ARTEA

«« Itzuli

Le Corbusier

Zonazioa Le Corbusier-engan

Le Corbusier-en arrazionaltasuna hirigintzan zonazioaren kontzeptuan nabari da. Hiria funtzioen arabera zonatan banatzea proposatzen zuen. Ez da kontzeptu zurruna, denborarekin garatuz joan zen zerbait baizik. Zonazioak azpian duen ideietako bat estandarrarena da. Estandarra funtzio jakin bati dagokion errendimendurik handieneko tipoa da, baliabide gutxien eskatzen duena.

Itxura denez bere jaioterriaren, La Chaux-de-Fonds-en, azterketak gauza asko inspiratu zizkion hirigintza aldetik. Erlojugintzan diharduen herria da hura. Ez du plaza nagusirik eraikin monumentalekin. Hau enpresa industrialak dituelako da.

Hiria erabileren eta zerbitzuen arabera antolatu beharra ikusten du. Hiru hiri beharko lirateke hiriaren barruan: lanarena, bizitokiarena eta edertasunarena.

Unité d'habitation

Marseillako Etxebizitza-unitatea

Hirien erdialdeak lasaitu egin nahi ditu, baina dentsitatea handituz. Dentsitateak 1.000 biztanle hektareakoraino igotzea proposatzen du. Zirkulazio-bideak banandu egin nahi ditu: oinezkoak alde batetik eta ibilgailuak bestetik. Landatutako eremuak handitu nahi ditu. Eraikinek ahalik eta lurzorurik gutxiena hartu beharko lukete. Kale-sareak 400 metrotik 400 metrora izan beharko lituzke kaleak, hori delako bere ustez automobil-erabiltzaileak bere autoa hartu aurretik egin dezakeen bidea. Hiria organismo baten antzeko zerbait da, bere zelulekin.

1920an, Le Corbusier-ek Hiri Garaikidea izeneko kontzeptu bat aurkitu zuen. Hiri berri hori ezin hobea izango litzateke eraginkortasunez eta ezin atseginagoa biztanleentzat. Hiri osoa parke bat litzateke. Etxe orratzen artean espazio zabalak izango lirateke. Lurzoruaren %5 baino gehiago ez lukete okupatuko eraikinek. Espazio zabal horiek argitasun ugari, aireberritzea, aisiarako lekua eskainiko lukete. Garraioa hiri osoari begira antolatuko litzateke eraginkortasunik handiena lortzeko. Autopista lasterrek eta erdialdean kokaturiko aparkalekuek trafiko-arazoak desagerraraziko lituzkete eta segurtasun handiagoa bermatuko lukete.

1925ean Pariserako Voisin Plana diseinatu zuen. Plan horretan Senaren ipar aldeko ibaiertzeko guztia eraistea eta bertan Hiri Garaikidearen bertsio txiki bat eraikitzea proposatu zuen. Ez zen ordea inoiz gauzatu. Errealistagoa zen 1933-1935 bitartean diseinatu zuen Hiri Erradiatzailea. Honen bertsio bat Ingalaterrako Roehampton-en eraiki zuten 1958an.

Hiri erradiatzailea

Le Corbusier-en Hiri erradiatzailea, 1920

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europan etxebizitzen arazoa inoiz baino larriagoa zenean, Le Corbusier-ek aukera ona izan zuen bere teoriak praktikara eramateko. Marseillan 1952an Etxebizitza-Unitatea egin zuen hogeita hamar urtetan zehar hausnartutako ideiak gauzatuz. Hamazazpi solairuko etxea da 1.600 biztanle hartzeko pentsatua. Eraikinaren barruan etxebizitzez gain, dendak, klubak, hotela eta bilkura-aretoak daude kale moduko batzuen bidez lotuak.