ARTEA

«« Itzuli

Alvar Aalto

Funtzionalismotik harantz

Forma erabilerari, materialari eta egiturari egokitu behar zaizkiola dioen diseinu-filosofiari deritzo funtzionalismoa. Alvar Aaltorentzat funtzionalismoa urrats bat izan zen bere ibilbidean. Gizakiak, natura eta eraikinak koordinatzeko trebetasuna da Aaltoren lana goi-mailako egiten duena. Aaltok bere lanagatik esaten zuen bizitzaren sintesia forma materializatuan zela.

Pertsonen, naturaren eta eraikinen arteko lotura organikoen ideia 1930eko hamarkadan heldutasunera eraman zuen Villa Mairea diseinatu zuenean.

Villa Mairea

Villa Mairea

Marie eta Harry Gullichsen adiskideentzat egin zuen landako etxe bat da hau. Pinudi baten erdian, muino baten gainean, dago kokatuta, Finlandiaren mendebaldean. Alvar Aaltok naturarekiko harremanari eman zion garrantzi nagusia. Materialen artean zura erabili zuen eta basoarekin bat egitea bilatu zuen. Etxearen oinplanoa U formakoa da. Honen alde irekiak lotura hori bilatzen du, hain zuzen. Argitasunari ere garrantzi handia eman zion, hau etxean sartzeko moduari, sortzen dituen giroei, etab.

Bere filosofia laburbilduz honako hau esan zuen elkarrizketa batean: ez genuke gure lana mugatu behar bizilekuaren arazoa huts-hutsik aztertzera, baizik eta bizilekuak gure eguneroko lanean eta hiriko beste eginkizun guztietan txertatuta ikusi behar ditugu, zeren eta arkitekturan ez dago ezer arriskutsuagorik arazoei banaka erantzuten saiatzea baino. Bizitza arazotan zatikatzen badugu, aldi berean eraikuntza-arte ona egiteko aukerak ere zatikatu egiten ditugu. Badakizu, gure garai hau hain da espezializatua, ezen gero eta gauza gutxiagoz gero eta gauza gehiago dakien jendea baitaukagu.