutik.
- Honoré Daumier (1808-1879) pintoreak hiri giroko lanak egin zituen batez ere. Bere pertsonaiak proletarioak eta jende umiliatua dira, eta tonu ilunetan margotzen ditu. Berezia da bere marrazkia ulertzeko modu berria, trazu lodikoa, figurak distortsionatuz osatua, eta, bere lan grafikoa karikatura genero moduan ulertzen duen joeraren aurrekaritzat jo daiteke.
Gustave Courbet, Lur ematea Ornansen, 1849, (Orsay Museoa, Paris).
Paisaia errealista
Errealismoa adierazteko modu adierazgarrietariko bat paisaiaren errepresentazioa izan zen; genero hau pintura tradizionalean txikitzat joa zen.
Errealistek, ordea, naturaren ikuspegi zehatza hartu zuten, erromantikoen garaian eransten zitzaizkion osagai sentimentalak eta sinbolikoak alde batera utzita eta paisaiaren beraren ezaugarri plastiko hutsetan ikertzen jarrita. Joera horren bilakaeratik sortu ziren abangoardia desberdinak, inpresionistak, inpresionisten ondorengoak eta sinbolistak, eta, azkenean, XX. mendean, korronte abstraktua eta gainerako abangoardiak.
Paisaia adierazteko garaian halako leialtasuna gorde izanak eragin du, azken batean, arte kritikaren alorrean paisaia errealista eta paisaia naturalista terminoak ia-ia sinonimotzat joak izatea.
Paisajista nagusiak
Arte errealistaren adierazpiderik handiena, zalantzarik gabe, paisajismoa izan zen. Joera akademiko hutsa eta joera soziala ere landu ziren arren, azken honetan, gehienetan nekazarien eta langileen gaiak agertuz, arte errealistaren margorik onenak paisajista handien sorkuntza lanari esker osatu ziren. Horien artean aipatzeko moduko artistak dira honako hauek:
- Camille Corot (1796-1875) XIX. mendean paisajismoa landu zuten pintoreen artean oso modu adierazkorra landu zuen, naturalaren kontzepzioa oso modernoa zuen eta argiaren pertzepzioa ere modu bikainean islatzen zuen.
Camille Corot, Arroxela, portuko sarrera, 1851 (Louvre Museoa, Paris).
- Barbizongo Eskolako kideak, horien artean Théodore Rousseau (1812-1867), Charles François Daubigny (1817-1878), eta Constant Troyon (1810-1865). Fontainebleauko basoa hartu zuten egoitza moduan, Barbizon izeneko herrixkan, hain zuzen ere, eta, herriaren beraren izena hartzeaz gain, han egindako lanetan naturak herri hartan eskaintzen zizkien ñabardura guztiak ikuspegi desberdinez bildu zituzten.
- Louis-Eugène Boudin (1824-1898) eta Johand Bartold Jongkind (1819-1891) holandarra, Le Havreko Eskolako kideak. Paisajismoaren oinarri teorikoak itsasoko kostaldeko zein portuko irudiak biltzen zituzten lanetan erabili zituzten.
- Jean-Frédéric Bazille (1841-1870) pintoreak estetika eta teknika errealistak Provenceko argitasun handi eta paisaiari aplikatu zizkion bere sorkuntza ibilbide laburrean, gerra franko prusiarrean hil baitzen.
Louis-Eugène Boudin, Berckeko hondartza, 1878, (Fuji Arte Museoa,Tokio).
1850ko Aretoa
1850eko Parisko Aretoan Courbetek sekulako eskandalua piztu zuen bizimodu arrunteko gaiak jorratzen zituzten formatu handiko obrak erakusgai jartzeagatik. Adibidez, Ornanseko Lur ematea edo Harginak.
Bizitza modernoaren heroismoa
Charles Baudelairek sortu zuen kontzeptu hau giza interesa duten gaien -egunerokoak edo arruntak izanik ere- gainean errealisten kezkaren adierazpidea da.
Errealismoa aurrekari moduan
Errealismo frantseseko paisajisten lana aurrekari eta aitzindari izan zuten bilakaera luze baten ondoren garatuko ziren joera inpresionisten eta inpresionisten ondokoen sorkuntza lanek. Hainbat ezaugarri errealistak, Daumierren trazu lodia eta formen distortsioa kasu, espresionismoaren lehen oinarriak ere badira.
«Gaiaren gainean margotzea»
Paisajista errealistak irudiak naturaletik erreproduzitzeko ohitura zabaltzen lehenengoak izan ziren, eta, haien ondoren, pintatzeko modurik ohikoena bihurtuko zen.
