ARTEA

Ludwig Mies van der Rohe

1886an jaio zen Aachen-en, Alemanian. Gaztetan aitarekin batera hargin-lanetan aritu zen eta Lanbide Eskolan ikasi zuen. 1905ean Berlinera abiatu baino lehen, hainbat eraikuntza-proiektutan hartu zuen parte. Ondoren, arkitekto gaztea Art Nouveau-ko diseinatzaile zen Bruno Paul-ekin lan egitera abiatu zen.

1906an, hogei urte zituela, bere lehen enkargua jaso zuen: Alois eta Sophie Riehl bikotearentzat etxe bat eraikitzea. Ondoren, Peter Behrens-en (garai hartan Alemaniako arkitekto nagusienetakoa zenaren) eskutik diseinurako trebetasuna landu zuen. Karl Friedrich Schinkel prusiarraren eraikinak eta Frank Lloyd Wright estatubatuarraren arkitektura ikertu zituen. 1912an Behrens-ekin lan egiteari utzi eta bere bulegoa ireki zuen. Schinkel-en estilo neoklasiko sinplifikatuaren eragin nabarmena zuen bere lehen garaiko arkitekturak. 1913an, Ada Bruhn-ekin ezkondu zen.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, etxe orratzak ikertzen aritu zen eta proposamen berritzaileak aurkeztu zituen, beiraz estalitako altzairuzko egitura izango zuten dorre batzuen inguruan. Mies gaztearen proiektuak aurrera atera ez izan arren, haren dorre berritzaileek laudorioak jaso zituzten.

1921ean, bere emaztearengandik eta alabengandik banandu zen eta izena ere aldatu zuen egoera eta status berriaren seinale: Ludwig Mies van der Rohe izena hartu zuen.

1920. urtearen hamarkadan Berlineko abangoardiako giroan murgildu zen. Bitartean, Wolf etxea bezalako esperimentu espazialak egiten jarraitu zuen. Hainbat neurritako espazio laukizuzenez osatutako eraikin asimetriko honetan, Mies-ek bere karreran zehar ikertuko dituen ideia gehientsuenak azaltzen dira: barne-antolamendu malgu eta mugikorra eta kanpoaldearen eta barrualdearen arteko erlazio estua, esaterako. Adreilu eta beirazko eraikin berritzaile honek, ordea, ez zuen ospe handirik ezagutu; izan ere, II. Mundu Gerraren ondoren, erabat suntsitua geratu baitzen.

Wolf etxea

Wolf etxea, 1925-1927, Gubin-en, garai hartan Polonian

Beirazko etxeak, kanpoaldera begira

1928an, Stutgart-en banku bat eta bulegoak biltzen zituen eraikinaren proiektu-lehiaketa batean parte hartu zuen; beirazko itxitura zuen egitura bat aurkeztu zuen, letra handiz osatutako panel gardenekin.

Urte berean, bere obra ezagunetako bat diseinatu zuen: 1929an ospatuko zen Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako Alemaniaren Pabiloia. Zeremonia-egoitza honetan, Mies van der Rohek lau marmol-mota ezberdin eta kolorezko beirak erabili zituen libreki, egituraren morrontzarik gabe, hormak osatzeko. Horrela, barne-espazio dinamikoak sortu ahal izan zituen, barnealde eta kanpoaldearen arteko mugikortasuna erraztuz. 1930ean desegin zuten arren, 1986an berreraiki zuten.

Espazioaren mugikortasunaren kontzeptua are gehiago garatu zuen Tugendhat etxebizitzan (1930, Brno, Txekoslovakia). Egongelak Bartzelonako egoitzaren antzeko banaketa malgua zuen eta, sabaitik zintzilikatutako oihalei eta beirazko horma bilgarriei esker, egoitzaren pribatutasuna edo irekitasun-maila nahi bezala alda zezaketen. Mies-ek Europan egingo duen azken eraikin garrantzitsua izango da.

Tugendhat

Tugendhat etxea, 1930, Brno, Txekoslovakia

Ondoren, Bauhaus Eskolako zuzendari izan zen garai batez, lehenik Dessau-n, ondoren Berlinen. II. Mundu Gerraren ondorioz, ordea, Eskola itxi zuten eta, arkitekturan aurrera egiteko zailtasunak ikusita, urte batzuen buruan, 1937an, hain zuzen, AEBetara abiatu zen. Ordurako, Mies van der Roheren arkitektura ezaguna zen AEBetan.

Mies-en arkitekturaren arrakasta AEBetan

Resor etxea (1937-1943) izan zen lehen enkargua; ondoren, Chicagoko Teknologia Institutuko eraikinak eta campus berria diseinatu zituen. AEBetako haren obraren ezaugarri izango den altzairua agerian duen egitura lantzen hasi zen bertan, irudi industrialaren bitartez, institutuaren eginkizun teknologikoa islatuz.

Garai honetan arkitekto alemaniarrak bere etxerik famatuenetako bat eraiki zuen: Edith Farnsworth sendagilearen etxea, Chicagon. Farnsworth etxea (1945-1951) beiraz eta altzairuz eginiko kaxa gardena da, diotenez, inoiz diseinatu den etxerik minimalistena. Bi azal mugikor ditu, berdegunearen gainean zintzilik baleude bezala, eta kanpoaldetik barrualdera (beirazko itxitura duen gela bakarra) igarotzeko eskailerek, laukizuzen txikiek, ere airean daudela dirudite.

Farnswoth

Farnsworth etxea, 1945-1951, Chicago

Hurrengo hamarkadan, espazio irekien eta malguen kontzeptua garatzen jarraitu zuen, neurri handietan. Haren arkitektura Bartzelonako espazio modularretatik aldentzen zen, Farnsworth etxeko beirazko kaxa bakarrerantz abiatuz. 1953an, Chicagoko Institutuak beste eskaera bat egin zion: kirolgune eta biltzar-areto bezala erabil zitekeen eraikina. Convention Hall proiekturako egitura-sistema berritzaile bat diseinatu zuen Institutuko hiru ikaslerekin batera. Sabaia sareta-habez eginikoa zuen eraikuntza zen eta 50 mila pertsona biltzen zituen. Hala eta guztiz ere, ez zuten proiektua ontzat eman. Izan ere, haren kideek ez zuten eraikin-mota horren erabilgarritasuna ikusten.

Etxe orratzak eraikitzeko aukera azkenean

Garai honetan Mies van der Roheren ametsetako bat egia bihurtuko da: beirazko etxe orratzak eraikitzea. Lake Shore Drive-ko apartamentu-dorre bikiak (Chicago, 1949) eta Seagram eraikina (New York, 1954-1958) eraikiko ditu. Seagram brontzezko eraikinak hiriko bulego-lantegien bidea urratu zuen. Ondorengo hamarkadetan altxa diren etxe orratzek altueran erraz irabazi dioten arren, oso arkitekto gutxik lortu dute Miesen arkitektura itxuraz sinplearen dotorezia.

Seagram

Seagram eraikina, 1954-1958, New York

Mies-ek, bizitzaren azken hamarkadan, AEBetan eta atzerrian eraikuntzak diseinatzen jarraitu zuen. Jada arkitekto alemaniarraren ospea mundu osora zabalduta, hainbat sari eta ohore eskuratu zituen; besteak beste, 1963an, Presidential Medal of Freedom jaso zuen, AEBetako presidentearen eskutik.

1962an amaiera borobila suertatu zitzaion Miesi; izan ere, arte garaikidearen erakusleiho izango zen Berlineko Nationalgalerie berria diseinatzera gonbidatu baitzuten. Beirazko itxitura diseinatu zuen eta sabaia zortzi zutabetan oinarriturik zeukan, ia-ia hegalkinean. Erakustokia 1968an ireki zenean, Mies jada oso gaixorik zegoen. 1969ko udan hil zen.

Mies van der Rohe arkitekturaz

"Arkitektura, kanpoan dagoen munduaren aurka gizabanakoak sortzen duen babesaren adierazpena da; eta nola hori garaitzen saiatzen garen. Espazioaren inguruan hartzen dugun erabaki espiritualaren adierazpena irudikatzen du beti." Ludwig Mies van der Rohe, 1928.

 

Illinois-eko Teknologia Institutua

IIT

Illinoiseko Teknologia-Institutua

Kasu honetan Mies-ek campus oso bat proiektatzeko aukera izan zuen. Batasun baten barruan eta diseinu geometriko argiaz antolatu zuen dena. Eraikinak erdiko ardatz baten inguruan daude kokatuta eta modulu baten araberakoak dira.

 

Berlingo Galeria Nazional Berria

Galeria Nazional Berria

Berlingo Galeria Nazional Berria

Eraikin hau altzairuzko eta beirazko kaxa bat da. Galeria nagusiak kalea baino beherago ditu eta leihoak gabe beirazko horma bat dituzte hango gelek. Goiko solairua kaleko mailan dago, terraza irekiz inguratuta, Calder eta Henry Moore-ren eskultura handiekin.