Le Corbusier
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Zonazioa Le Corbusier-engan
- BIBLIO: Bibliografia (3)
Charles-Edouard Jeanneret, Le Corbusier bezala ezagutzen dugun ospe handiko arkitektoa, 1887an jaio zen Le Chaux-de-Fonds-en, Suitzan. Goiz erakutsi zuen marrazketarako abilezia eta horregatik, 14 urterekin, La Chaux-de-Fonds-eko Arte Eskolan onartu zuten. Pintura ere gustuko zuen arren (bere bizitzan zehar hainbat koadro margotu zituen), bere maisu L'Eplattenier-ek arkitekturarekiko zaletasuna piztu zuen gaztearengan.
18 urte besterik ez zituela, Arte Eskolako zuzendaritzako kide batentzat etxe bat eraikitzeko eskaera egin zioten, Fallet etxea, hain zuzen. Eta jasotako irabaziekin, Italia, Budapest eta Vienara bidaia egin ahal izan zuen.

Europan barrena arkitekturan heziz
1908an jo zuen lehen aldiz Parisera eta bertan egon zen denbora luzean. Bertan, Auguste Perret ezagutu eta harekin aritu zen arkitekto-lanetan hamabost hilabetez. Ondoren, Alemaniara joan zen, La Chaux-de-Fonds-eko Arte Eskolaren mandatuz, bertako arte aplikatuen mugimenduaren nondik norakoak ezagutzeko helburuz. 1911n, ekialderantz abiatuko da, besteak beste, Berlin, Praga, Viena, Budapest, Belgrado, Bukarest, Kostantinopla, Salonika eta Atenas hiriak zeharkatuz. Bidaia honi esker, Europan altxatzen ari ziren eraikin handiak ezagutzeko aukera paregabea izan zuen; bidaia horiek emango baitiote, bereziki, arkitekturan jarduteko jakin beharko duen ezagutza guztia.

Fallet etxea, 1905, Le Chaux-de-Fonds, Suitza
1917an, 30 urterekin, Parisen finkatuko du bere egoitza. 1920an, Paul Dermée poetarekin eta Amedée Ozenfant margolariarekin batera, L'Espirit Nouveau abangoardiako aldizkaria sortu zuen; hirigintza, arkitektura eta beste hainbat kultur arloren inguruan ildo berriak ireki zituen. Aldizkariaren lehen aletik aurrera, Charles-Edouard Jeanneret-ek Le Corbusier ezizena hartuko du. 1922an, bere lehengusu eta kolaboratzaile Pierre Jeanneret-ek eta biek estudio bat irekiko dute Parisen, Sevres kalean, Le Corbusier hil arte martxan egongo dena.
1914 eta 1915 urteetan, Domino proiektuan, hormigoi armatuz aurrefrabrikatutako egitura aurkezten du; Citroen etxerako proiektuetan (1919-1922), aldiz, bere arkitektura-teoria garrantzitsuenak islatzen ditu: plano askea, zutabeen gainean irozotako bolumen kubikoa eta teilatuaren erabilera.
1929 eta 1930 artean etxetako proiektuak egin zituen: Viraucresson etxea, (1922-1923, Parisetik gertu); Ozenfant-en lantoki-etxea (1922-1923); La Roche etxea (1923, Paris); Cook etxea (1926) eta etxebizitza-gune bat Pessac-en (1925), besteak beste. CIAM, Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Kongresuaren (1929) abiarazleetako bat izan zen. Eraikin horiek guztiak, La Roche etxea, salbu, zeharo aldatuak izan dira.
Le Corbusier-en arkitekturaren oinarriak
1926ean Le Corbusier-ek bost puntutan biltzen ditu bere oinarri arkitektonikoak; Pierre Jeanneret-ek eta berak 1929an, Poissy-n eraikitako Savoye etxean, bere obrarik esanguratsuenean, ederki islatzen direnak.
1. Etxea, pilote edo zutabeen gainean oinarritzen da eta zorua, aske geratzen da. Zorua, mugimenduari, trafikoari edo berdeguneei dagokie, goiko pisuak, aldiz, lanari eta egoitzari dagozkie.
2. Teilatu-terraza. Iparraldeko herrialdeetan, teilatu-terrazaren erabilerak urtzaroan sortzen diren urak kanporatzea errazten du; horrela, izotzaldietatik salbu geratuz. 1916an erabili zuen lehenengoz ideia hori La Chaux-de-Fonds-en. Gero, teilatuan lur-geruza fin bat ezartzearen aldekoa zen, haizeak daramatzan hazi eta belarrak bertan haz zitezen, lorategi eta berdegunez teilatua hornituz.
3. Planta askea. Etxearen barne-antolamenduaren arabera ezartzen dira trenkadak eta ez eustormen arabera.
4. Leiho luzanga edo, ahal izanez gero, horma guztia betetzen duen leiho horizontala; leihoa etxearen osagarri nagusienetakoa baita. Vaucresson etxean hasi zen ideia hau erabiltzen.
5. Etxaurre askea. Etxeak, koadro baten antzera, espazio ireki eta itsuen arteko banaketa orekatsua behar du izan.
1930eko hamarkadan, Le Corbusier-en ospea nazioartean zabalduko da eta eraikin garrantzitsuak egingo ditu SESBn eta Brasilen, besteak beste. Parisko Unibertsitate-hiriko suitzar pabiloia, 1930-35; Osasun Publiko eta Heziketa Publikoko Ministerioa, 1937-42 (Oscar Niemeyer eta Lucio Costarekin batera).
Modulor-a eta Etxebizitza-Unitateak
1950ean, Le Modulor kontzeptua sortu zuen; Berpizkundean oinarrituriko ohiko sistema hamartarra gainditzen duen neurketa-sistema berria.
Modulor-a, gizakiaren gorputzaren neurrietan oinarrituriko neurketa-sistema da, sistema hamartarra ez bezala. Le Corbusier-en esanetan, "makina bat, altzari bat edo aldizkari bat gizakiaren luzapenak baino ez dira. Eta arkitektura eta gizakiak sortutako edozein objektu, sentimenduetara iristen zaigun bezala, maila fisikoago batera ere iritsi behar zaigu." Sistema modularraren bitartez diseinatu eta eraiki zituen Marseillako Etxebizitza-Unitateak (Frantzia, 1947-52), Ronchamp-eko kapera (Frantzia, 1950-54) eta Indiako Chandigarh hiria, besteak beste.
Le Modulor, gizakiaren neurrira sortutako neurketa-sistema.
II. Mundu Gerraren ondoren, "Etxebizitza-Unitateak" deritzen proiektuak egiteari ekin zion, espazioari etekina nola atera dakiokeen erakusten duten adibide garbiak. Marseillako etxebizitza-unitateen proiektua 1.600 pertsona biltzen dituen unitate arkitektonikoan datza, non etxebizitzak gizabanakoei edo hiriguneari egokitzen baitzaizkie.
Hemendik aurrera, Le Corbusier-en eraikuntzak gero eta ausartagoak izan ziren: Tourette komentua (Evreux, 1957-60), Chandigarh, Punjab-eko hiriburu berriaren hiri-plangintzaren barnean, Legebiltzarra (1953-61), Juztizia Jauregia (1952-56) eta Idazkaritza (1958), besteak beste. XX. mendeko hirigintzarako ekarpen handiak egin zituen Le Corbusier-ek.
1965eko abuztuan hil zen Cap Martin-en, Frantzian.

La Tourette-ko Komentua, Frantzia, 1959
Teoria eta praktika uztartuz
Abangoardiako eraikinak altxatzeagatik ospea lortu arren, Le Corbusier-ek idazki asko utzi ditu, gehientsuenak L'Espirit Nouveau aldizkarian argitara emandako artikuluetan agertu zirenak. Haietan zabaldu zituen ikuspegi teorikoek ere eragin handia izango dute. Margo eta eskultura-lanak ere utzi zituen.
Mugimendu modernoaren bultzatzaile, Le Corbusier-entzat, arkitektura, sorkuntza arrazionala da, material berrien erabilera logikoan oinarriturik: hormigoi armatua eta dimentsio handitako beira, besteak beste. Eta etxea, bizitzeko makina bat (machine à habiter) edo erabilgarria den gauzatzat hartzen du; garai hartan gertatzen ari ziren aurrerapen industrialekin bat etorriz.
