ARTEA

«« Itzuli

Ludwig Mies van der Rohe

Alemaniaren Pabiloia, modernitatearen ikur

Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako Alemaniaren Pabiloia arkitektura modernoaren obra gailenetako bat da. Beiraz, altzairuz eta lau marmol-motaz osatutako egoitza hau Alfontso XIII.ak egin zuen bisita ofiziala ospatzeko eraiki zen.

Harrizko zokalo bat du oinarrian eta hormigoizko xafla fina teilatu gisa. Marmolezko eta beirazko trenkadak arduratzen dira eraikinaren guneak banatzeaz edo elkartzeaz hurrenez hurren. Horma horiek espazioa malgutasunez antolatzen dute, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko oztopoak gaindituz.

Marmolezko eta beirazko hormak

Kanpoaldeko bi urmaelek osatzen dute Miesen obra. Handiena terraza irekian dago eta bigarrena patio itxi batean eta handienarekin angelu zuzena osatuz, pabiloiaren beste aldean. Urmael txikiaren ertz batean, Georg Kolbe-ren Morning izeneko brontzezko emakume baten eskulturaren borobiltasuna eraikinaren geometria zorrotzarekin alderatzen da

Hustasuna eta sinpletasuna dira Pabiloiaren ezaugarri garrantzitsuenak; Miesen gehiago gutxiago da esaldi famatua ederki egokitzen zaio Bartzelonako eraikin horri. Izan ere, eraikinaren barnealdean eserleku bakar batzuk besterik ez dira ikusten, adibidez, Bartzelona aulkia, Mies van der Rohek Pabiloi honetarako bereziki sortutako larruzko eta metalezko aulkia. Ondoren, Bartzelona aulkia diseinu modernoaren ikur bihurtu da.

Erakusketaren ondoren eraikina desarmatu egin zuten. Hala ere, Pabiloiak arkitektura modernoan izan duen eraginaren ondorioz, 1986an berreraiki egin zuten.