«« Itzuli
Alvar Aalto
Aalto eta altzarigintza
Alvar Aalto eta Aino Marsio 1924an ezkondu zirenean, zuraren tolesturekin probak egiten aritu ziren bost urtez. Ikerketa horren ondorioa izan ziren 1930eko hamarkadan egin zituzten diseinu iraultzaileak. Zumitzak edo zurezko xafla meheak elkarturik tolesten eta zura moldeatzen hasi ziren. Garai hartako aulkirik berritzaileena diseinatu zuten: 41 zenbakidun modeloa deitu zutena. Aulki horren egitura urki-zur laminatuz eta solidoz egina da. Urkiaren zura oso malgua delako aukeratu zuten. Jarlekua zur-xafla tolestu eta lakatuzkoa da.

41 zk.dun modeloa

Garai bertsuan 31 zenbakidun modeloa egin zuten. Honek jarlekua hegalkin moduan du.
Diseinu hauek joera berri bat ekarri zuten zur laminatuaren eta zur-xaflen erabileran. Arrakasta handia izan zutenez altzari hauek, Aaltotarrek altzariak saltzeko enpresa bat, Artek izenekoa, jarri zuten 1935ean.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat plano bertikalak eta horizontalak elkartzeko era zen. Hori betidanik zurezko piezak mihiztaduren edo torlojoen bitartez lotuz konpontzen zen, baina Aaltoren diseinuan hankak eta atal horizontalak lotzeko ez da behar aparteko egiturarik.
